Lasai egoteko deia egin dute abeltzainek mingain urdin kasu bat atzeman ostean
Mingain urdinaren eragina zehazteko zain, abereek ekoitzitakoa kontsumitzea «segurua» da abeltzainek gogora ekarri dutenez. Txertaketek eragin ditzaketen abortuen aurrean «kezka» agertu du Juanito Azkue Oiartzungo Abeltzainen Elkarteko presidenteak.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Urriaren amaieran baieztatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak mingain urdin gaixotasunaren kasu bat detektatu zela Oiartzungo etxalde bateko ardi batean. Nabarmendu beharreko lehen gauza da, ardiez gain, ahuntzei eta behiei ere eragin ahal diela gaitzak eta ondorioz, kutsatzeak eman daitezkeela etxalde bereko abereen artean eta agerraldia azkar zabaldu ahalko litekeela azoketan eta antzekoetan. Era berean zoonisirik, alegia, animalietatik pertsonetara kutsatzeko aukerarik ez dagoela zehaztu behar da. Eragina zenbatekoa den jakiteko zain, «kezka nahiko handia» badutela baieztatu du Naiz Irratiarekin Oiartzungo Ergoien auzoan elkartutako Juanito Azkuek, batez ere «umatzeko garaia» heldu delako.
160 abelburuz osatutako artaldea du Oiartzungo Abeltzainen Elkarteko presidente ere baden Azkuek. Eta mingain urdinak sortu duen beldurrari buruz, baieztapen garrantzitsua egin du Eguberri jaiak gerturatzen ari diren honetan; ez dago arazorik animaliok ekoitzitako elikagaiak kontsumitzeko. «Ez dago deusen arriskurik. Hala esaten dute eta hala da. Bakarra jendea ikaratu egiten dela eta hori nahiko arrisku da», azaldu du abeltzainak, «lasai erosi gazta eta arkumea ere bai».
Euskal Herriaren inguruko lurraldeetan, bereziki Espainiar Estatuko hainbat zonaldetan, luzaz ezagutzen dute mingain urdina eta Azkuek gogora ekarri duenez, Euskal Herrian «orain dela 17 urte lehenbiziko kasua izandu zen eta orduan txertaketa abiatu zuten eta orain dela hiru urtera arte txertatzen ibili dira». Txertaketa berri bat iragarri du aldundiak eta Azkueri horren berri eman badiote ere, momentuz ez dira haren etxaldean bertaratu. Txertoak eragiten dien zalantza nagusia da, haurdun dauden ardiei eragin ahal dizkien abortuak, duela urte batzuetako txertaketan halakoak eman ziren-eta.
Baina Gipuzkoan jada martxan diren mugikortasun murrizketekin batera, txertoa da mingain urdinari aurre egiteko duten baliabide nagusia, garaiz artatu ezean ondorioak larriak izan daitezkeelako. Juanito Azkueren esanetan, «ardiak batez ere jateari uzten dio, ezin izaten du urik edan eta orduan deshidratatu egiten da. Gero ultzerak ateratzen zaizkio hesteetan eta egun gutxian, zerbaitetan ez bada laguntzen behintzat, hil egiten da».