IRRATIA
Entrevue
Jose Ignacio Asensio
Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun diputatua

«Identitate abenturak egiteko beste alderdi batzuk daude, PSE ez dago horretarako»

Fiskalitatea, estatusa eta aurrekontuak direla-eta Gipuzkoako gaurkotasuna biziago dugu azken aste hauetan. Elementu hauek guztiak aletzeko NAIZ Irratian izan da Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun diputatua eta Gipuzkoako PSEko idazkari nagusia.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua, artxiboko irudi batean. (NAIZ IRRATIA)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Espainiar estatuan puri-purian dago Abalosen kasua. Astelehen honetako ‘La Razón’ egunkariko lerroburu nagusia izan da PSOEko karguek ziklo bukaeraren sentsazioa dutela. Jose Ignacio Asensiok ez du sentsazio hori. Esan du gaiari buruz «hartu zituztela erabakiak», baina momentuz «ez dago ezer berririk». Hala ere, PPren aurkako jarrera hartu du: «Esango nuke teatralizazio handia dagoela PPren aldetik. Barruko liskarrak dituzte eta horiek kudeatu behar dituzte. Errazagoa da beti beste alderdiei buruzko gauzak esatea eta norberarena ezkutatzea. Nik uste Feijoren eta PPren lidergoa beti zalantzan jartzen dutela bere kideek eta hor daukatela arazo nagusia: Ayusok edo Feijok, nork gobernatzen duen, nork agintzen duen PPn».

Erantsi duenez, inork ez dauka gehiengorik, beste alderdiekin adostasunetara iritsi behar dute eta aurrekontuak onartzen badira ziur dago PSOEk legealdia bukatuko duela. «Horretan ari gara, akordioetara ailegatzen saiatzen. Leku guztietan hori egin behar da, pentsatuz zeintzuk diren lehentasunak, jendeari eman behar zaizkion erantzunak, ikuspuntu aurrerakoi eta ezkertiarrarekin beti».

«Eskuinak, eskuin muturrak eta bestelakoek, beraien ondoan daudenek beste aldera egiten dute, beren interesa defendatzen dute eta ez gehiengoarena. Gu horretarako gaude, gehiengoaren interesei edo beharrei erantzuteko», baieztatu du.

Kongresua, azaroan

Azaroan Kongresua egingo du PSOEk. Lidergoak «argi eta garbi» Pedro Sanchezena izaten jarraituko duela aurreratu du eta «etorkizuneko proposamenak mahai gainean» jarriko dituztela, «betikoak: berdintasuna, askatasuna, inor ez dadila atzean geldiu...», zein «sortuko diren erronka berriekin» lotutakoak: adimen artifiziala, sortuko diren ziurgabetasun egoerak eta industriaren eta ekonomiaren aldaketa, kasu. Nabarmendu du ez dagoela «horrelako erantzunak emateko beste alderdirik estatu mailan. Hor ausartak izan behar dugu, aurrerakoiak eta benetan etorkizunera begira gure gizartea nolakoa izatea nahi dugun pentsatu, berdintasuna eta askatasuna bermatuz».

Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egin den erabakitze eskubideaz, estatutuaz edota harreman estatusaz adierazi du «alderdi nazionalistek legitimoki esaten dutela edo eskatzen dutela», baina hauteskundeak heltzean «ezkutatu» egiten dutela gaia.

Hala ere, argi utzi du: «Gure akordioak estatutua berritzeko dira, eskubideak eta eskumenak bermatuz. Horretarako egin dugu akordioa. Guk beti errespetatzen ditugu akordioak, eta kasu honetan kanpoan geratu da EAJ. EH Bilduk betikoa egiten du eta koherentea da. Baina EAJri esango nioke hori bada beren lehentasuna hauteskundeetan esateko. Identitate abenturak egiteko beste alderdi batzuk daude, Alderdi Sozialista ez dago horretarako. Gu jendearen bizitza hobetzeko gaude, arazoak konpontzeko. Inkestek diotenez, gai honekiko interesa ez da biztanleriaren %20ra iristen, gainerakoak beste gauzetan daude, eguneroko gaietan, etorkizuneko erronkari aurre egiteko».

