IRRATIA

Play Stationen azkenak eta Oreretan izango de Euskal Game Jam topaketa

PlayStation-ek antolatutako State of Play aurkezpenari begira jarri gara: Ghost of Yotei, Hell is Us, Alan Wake 2 – The Lake House, Soul Reaver 1&2 Remastered edo Horizon Zero Dawn Remastered. Bestetik, datorren urriaren 18an Oreretan izango den Euskal Game Jam topaketaz aritu gara.

Game Erauntsia saioan landutako bideo jokoak (Game Erauntsia )

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Game Erauntsiak zenbaki borobila bete du, 100.na egin eta hauxe duzue 101. saioa. Play Stationek antolatutako State of Play aurkezpena errepasatzeaz gain, PlayStation 5 Pro modelo berriaren zein PS VR2 errealitate birtualeko gailuaren bideojokoetaz ere aritu gara: Metro Awakening VR zein The Midnight Walk, adibidez. Horretaz gain, Euskal Game Jam topaketaz ere aritu gara, datorren urriaren 18tik 20ra izanen da, Oreretan. Bukatzeko, Euskal Herrian ekoiztu den Glitchmare jokoa ezagutu dugu.

Enpresa japoniarrez aldatuta, Nintendori lotutako albisteak ere jaso ditugu. Kasu honetan, zurrumurruak dira, baina interes handikoak; izan ere, Switch 2 kontsolaren itxura eta zehaztapenak filtratu dira sarean. Zortzi hazbeteko pantailarekin, gailu benetan interesgarria izan daitekeela dirudi.

N handiarekin jarraituz, polemika eragin dute egunotan The Pokémon Company taldearekin batera. Palworld ezagunaren Pocketpair estudio japoniarrari demanda jarri diote, patente urraketak salatuta. Bitartean, Palworld PlayStation 5 kontsolan estreinatu da ustekabean.

Game Erauntsia Elkarteak antolatutako Euskal Game Jam topaketa berriz itzuliko dela ezagutzera eman dugu: 2. EGJa urriaren 18tik 20ra egingo da, online zein Oreretan aurrez aurre parte hartzeko aukerarekin. Euskal bideojoko sortzaileak batzeko gunean bideojokoak sortzeari ekingo diote 48 orduz.

Euskal Herrira jo dugu berriz, Irungo Keplerians estudioak beldurrezko joko berria aurkeztu baitu: Glitchmare. Gailu mugikorretan estreinatzeko asmoa dute, eta, egia esan, itxura aparta dauka. Euskaratutako joko berria ezagutu dugu, bukatzeko! Ibai Oihanguren zaleak Death’s Door izugarria gure hizkuntzara lokalizatu du: PCko bertsioan joka dezakegu euskaraz.