IRRATIA

Jazarpenari elkartasunez erantzun diote berriz Bidasoaldeko herritarrek

Bidean diren migratzaileei laguntza emateagatik deklaratzera deitu dituzte zazpi lagun. Hendaiako polizia etxera iritsi bezain laster atxilotu dituzte. Elkartasuna ez dela delitua eta «Euskal Herria harrera herria» badela berretsi dute babesa ematera joan direnek.

Atxilotuetako bat den Eñaut Aramendik ongi asko ezagutzen du Poliziaren jazarpena. (Patxi Beltzaiz)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Zazpi ziren asteazken honetan (hilak 2) deklaratzera deituta zeuden migratzaileentzako babes sareko kideak. Goizeko 8:45ean heldu dira zazpiak Santiago zubitik 200 bat metrora dagoen Hendaiako Frantziako Poliziaren egoitzara. Haien artean, LABeko kideak zeuden tartean eta sindikatu abertzaleko Eñaut Aramendik izan du guztien izenean hitz egiteko ardura. Berak badaki zer den atxilotua egotea; ez dio ordea inoiz utzi behar duen migratzaileari laguntza emateari. «Sartuko gira eta ikusiko dugu zehazki zer leporatzen diguten», azaldu du Aramendik polizia etxera sartzear zela.

Guztiei jakinarazi diete atxilotuta zeudela behin behinean (ordu batzuk beranduago aske utzi dituzte), kanpoaldean bildutako hamarnaka lagunek «Euskal Herria harrera herria» oihukatzen zuten bitartean. Migratzaileez gain, hauen laguntza emateko prest daudenak delitugile bezala aurkezteko saiakera berri bat dela salatu dute.

200 bat izan dira goizetik babes sareko zazpi lagunei elkartasuna adieraztera joan direnak, horietako asko eragile ezberdinak ordezkatzen. Baziren tokiko elkarteak, ekologistak, laborantza mundukoak, LAB bezalako sindikatuak, edota LGTBIQ+ komunitatearen eskubideen aldekoak. Noski, migratzaileen alde lan egiten duten elkarteak bertan ziren, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Etorkinekin-Diakité esaterako. Eta nola ez Irungo Harrera Sarea ere. Bertako kide den Oihana Galardik «pertsonen zirkulazio askea oinarrizko eskubidea» dela gogora ekarri du, eta ondorioz, «militanteen jazarpen polizial eta judiziala gelditzea eskatzen dugu».

Etor daitekeenari adi

Irungo Harrera Sarean gautxori da Galardi, egunero San Juan plazan aholkularitza eskaintzen egoten denetako bat ordea Jon Aranguren. Bruno Retailleau Frantziako Gobernuko Barne ministroaz honakoa du esateko Arangurenek: «Pentsa dezakegu okerrera joango direla, indartuko dutela berriro errepresioa. Nik uste dut lehen urratsa bide horretan hau dela». Kanariar uharteek bizi duten egoerari erreferentzia eginez, «Irunen gertatzen dena bada Kanariar uharteetara gertatzen denaren erreflexu txiki bat», dio Galardik, «hala ere ezin dira libreki mugitu». Interes politiko eta ekonomikoentzako pertsona horiek Kanarietatik ateratzea komenigarria dela ebazten denean, penintsulara eramango dituzte lehenik eta horrek izango du apurka eragina Irunen ere bai.

«Hitz egiten genuen Estatu terrorismoaren inguruan eta hemen Estatu terrorismoaz hitz egin dezakegu», nabarmendu du Fermin Muguruza irundar abeslariak Espainiako eta Frantziako estatuen politikak salatuz. Musikatik eta ikus-entzunezkoetatik luzaz aritu da migratzaileekiko jazarpena salatzen eta baita Bidasoa ibaia babesgune izan dadila eskatzen, ez hilerri. 

Kaletik, kontseilura

Alderdi politikoen artean, Frantzia Intsumituko ordezkariren bat izan da, baita EH Baikoak ere. Pirinio Atlantikoen Kontseiluan koalizio abertzaleko hautetsi den Iker Elizaldek «elkartasuna» helarazi die lehenik eta behin atxilotutakoei, «Estatu frantsesaren jarrera» salatu du ostera eta berretsi du bidea egiten ari diren migratzaileei babesa ematea «ezin dela delitu gisa hartu».

Herriaren ordezkari politiko gisa ezinbesteko ikusten du Paueko Ganberako hautetsiak, hanka bat kaleko protestetan eta bestea erakunde publikoetan, politika alternatiboak bultzatzeko. Zentzu horretan, Elizaldek azaldu du NAIZ Irratiaren mikrofonoetan Pirinio Atlantikoen Kontseiluan daudenetik hainbat ekimen eraman dituztela migratzaileen kriminalizazioaz eta honen ondorioez ohartarazteko.