Fiskalitatean, EAJ eta EH Bildurekin aurrera

Fiskalitatearen inguruan, aurreikusten da aurten 700 milioi euro gutxiago jasotzea mutualisten aferagatik. Asensiok EAJ eta EH Bildurekin heldu den akordioaren alde egin du eta asmoa «akordioa aurrera eramatea» dela esan du. «Horren baitan 28 erabaki nagusi hartu ditugu. Akordio hori aurrera eramatea da gure asmoa. Hori da gure foru arauan egin beharrekoa. Espero dut, behintzat, gehiengo hori mantentzea. Hori errespetatzen bada, oso aurrerakoia izango da».

Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak aipatu du «beharrezko» ikusten duela Estatuko presio fiskalaren inguruko erreforma. «Oreka» eta «progresibitateaz» aritu da. «Orekatu egin behar da, kapital errentak bere igoera izan behar du, progresibitatea ere hortik etorri behar da. Enpresen irabaziek ere gutxieneko bat ordaindu behar dute. Horrela lortzen da progresibitatea».

Aurten 2023. urteko aurrekontuen luzapenarekin ari dira lanean Gipuzkoan. «Zailtasunekin, baina gure proiektu nagusiak aurrera atera ditugu eta politika publikoak bermatu ditugu. Gizarte politikak gure aurrekontuaren ia erdia dira. Zoritxarrez, ez genuen lortu akordiorik, nik uste hauteskunde garaian geundelako. Orain ez gaude hauteskunde garaian eta beste alderdiekin dauzkagun elkarrizketak nahiko positiboak dira. Oso baikorra naiz».

Iragarri duenez, hilabete bukaeran beren aurrekontuak azalduko dituzte eta negoziatzen hasiko dira beste alderdiekin. «Akordioa badago azkarrago joango gara».

«Hondakinen kudeaketa ez da arazo Gipuzkoan»

Mikel Jauregi Industria sailburuak erraustegia bi urtez «egoera anomaloan» egon dela esan ondoren, Jose Ignacio Asensiok nabarmendu du «hondakinen kudeaketa ez dela arazo bat Gipuzkoan». «2015ean hasi ginen hondakinen kudeaketari buelta ematen Gipuzkoan. Judizializatu diren hainbat gai alde batetik etorri dira eta denak gure alde atera dira».

«Matxurak gertatzen direnean kontrol publikoa egiten dugu. Gardentasun osoz jokatu dugu beti. Hainbat azalpen eman ditut Batzar Nagusietan». Beraien apustua «ekonomia zirkularrean» datzala esan du. «Ekonomia zirkularra kontuan izaten duten enpresek gure Barne Produktu Gordinaren ia %7 suposatzen dute, turismoaren adina, eta gero eta gehiago izan behar du. Unibertsitate eta lan eskoletan ere sartu da erronka hori. Guk ez daukagu lehengai naturalik, zer egin behar dugu? Material horiek berreskuratu, azpiegiturekin. Guk urtean 200.000 tona material berreskuratzen ditugu. Erronka nagusia da material hori industriara iristea. Horretarako hondakinen kudeaketa aurrerakoi bat egin behar dugu, Gipuzkoan daukaguna. Gipuzkoarrok oso harro sentitu behar dugu egiten dugun lanagatik. Azpiegiturak eta jendeak etxean egindako lana batuta lortzen da hori».

AHTaren inguruan galdetuta, argi utzi du PSEren apustua Ezkio-Itsaso izan dela «beti» eta txosten teknikoa lehenbailehen ezagutzea eskatu dutela, bestela ez dutelako «aurrerapausorik emango eta badelako garaia prozesua azkartzeko».