IRRATIA

Aro berri bat NAIZentzat «eragiteko gaitasuna ardatz», Ane Urkiri buru

NAIZen zuzendari berria da Ane Urkiri, ‘Egin’-en eta GARAren oinordetza aldarri hartu du lekukoa, baina garai honen erronkei begira jarrita buru-belarri. Komunikazio proiektu honen gizartean «eragiteko gaitasuna» azpimarratu du NAIZ Irratian.

Ane Urkiri NAIZen Bilboko erredakzioan (Marisol Ramirez | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Kazetariek elkarrizketak egin egin ohi dituzte normalean, horregatik beti dira bereziak kazetariei egiten zaizkienak. Ane Urkirik NAIZeko zuzendari gisa egindako lehena aurreko zuzendariak, Iñaki Altunak, egin ziona izan zen eta bigarrena, orain dozena bat urte fakultatean ikaskide zuen Hegoi Belategik egindakoa izan da, NAIZ Irratian, «duela hamar urte adierazi ziguten egoera bizi duguna baino beltzagoa zen, kazetaritza beharrezkoa da eta belaunaldi berriek ere eskatzen dute».

Digitalean sortu zen NAIZ, «digital first» paradigman aitzindari izan zen eta GARAren bueltan eraikitako komunikazio proiektuaren trantsizio digitalaren lema eraman du, «urrats hori egonkortuta dago, orain urrunago joan behar dugu, arreta audientzian jarri behar dugu, gure komunitateak dauzkan kezkak eta beharrak aseko dituen lan horretan», Ane Urkiriren esanetan.

Bide berriak ditu urratzeko proiektu komunikatibo honek Urkiriren zuzendaritzapean, baina iragana aldarri: «askotan esaten da atzera ez dela begiratu behar, baina nik uste dut begiratu behar dugula, zer kazetaritza egin dugun ikusteko, zer eragiteko gaitasun izan dugun konturatzeko». Artefaktuaren ariketak erakusten du bere esanetan ‘Egin’-ek lehenbizi eta GARAk eta NAIZek ondoren izan duten gizarte eragina, «eragiteko gaitasuna eduki behar dugu, aurreko bideak azaldu digu kazetaritza kontatze hutsetik harago doala, badaude hedabide asko, batzuk iturri ofizialen erreplika huts, euskal herritarrak ardatz izanda gure komunitateari begiratu behar diogu, kazetaritza on batekin eta eragiteko gaitasunarekin».

Ardura berria hartuta aurreko zuzendaritzaren eta lankideen babesa nabarmendu ditu Urkirik, «indarra ematen du hurbilekoen pozak eta babesak; askotan esaten da ahaldundu egin behar garela emakumeak baina albokoen konfiantza hori beharrezkoa da halako erronka bati heltzeko». Lan taldea nabarmendu du, «profesional izugarriak dira» eta elkar babesa, «nigan konfiantza daukate eta nik heurengan ere konfiantza osoa dut».

Aurrekoak eta bidaideak

NAIZen sorreratik Iñaki Altuna izan da proiektu honen zuzendari, «beti izan da itzalpeko lankidea», dio Urkirik, «zuzendari izanda ere ez da publikoki gehiegi agertu zalea izan, erreferente handia izan da ‘Egin’-etik, egin duen lanagatik, kazetari gisa erreferentea izan da politikan eta gatazka armatuaren inguruko informazioan». Nabarmendu du bere zuzendaritzapean komunikazio proiektuak garaiak behar zuen garapena izateko gaitasuna izan duela, «proiektu honekiko erakutsi duen konpromisoak eta kazetaritza on eta zorrotz horrekiko eskuzabaltasunak eraman du etxe honetan estimatua izatera».

Iñaki Sotok GARAko zuzendari izaten jarraituko du, «orain arte lankide oso ona izan da eta orain alboan izango dudala bidaide ezin hobea izango da, duen esperientziagatik eta oso lagunkoia delako». NAIZen zuzendari lanetan Ruben Pascual izango du alboko Urkirik, «hasieratik lankide eta lagun sentitu dut eta garrantzitsua da hori horrelako ardura bat hartzean».

«Albiste onenak emateko ditugu oraindik»

NAIZen ekosistema ere aldarrikatu du Urkirik; Gaur8, 7K, Irratia, Mediabask eta Kazeta... «Euskal herritarrak ardatz dituen hedabide integral bat gara eta bide horretan egindako apustua indartuko dugu».

Hamarkada luzetako ibilbidea duen komunikazio proiektua da hau eta oraindik kontatzeko asko duena, Urkiriren esanetan, «‘Egin’ beharrezkoa izan zen, hura gabe gertakari asko ez ziren ezagutuko, GARA gabe ere ez eta NAIZek ere bide hori egin behar du orain, albiste onenak emateko ditugu oraindik eta badakigu nola egin».