«Gure zerbitzura egongo den teknologia baten alde egiten dugu, ez alderantziz»
Gazteen artean telefono mugikor adimenduek eragiten duten kezkatik abiatuta sortu zen Altxa Burua. Gaur egun 6.000tik gora familiak osatzen duten herri ekimena indartu nahian, Altxa Burua egituratu eta kolektibo bilakatu da. Kolektiboko kidea den Telmo Lazkano izan da NAIZ Irratian.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
2019an seme alabengan mugikorrek izan dezaketen eraginagatik kezkatuta Altxa Burua ekimena sortu zuten Euskal Herriko zenbait familiak. Gutxinaka tokian tokiko sarea sortzen joan dira eta orain herri ekimena egituratu eta kolektibo bilakatu dute. Kolektiboko kidea den Telmo Lazkanok NAIZ Irratian berretsi du «lehen han-hemenka egiten ziren ekimenak orain jende gehiagorengana iristeko aukera» izango dutela.
Gainera, 2019tik hona «ondorio, ikasketa eta gogoeta asko» egiteko aukera izan dute eta hezkuntza komunitateak bat egitea «oso lagungarria» dela azpimarratu du Lazkanok. «Horren lekuko dugu adibidez, Zarautzeko eskola batean DBHko 2. mailako ikasleen %90ak mugikorrik ez izatea. Ondarroako DBH 1eko %80ak edo Usurbilen %80ak».
Orain kolektibo antolatu forma hartu dutela, zenbait ekimen gauzatuko dituzte. Hiru kanpainatan banatu dute jarduna: hezkuntza eta osasun sailei eskutitz bidalketak eta sinadura bilketa. «Lehenengoa, hezkuntzara bideratzen den eskutitza, norbanako, talde edo eskola bezala helarazi daitekeena. Bertan argudiatzen da zergatik ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu beharko liratekeen eta zergatik behar dugun hezkuntza lege bat guzti hori bermatzeko. Bigarrena, osasun sailera beste eskutitz bat igortzea kontzientziazio kanpaina bideratu dezan eta mahai gainean jar dezan osasun publikoko arazo baten aurrean gaudela. Eta azkenik, bi eskari hauek bilduko dituen sinadura bilketa ere abiatu dugu». Aferaren izaera dela eta, alderdi guztien inplikazioa beharrezkoa dela deritzo Lazkanok: «Familia, eskola eta instituzioek eskutik joan beharko lukete».
Berriki onartu den Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legean ere eskatu dute esku-hartzea, batez ere bi arrazoirengatik. Lehenengoa, «ez delako eskubide baten urraketa, eskubide baten babesa baizik». Lazkanok argudiatu du mugikorrak ikastetxeetatik kanpo utzi direnean ikusi dela «ikasleen eta irakasleen jarduna, arreta, jarduera fisikoa, ikasleen arteko hartu-emana...» hobetu egin direla.
Baina, fokoa txanpon beraren beste aurpegian jarriz gero honako hau izango litzateke galdera: mugikorrek hobetu dute hezkuntza sistema azkenengo hamarkadan? Telmo Lazkanok argi dauka: «ebidentzia akademikoek ezetz diote, beraz, zentzuzkoena horixe izango litzateke». Bigarren arrazoiak irakasle eta ikastetxeen segurtasuna bermatzearekin du zerikusia.
Azaldu du ikasle edo irakasle batek ziber-jazarpena pairatuz gero, erasoa egindako ikaslearen tutore legalek «erantzukizunaren zati bat izango» luketela, baina ikastetxearena izango litzatekela gainontzekoa. Beraz, «bai ikasleen garapen kognitiboa ahalik eta onena bermatzeko eta bertako langileak babesteko hezkuntzak berak marko juridiko» bat sortu beharko lukeela helarazi du Lazkanok.
Kolektiboaren helburuetako bat Interneterako sarrera duten gailuak ematea atzeratzea da. Lazkanoren hitzetan, «Gidabaimena bezala edo alkohola kontsumitzeko adina dagoen bezala, 16 urtetik aurrera eman beharko genuke lehenengo mugikorra». Hala ere, argi utzi nahi izan du «adina atzeretzeak ez duela gailuekin harreman osasuntsu bat ekarriko».
Argudiatu du heziketa «funtsezkoa» dela horretarako eta heldu bezala «bidelagun» figura izatearen garrantzia nabarmendu du. Azaldu du «maila akademikoan» sortu diren datuak izan dituztela oinarritzat.
Nomofobia
Mugikorrik gabe egotearen beldurrari Nomofobia esaten zaio eta gaur egun gero eta jende gehiagok pairatzen duen fobia da. Telmo Lazkanok argi utzi nahi izan du mugikorrena «ez dela teknologia neutro bat», horregatik «gure zerbitzura dagoen teknologia baten alde» egiten dutela, «baina ez alderantziz».
«Egiten ari garena da pertsona bati laguntzea gaitasunak garatu ditzan zerbait oso adiktiboarekin harreman osasuntsu bat izateko. Gaitasun horiek ez baditu ez du kontrolatuko, ez da erabiltzailea izango, erabilia baino. Erabilia den neurrian, ondorioak pairatuko ditu», argi mintzatu da Lazkano.