Adimen artifizialaren eragina kazetaritzan, galderak nagusi erantzun argirik gabeko garaian
Mundu osoko komunikazioaren sektoreko profesionalak elkartu ditu ‘Trust conference’ ekimenak Londresen. Teknologiak informazioaren arloan sortu dituen erronkak dituzte hizpide. Adimen artifiziala eta enpresa teknologiko handien boterea dituzte aztergai, besteak beste.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Urriaren 22 eta 23 honetan ari da osatzen Thomsom Reuters fundazioak antolatutako ‘Trust conference’ ekimena Londresen. Komunikazioaren sektoreko profesionalak ari dira parte hartzen ekimenean eta tartean Iñaki Soto, GARAko zuzendaria.
Adimen artifiziala da aurtengoaren gida lerro nagusia. NAIZ Irratian azaldu duenez, Sotok konstatatu ahal izan du antzeko erronkak dituztela mundu osoko komunikazio proiektuek eta baita zalantzak ere. Lehen ondorio bat, informazio faltsuari edo «fake news» delakoei lotutakoa, «iturri nagusia ez da adimen artifiziala, politikariak edo kazetari txarrak, baizik». Teknologia berri honen «mamu horretan» gure burua kokatzeko bide ere eman dezake, «agertzen ari dira guretzat interesgarriak diren ondorioak, adibidez adimen artifizialak hizkuntza gutxituetan izan dezakeen erabilera positiboa».
Parean antzeko zalantzak eta galderak dituzten profesionalak eta esperientziak ari dira azaltzen konferentzian, «sektorea enegarren krisian dado eta orokorrean diagnostikoan denok egiten dugu bat, soluzioen alorrean oso konplikatua da zerbait asmatzea». Sotok «eskala»-ren garrantzia azpimarratu du, gurea bezalako herri txiki bateko komunikabide txikiok beste gauza batzuk egin behar ditugu aurrera egin nahi badugu».
Botere neurri gabea
Teknologia enpresa handiengan ematen ari den botere kontzentrazioa ere aipatu du Sotok, konferentzian lantzen ari diren gaien artean, «enpresa teknologiko handiek daukaten askatasun neurri gabe hori pentsaezina da beste edozein sektoretan». Etorri daitekeenari begira Facebookekin hedabideek izan duten esperientzia ekarri du gogora Sotok, «ematen diezu euren negozioa, gero beraiek nahi dutenean itzali egiten zaituzte eta salduta zaude».