IRRATIA

«Guretzat garrantzitsua izan da Enric Marco ez epaitzea, ez zuritzea»

Pertsonaia iruzurgile batetik harago, ‘Marco’ filma egia eta gezurraren arteko hausnarketa egiten duen «thriler geriatrikoa» da. Veneziatik pasa eta gero, Zinemaldiaren baitan, Belodromoko pantaila erraldoian ikusiko dute 3.000 lagunek Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako filma.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


«Etxean egoteak beti sortzen dizu urduritasun bat», aitortu du Aitor Arregi zine zuzendari oñatiarrak. Moriarti ekoiztetxeko kideek 18 urte daramatzate ‘Marco’ proiektuarekin bueltaka eta Zinemaldian estreinatuko da, larunbat honetan, irailak 28, Donostiako Belodromoan eta  3.000 lagunen aurrean. Sarrerak agortuta daude, aspaldi.

Enric Marco inoiz existitu ez zen deportatua izan zen, iritzi publikoaren, kide eta familiaren aurrean imajinatzen zaila den gezur bat mantentzeko gai izan zen gizona: nazien kontzentrazio esparru batean preso izan zela. Hitz egiten abila, karismatikoa, Marco Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izatera heldu zen. Halako batean, ordea, Benito Bermejo historialariak deskubritu zuen dena gezurra zela, baita publiko egin ere: Enric Marcok ez zuen sekula Alemaniako nazien kontzentrazio esparru bat zapaldu.

NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioan izan dira Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariak eta bertan azaldu dute lehen asmoa dokumental bat egitea zela, eta protagonista katalanarekin harremanetan zeudela. Baina dena okertu zen Marcok Alemaniara egin zuen bidaia baten itzuleran. «Marcok esan zigun Alemaniara joan nahi zuela paper batzuen bila, ez zelako deportazio eremu batean egon baina bai kartzelan, eta paper horiek nahi zituen. Guk grabatzera joan nahi genuen baina ezetz esan zigun», azaldu du Garañok. Gerora jakin zuten ezezko horren atzean beste gezur bat zegoela, ‘Ich Bin Enrich Marco’, dokumentala grabatzera joan zen. «Hor erabat deskubritu genuen iruzurgile bat zela», aitortu du Garañok. 

Baina istorioa ez da hor bukatzen. Gaia ahaztuta zutenean, Donostiako Kursaal parean «hortxe azaldu zen Enric Marco butifarra batekin eskuan, barkamena eskatu nahian edo», gogoratu du Garañok. Baina Enric Marcok benetan egin nahi zuena zen dokumentalaren ideia berreskuratzea, egindakoarekin ez baitzegoen pozik. Egin zituzten grabaketak baina materiala ez zuten erabili fikzioren ideia sortu zen arte: «Orain 10 urte jabetu ginen Marco personaia bat ere badela, kontatzen dituenak egia eta gezurra nahastuta direla, eta fikziozko pelikula bat egin zitekeela ikusi genuen», esan du Garañok. 

‘Thriller geriatriko’ bat bezala definitzen du Arregi zuzendariek filma, baina geruza askoko filma ere badela: «Gezurra eta egia, pertsonaia honek duen koadro psikologikoa... Baina drama ere badago, eta pertsonaia baten argazki oso bat ere bai», dio.

Marco pertsonaiaren figura pantailaratzeko ariketan Moriartiarrek bazituzten bi helburu oso presente. «Guretzat inportantea zen ez epaitzea», kontatu du Garañok, eta era berean, oso garrantzitsua zen ez zuritzea. «Ez da pelikula emozional bat, emozioak ezin du Marcorena izan».

Horregatik, istorioa hoztasun batetik kontatzea zen erronka, baina «Marcorekiko enpatia bat sortzea ere nahi genuen eta niretzat hori izan da pelikulako zailtasun handienetakoa», azaldu du Jon Garañok. «Marco oso pertsonaia konplexua da, gehiengoaren kontrakoa den koherentzia propio bat, baina aldi berean bere buruarekiko oso koherente da eta horrek harridura pizten du».

Moriartiei beti gustatu zaie beren pertsonaien muinera iristea, jakitea zergatik egiten duten egin duten hori. «Sakontasun horretara iristea gustatzen zaigu», esan du Arregik. Enric Marcok hainbeste urtez horrelako gezur handi bat zergatik mantendu zuen galdetuta, Arregik dio mediopata bat zela Marco. «Behar bat zuen medioetan ateratzeko eta mirestua izateko. Muinean bada maitasuna sentitzeko behar bat. Guk sinetsi nahi dugu horrek eraman zuela horretaraino», dio Arregik, eta zera gehitu: «Denok makilatu dugu gure errealitatea noizbait».

Veneziako Orizzonti sailean lehiatu ostean heldu da ‘Marco’ Donostiako Zinemaldiko Perlak sailera. Laister iritsiko da Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako azken fikzioa zine aretoetara, dena ongi bidean, azoaren 8an jarriko da ikusgai espainiar Estatuko zinema aretoetan.