IRRATIA

Nuria Culla: «Oraingoan gehiago esploratu nahi nuen musika ezberdinetan»

Bere hitzei erreparatuz gero, esan daiteke hamaika gau igaro dituela iratzar Nuria Cullak, denboraren aztarnak azalean pilatu eta sua eta isiltasunaren arteko zera hori azaleratu nahian. 'Afraid' izena jarri dio bere estreineko lanari.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Lehen bildumak beti sortzen du zirrara adina ezinegon, baina nolakoa izan da prozesu hori Nuria Cullarentzat? «2018an lehen EP txiki bat atera nuen, akustikoagoa, baina gehiago esploratu nahi nuen musika ezberdinetan, jazz, soul eta halakoak, eta Musikenen sartzeko aukera ere ikusi nuen, eta bertan ikasitakoarekin ondu dut lan hau, lau urte hauen emaitza da». 

Bide horretan lekziorik aipagarriena zein izan den galdetu diogu.  «Batez ere musika partekatzearena izan da. Lehen disko hura bakarrik egin nuen, eta oraingo honetan, taldean jotzen ikastea, beste instrumentu batzuk entzutea eta orokorrean, partekatzea izan da, antolakutzaz gain, lekziorik handiena».

Gitarrarekin oso eroso sentitzen da Nuria, «Betidanik izan da, konposatzeko orduan, nire oinarria, bidelagun fidelena, eroso sentizen naiz, hala ere, beti pentsatu dut gehiago ikasi nahiko nukeela». Kantuetan, gitarraz gain, beste kolore asko ere antzeman daitezke, kolore hauek nola tartekatzen ote ditu? Gitarratik eta ahotsatik haratago doan ikuspegia ba ote du Nuriak? «Abesti batzuekin oso argi izan nuen zer behar zuten, musikariei ere argi eman behar diet nahi dudana, ez baitugu astero ensaiatzen, eta produkzio moduko demoak egin ohi ditut, ideia ulertzeko, eta baita erreferentziak eman ere bai. Batzuekin argi nuen zein soinu izan, eta beste batzuekin ez, hor beraien irtiziak ere entzun ditut».

Prozesu horren ostean, grabazioa ere mugarri izan ohi da. Josu Ervitirekin grabatu du diskoa eta nola joan zen kontatu digu. «Estresatu samar ibili nintzen, den nere gain hartuta, ordutegiak eta halako gauzak, eta data bat buruan izan da ez heltzeak beldurra ematen zidan. Estudioan gauzak ondo joan ziren, asteburu batean grabatu genuen instrumentazioa eta ni beste egun batean gitarrak grabatzen ibili nnitzen, eta gero ahotsak, azkenik haizeak. Egin beharrekoa argi zegoen, beraz, ondo joan zen». 

Gitarraz gain beste instrumentu asko aurki ditzake entzuleak disko berri honetan, eta zuzenekoetara disko berriko formatoa nola eramango ote duen jakin nahi izan dugu. «Transformazioa konplikatua izan da, prekariazazioa handia da, eta zaila da musikariak ekartzea, ez da beraien proiektua eta moldatzeko bidean bakarkako formatua ere eskainiko dut. Egia esan, produkzio batzuk egiten gabiltza, gitararraz gain, beste instrumentu batzuk eskaintzeko. Abesti asko,  bakarrik joz gero,  hutsik geratzen dira. Orain laukote moduan mugitzen gara, baina ezin bada,  bakarrik joango naiz edo beste batekin, soinua hain txikia izan ez dadin».

Kaleratu ostean dator lana erakusteko ordua, prozesu zaila izaten da, egiteko modu horietara ohitzea. «Ez da erraza, lehenago pentsatzen nuen atera eta listo, etorriko zela dena, itxoiten bezala. Baina orain argi dut, bakarrik zaudenean, beste pertsonarik ez duzuenan, egunero egin beharreko lana izugarria da, pendiente egon beharra dago, eta jarraipen hori nekeza da, hori kudeatzen nabil orain».