«'Irati'-k jaso dituen sari gehienak publikoari zor dizkiot eta hori da pelikularen zentzua»
‘Irati’ filma 2023ko euskal pelikularik arrakastatsuena izan da eta X. EZAE Saria jaso du Zinemaldiko Euskal Zinemaren Gala Handian. Paul Urkijo zuzendariak jasoko du golardoa Alfonso Benegas EZAEko presidentearen eskutik.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
«Jaialdietan eta aretoetan pelikulak izan duen harrera ibilbide honen urrezko krisketa izan da», baieztatu du Paul Urkijo zuzendari gasteiztarrak NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioan. Izan ere, bere azken pelikula iazko arrakastatsuena izateagatik saritua izango da aurtengo Zinemaldian. Oso pozik agertu da zuzendaria emaitzarekin: «Txikitako istorio hauek pantaila handira eramatea zorte handia da».
Euskal eszenaren inguruan ere hausnarketa batzuk egin ditu zuzendari gasteiztarrak. Izan ere, kezkatuta agertu da euskal zinemaren egoerarekin: «Beti saiatzen gara positiboak izaten, baina errealitatea iluna da; jende gutxi doa aretoetara eta egia da industrialki, zinema asko egiten dela Euskal Herrian, baina horietako asko atzerriko proiektuak direla».
Hala ere, hainbat euskal proiektu daude abian gaur egun, eta Paul Urkijo bera ere lan berrietan ari da buru-belarri. nahiz eta oraindik ezin duen honen berririk eman. «Oraindik ezin dut kontatu, baina banabil lanean lauzpabost proiekturekin, ez baitakizu inoiz zein aterako den». Izan ere, gogoratu du zein zaila izan daitekeen proiektu berriak sortzea. «Bi pelikula mota daude: existitzen direnak eta existitzen ez direnak; bien arteko prozesu hori oso neketsua da». Dena den, gu adi ibiliko gara Urkijoren pelikula berri bat gogotsu itxaroten.