«Sentsibilizazio lana egiten jarraituko dugu ikusten ez diren errealitate horiek bistaratzeko»
Pasa den astelehenean epaitu zuten gutxienez bost gizon hiltzea egozten dioten gizona. Baina epaiketa hori kasuaren hari mutur bat baino ez da. Kasu hori ezagutu eta bertatik ondorio zabalagoak ateratzeko, NAIZ Irratian izan da Joxean Zapirain, Gehituko kidea
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Duela 4 urte inguru gizon batek bere etxean gertatutako hilketa saiakera bat salatu zuen, aplikazio baten bitartez beste gizon batekin geratu ondoren. Salaketa honek, ikerketa lerro oso bat zabaldu zuen arinagotik dagoeneko zabalik zegoen beste ikerketa baten kasuen antzekotasunaz jabetuta. Ikerketak aurrera egin ahala, gutxienez beste 5 kasu aurkitu izan dira. Joan den astelehenean epaitu zuten hilketa horien ustezko egilea.
Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak, Gehitu-k, hurbiletik bizi izan du auzia. Joxean Zapirainek, Gehituko kideak, esan du «zaila» dela «hain kasu konplexua hitz gutxira ekartzea». 2021a geroztik guztira 9 kasu izan direla azaldu du. «Kasu horien artean bi, behin betirako artxibatuta gelditu dira, beraz zazpi daude irekita. Horietako bost hasiera batean artxibatu egin ziren, ustez ez zegoelako zantzurik. Denborak aurrera egin ahala agertu dira zantzuak eta ezarri ahal izan da lotura zuzena pertsona batekin: akusatuarekin».
Auzi bideak aukera ematen du Gehitu bezalako elkarteak herri akusazio bezala aurkezteko eta «instrukzioa eta gertatu zena argitzen laguntzeko» helburuarekin hala egin dute. Zapirainen hitzetan bide «zail eta malkartsua» izan da. «Epaileei ez zaie asko gustatzen herri akusazioaren figura, akusazioa bikoiztu egin ohi delako». Gehituren kasuan, oztopoak besterik ez dituztela esan aitortu du Zapirainek, «kasu batean 3.000 euroko fidantza eskatzen ziguten herri akusazio bezala aurkezteko. Beste kasu batzuetan normalean nahitaezkoak ez diren beste baldintza batzuk eskatu dizkigute».
Oztopoak oztopo, kasuak daramatzaten abokatuek lortu dute, modu batera edo bestera, aurkeztu ahal izatea. Hain zuzen ere, kasu horietako batean herri akusazio bezala aurkeztu ordez, familiaren akusazio partikular bezala aurkeztu behar izan dira.
Prozesu judizialaren inguruko balorazioa egin izan dute maiz, «alde guztietatik hobetzeko kontuak» izan direla iritzita. «Herri erakundeen artean, adibidez, oso harrigarria iruditu zaigu Bilboko Udala ez aurkeztu izana akusazio bezala. Adierazpen bat egiteaz gain, ezer gutxi egin du». Operadore juridikoen jarduna ere «kaxkarra, ahulezia handikoa» iruditu zaie Gehituko kideei. Sentitu dute fiskaltzak ez diela «batere lagundu ikerketak bultzatzen». «Azken batean, epaiketa haiek egingo dira, kasuak itxiko dira egunen batean, baina uste dugu badagoela zer hobetua justizia administrazioan eta baita herri erakundeen sentsibilizazioan ere, LGTBI kolektiboari dagozkion auzi bideetan».
Gainera, epaitegi eta auzitegi desberdinak ari dira akusatua bera epaitzen. Joxean Zapirainek adierazi du ez daukala «inolako logikarik baliabideen eraginkortasunari dagokionez». Eta nahiz eta elkarteak denak batera epaitzeko eskatu, epaileek atzera bota dute eskaera.
Hedabideen rola
Auzi judizialetik kanpo, hedabideek izan duten rola ere asko aipatu da. Gehitu elkartea «saiatu» izan da hedabideei jarraibide batzuk ematen eta beraien jarduna zertan hobetu dezaketen azaltzen. «Ez da gure egin beharra, baina hasieran ikusten genuen batzuetan lerroburuetan bilatzen zela nolabaiteko sentsazionalismo bat». Geroztik agertu diren lerroburuek beste zentzu bat izan dutela uste du Joxean Zapirainek, «emandako jarraibideek behintzat zerbaitetan lagundu dutela sinetsi nahi dugu».
Argi dute aurrerantzean izango duten egitekoa: «litigio estrategikoan» parte hartzea eta «sentsibilizazio lana egiten jarraitzea ikusten ez diren errealitate horiek bistaratzeko».