«Murrizketarik ez da izango, etengo dena zigorren luzaketa da»
Zigorren batura bertan behera uztea urrats «baikorra, baina berandu datorrena» dela uste du Sarek. NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan legea berehala aplikatu eta oztopo gehiago ez jartzeko eskatu die Beñat Uribe-Etxeberriak auzitegiei.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
52 euskal presori eragiten die lege erreforma honek, alegia, euren espetxe kondenak gutxituko dira Frantziako kartzeletan betetako urteak kontuan hartuko zaizkielako. 52 haietatik 48 Euskal Herriko kartzeletan daude, eta lau Estatu frantsesean.
Preso kopuru haietatik 7k kondena beteta izango dute kalkulua egiterakoan. Sarek argitu du kasu batzuetan 2021 edo 2022an kalean egon behar luketela Europako legea bete izan balitz. Kalean daduen 15 pertsonek, gainera, lege hau beteta lehenago behar lukete aske.
Lege erreforma hau onartu den uneari erreparatuta, Saretik positiboki baloratu bai, baina argi utzi duzue berandu datorrela lege erreforma.
Betiere jakin behar da kokatzen zein momentutan datorren erreforma eta berandu datorrela uste dugu. Urteak daramatzagu salbuespen legedia indargabetzeko eskatzen, urteak daramatzagu bakea, konponbidea eta elkarbizitzaren alde lanean aldarri egiten. Baina ezin gera gaitezke horretan geratu. Noski pozarren hartzen dugula horrelako albiste bat. Hain zuzen ere, urteak daramatzagulako hau aldarrikatzen eta pixkanaka-pixkanaka aldarri horiek lortzen goazela ikusteak pozten gaitu.
Prozesua bera, eta PPk azken urteetan daramakin estrategiari fidel, nahiko eskandalagarria izan da lege erreforma aurrera ateratzeko bidea. Baina puntu honetan badira zehaztea komeni diren kontu batzuk. Lehena, Europako Batasunetik zetorren agindu baten ondorioz egin dela erreforma, ezta?
Normaltasun juridiko batera heltzen den erreforma bat da. Zenbait alderdi eta mediok berriro ere konponbidearen eta elkarbizitzaren prozesuari trabak eta oztopoak jartzeko erabili badute ere, guk eta, esango nuke, oro har euskal gizarteak, argi ikusi du 7/2014 lege hau erreformatzea edo berritzea.
Esan behar da ere gezurra dela ETAko kide ziren presoei kondenak murriztuko dizkietenik. Ezarri zaizkien urteak beteko dituzte, Estatu kide bateko eta besteko espetxeetan emandako urteak aintzat hartuz.
Hemen murrizketarik ez da izango, etengo dena da zigorren luzaketa. Demagun zenbait presok frantziar Estatuan pasa bazituzten 10 urte, gero espainiar Estatura etorri eta zigor berria jartzean, aurrez Frantzian betetako zigorrak gehitzen zaizkiela. Zigor gehigarri bat ezartzen da eta salbuespena sortu.
Badirudi gainera, lege erreforma honek euskal presoei soilik eragingo diela. Baina berez, ez al dio Europar Batasuneko beste Estatu batean espetxealdia pairatu duen edozeini eragingo?
Lege erreforma irakurriz gero ikusten da ez dela inolaz ere zentralizatu euskal presoetan, nahiz eta eragin nabarmena izango duen. Lege erreforma honek Europar Batasuneko beste edozein Estatutan ordaindutako zigorrak kontuan hartzeko balioko dio espainiar Estatuan zigorra betetzen ari den edozein presori.
PPren lege erreforma batean zegoen salbuespen egoera bermatzen zuen gakoa. Nolakoa zen orain arte frantziar Estatuan kondenaren zati bat bete zuen euskal preso baten egoera, espainiar Estatuko batera lekualdatzean?
Preso batek frantziar Estatuan 15 urte bete bazituen eta gero espainiar Estatura ekarri, berriz ere epaitu eta zigor bat jarri bazioten –demagun 30 urteko zigorra– Frantziakoak kontuak hartuko ez litzaizkiokeenez, 45 urteko zigor baten aurrean legoke. Alegia, biziarteko espetxe zigorra. Honek ez dio Europako legeari zentzurik ematen.
Berandu beraz, baina lege erreforma onartu da eta ezustekorik ezean, egun batzuetan sartuko da indarrean. 52 euskal presori eragingo die neurriak, batzuk libre gelditzea eraginez. Epeez hitz egiten has gaitezke? Oztoporik jartzea espero dezakegu?
Espero dezakegun, ba espero ezetz. Kongresuak hasitako bidea epaitegietan ere arduraz hartuko dutela espero dugu. Epeez hitz egitea oraindik azkarregi ere izango da, epeak ez dira argiak izango. Dena ondo bidean eta aurrera egingo badu ikusiko dugu zein erritmotan eta zein mailatan izango den.
Salbuespen neurri bat gutxiago beraz; hemendik aurrera non jarriko du indarra Sarek?
Ez zaigu asko aldatuko diskurtsoa. Salbuespen lege batekin amaitu badugu ere, oraindik lehen jorratzen genituen hiruretatik birekin jarraituko dugulako: Entzutegi Nazionalaren forma hori, lurralde auzitegietara pasatzea eskatzen duguna eta baita ere 7/2003 legea, Aznarrek 2003an bidean jarri zuena eta honek ere suposatzen diena hainbat euskal presori biziarteko espetxe zigorra.
AVT eta Covite bezalako biktimen elkarteetatik oso haserre mintzatu dira, kargugabetzeak ere exijituz. Ulertzen duzuen hauen jarrera, ETAk armak utzi eta desegin zenetik urte dezente igaro direnean?
Biktimekin ez gara eztabaidan sartuko, beraien mina ere ulertzen dugulako, baina noski ez dugula konpartitzen diskurtsoa. Iruditzen zaigu euskal preso, iheslari eta deportatuen auzia amaitzeak herri honi ekarriko liokeela elkarbizitzarako behar den pauso bat. Ulertzen dugulako dena ere bide bat dela, elkarbizitzarako bidean gatazkaren konponbide guztiak itxi behar direla, baina horrekin batera biolentzia desberdinen biktimak aitortu eta erreparatu. Azken egunetan entzundako diskurtsoek sortzen dute eztabaida eta harrabotsa, baina eztabaida antzuetan sartu gabe, ulertu ulertuko ditugu, baina ez dugu konpartituko beraien diskurtsoa.