IRRATIA

«Nahiz eta sistema berria esperimentala izan, prezioak normalizatzeko bidea egingo du»

Alokairuen prezio muga azaroaren 25ean sartuko da indarrean. Tentsio eremuko 24 udaletan ezarriko da. Alokairuen behatokiak egin duen merkatuko prezioen bilketatik finkatutako batez besteko hein bat du oinarri. Proposamenaz aritu da Ainize Butron, Alda kolektiboko kidea, NAIZ Irratian.

ALDA kolektikoaren ekintza Miarritzen, 2023ko ekainean (Guillaume Fauveau)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Azaroaren 25etik aurrera, Ipar Euskal Herriko tentsio guneko hirietako etxebizitza pribatuei aplikatuko zaie alokairu mugatzea. 24 herritan sartuko da indarrean, beraz; Lapurdikoak denak.

Alokairu pribatuen mugatzeko neurria Frantziako Estatuak onartu duen esperimentazio bat da, duela lau urte plantan eman zena Parisen, eta geroztik Bordelen, Lyonen eta Montpellierren indarrean dena.

2020ko udazkenean sortu zen Alda Kolektiboa, jendarte herrikoietako jendetza, familia eta pertsonen interes eta xedeak defendatzeko asmoz. Ainize Butron kolektiboko kideak azaldu du hastapenetako lehenengo urratsa diagnostiko bat osatzea izan zela eta identifikatu zuten lehen arazoa etxebizitza turistikoena. «Ordutik konpentsazioa neurria jarri da eta, orain, bigarren urrats bat emango da: alokairuen mugatze indartua». Azken garaiotan, konpentsazio neurriaren bitartez, etxebizitzaren prezioa «egonkortzen» ari dela adierazi du, baina alokairuen prezioak handitzen jarraitzen duela.

Berritzen diren kontratuei begirakoa izango da azaroaren 25ean indarrean sartuko dena eta irizpide zehatz batzuk egongo dira prezioak zehazterako orduan. «Hiru zonaldetan banatuko da eta etxebizitzaren tipologia ere izango da kontutan. Irizpideak kontuan harturik prezioak desberdinak izango dira».

Dena dela, jabeak %20 ahalko du igo prezioa mugatik. Ainize Butronek zehaztu duenez beti ere igoera horrek zentzua duela frogatzen bada, «badaude baldintza batzuk eta alokatzaileei tentuz begiratzeko esan diegu». Nahiz eta ezarriko den sistema berria esperimentala izan, garrantzitsutzat dute Alda kolektibokoek «prezioak normalizatzera» bidea egingo baitu.

Isunak ere egon daitezke jabeentzat, 5 mila eta 15 mila euro artekoak. Baina, edonola ere, kontratua duenak salatu beharko du. Butronek eman du honen azalpena: «Jabe batek ez badu araudia errespetatzen, akordio batera heldu ezean, alokatzailea departamentuko egitura juridiko batean ahal izango du salatu». Ez bada betetzen, isunera arriskatuko da jabea.

Babes sozialeko etxeen eraikuntzari dagokionez, Butronek azaldu du «eskasia» handia dagoela. Bigarren etxebizitza eta etxe huts asko daudela Ipar Euskal Herrian. Datu esanguratsua eman du: «hemengo biztanleriaren %79ak lortu lezake etxebizitza sozial bat». Baina hiru urteko epea dago eskatzen denetik lortzeraino. Eta, beraz, eraikitzea baino, «etxe zaharrak eraberritzearen apustua» egiten dute.

Konpentsazio neurria eta tentsio guneak

Momentuz ez dute datu zehatzik, baina konpentsazio neurriaz balantza «positiboa» egin dute Alda kolektibotik. «Etxebizitza turistikoen tsunami bat ari zen gertatzen, parke pribatua utzi eta etxe turistikoz betetzen. Orain apaltzen doa egoera». Hala eta guztiz ere, hemendik urte batera egoera zein den ikusi beharko dela azpimarratu du, «ea zenbat itzultzen diren urteko alokairura, prezioak zenbatekoak diren, zein egoeratan...».

Orain dela urtebete tentsio eremua handitu egin zen, 12 herri berri sartzeraino. Herri horiek konpentsazio neurriko lurraldeak sartzeko eskaera egin dute Alda kolektibotik, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.