«Bikingoen itsasbideak birsortzea da zeharkaldiaren helburua»
Oslo eta Ipar Lurmuturra lotu nahi ditu itsasoz kayak batekin Iker Sansinenea Arregik. Guztira 2500 kilometrotik gorako zeharkaldia pasarte ezberdinetan egingo du eta larunbatean lehena egitera abiatu aurretik izan da Bigarren Kafean.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
«Lehendik buruan nuen ideia bat zen eta duela hilabete batzuk bikotearekin Lofoten inguruan egindako zeharkaldi baten ostean liluratuta itzuli nintzen. Orduan jarri nuen abian proiektua. Bikingoek Euskal Herrian izan zuten eragina ere kontuan izan dugu eta hortik dator beraien itsasbideak birsortzearen hautua».
Zeharkaldi osoak urte sasoi honetan osorik egitea ezinezkoa da bertako baldintzak direla eta. Horrenbestean, zati ezberdinetan egingo du Sansineneak, asteburu honetan hasita. «Lehen kolpe honetan 160 itsas milia egingo ditugu, 330 kilometro inguru. Bigarren zatia maiatza aldera edo egitea da asmoa».
Egitasmoan erabiliko duen materialaren inguruan ere aritu da. «Material espezifikoa behar dugu. Gure kayakak hiru konpartimentu estanko izango ditu. Barruan eramango dugun materiala, arropa kasu, poltsa estanko batzuetan eramango dugu. Kanpaldirako materiala, irratia, GPSa, eguzki plakaren bat… Bikingoen antzeko teknikak erabili nahi izan ditugu nabigaziorako».
Abiatu aurretik egin beharreko bidea ondo aztertu du Sansineneak. «Begiratu dugu egunez egun non geratu gaitezkeen eta lurreratzeko nahiko eremu erraza da. Aurrerago, hainbat fiordoen inguruan hormak edo amildegiak topatuko ditugu eta garrantzitsua da planifikazio bat egitea aurretik, leku arriskutsuak topatu daitezkeelako».
Entzun Iker Sansinenea Arregirekin izan dugun solasaldia.