IRRATIA

«Arantxa Agirrek dio artea bera zuhaitz bat dela, eta zuhaitz horren azpian egon gara»

Eduardo Chillida ardatz hartuta, ‘Ciento volando’ dokumentala egin du Arantxa Agirrek eta horretarako bidelagun ezinhobea izan du: Jone Laspiur aktorea.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Espazioa denboraren anaia bikia omen da. Hala uste zuen Eduardo Chillidak. Eta hala erakusten digu Donostiako Zinemaldiaren 72. edizioan estreinatu berri den ‘Ciento Volando’ lanak. Gure eskultore handienetako baten bizitza, obra eta testuinguru filosofiko guztia biltzen du dokumentalak. Izan ere, hala esan zion behin gutun batean Chillidak bere bizitza kide izan zen Pili Belzunzeri: «Nahiago ehunka hegan, txoria eskutan baino».

Bizitzari, naturari, existentzialismoari edota bizitzari egindako galdera erantzunei… Horri guztiari begira jarri da dokumenal hau. Arantxa Agirrek josi du eta joskuntza horren haria izan da Jone Laspiur, aktore musikari eta Arte Ederretan lizentziaduna. 

«Oso ausaz aurkitu ginen Arantxa eta biok; antzerki eskolara gerturatu zen eta bertan ikusi ninduen» aitortu digu Laspiurrek. Eta zalantzarik egin gabe, baiezkoa eman zion. «Erakargarria iruditu zitzaidan bai baina, aldi berean, hain gertu duzun istorio bati buruzkoa izateak bertigoa ematen du». 

«Hasieran pertsonaia aurkitzea kostatu egin zitzaidan, ez da fikzioa baina ez naiz ni guztiz» kontatu digu NAIZ Irratian aktoreak. Baina lortu zuen paperean sartu eta beharrezko galderak egitea. «Soinua, irudia, erritmoak… filma bera oso eskultorikoa da, dimentsio asko ditu eta hori bada Arantxaren isla». 

Dokumentaleko partaideen artean, Koldobika Jauregi nabarmendu nahi izan du, ekainean zendutako eskultorea. «Koldobika Jauregik ezin izan zuen pelikula ikusi; elkarrizketa hunkigarrienetakoa izan zen, oso eskuzabala izan zen, plazer hutsa, eta beraz, pena handia ematen dit».

Luze eta zabal aritu gara Jone Laspiurrekin Donostiako Zinemaldian.