Asturiagako hilketak argitzen doaz, Mondragon eta Mendez sendien 50 urteko tragediaren ostean
1974an Hondarribiako hondartza honetan gertatutakoaz zabaldutako bertsio ofiziala gezurtatzen duen txostena osatu du Aranzadik. Javi Buces historialariak eman du honen berri NAIZ Irratian eta bi hildakoen arreba eta alaba hunkituta eta eskertuta agertu dira.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Mende erdia pasatu delarik, Asturiagako hilketak, denbora luzez ahaztuta edo alboratuta, arreta pizteaz gain argitzen doazela esan daiteke. Horren seinale dira Aranzadik osatu duen ikerketa zein abuztuan Hondarribiako alkateak senideei eginiko harrera. Ostiral honetan gertatutakoa hizpide izan da Naiz Irratian, hiru lekukotasun garrantzitsu bilduz.
Baina ezer baino lehenago gogora dezagun 1974ko maiatzeko 20an jazotakoa: Espainiar Poliziak Jose Luis Mondragon (27 urteko arrasatearra) eta Xabier Roke Mendez (21 urteko santurtziarra) hil zituen tiroz Asturiaga itsasbazterrean. Bertsio ofizialean bi gazteak itsasontzi txiki batean hondartza gerturatu eta poliziak altoa ematean jaramonik ez egiteaz gain, tiroka hasi zirela jasotzen da, bi gazteak ETAko kideak zirela gaineratuz.
Asturiaga 1974 elkarteak, ordea, bertsio ofizialez gain bestelako datuak kontrastatu ditu azken urteetan zehar. Batetik, ETAko kideak zirela esaten zen, baina ETAk bi komunikatu atera zituen Mondragon eta Mendez ez zirela erakundeko kide esanez. Beste datu esanguratsu bat: Gertaerak 17.00etan izan zirela agertzen da prentsa frankista guztietan eta marea goian 16.30ean zen, eta beraz, marea biziekin hondartza ez zela ia ikusiko argitu dute oroimen elkarteko kideek.
Abuztuan Hondarribiako Udaletxean senideei egindako harrera ekitaldian, Udaleko Bizikidetza Mahaiak 2023. urtean eskatu zuen eta Aranzadi eta Euskal Herriko Unibertsitatearen bitartez egin den «azterketa historiko, objektibo eta kualifikatuaren txostena» eman zitzaien.
Igor Enparan alkateak salatu zuenez, Asturiagako gertakari horiek ahaztuta egon dira 50 urtez: «Erailketa horiek testuinguru batean eman ziren, hau da, giza eskubideak errespetatzen ez ziren diktadura batean, eta nahiz eta kontakizun ezberdin asko izan, garai horretan ez zegoen demokratikoki eman behar den gertaeren zilegitasunezko informaziorik».
Javi Buces (Aranzadi): «Espediente ofizialean jada kontraesanak ikusten dira. Eta Mendezek tiroa du buruan, bertatik bertara egindakoa»
Txosten horren egile den Javi Buces historialariak, Aranzadiko kideak, NAIZ Irratian eman du ikerketaren ondorioen berri: «Tiroketa izan zela eta bi ETAkide zirela, hori esan du bertsio ofizialak hamarkada hauetan zehar. Baina orain frogatu dugu ez zela tiroketa izan, exekutatuko zituztela».
Mondragon eta Mendez garai hartan «antifrankistak» baino ez zirela aipatu du Bucesek. Aurretik ETAko kide izanak ziren baina Ipar Euskal Herrira pasa ondoren erakundea utzia zuten.
«Espediente ofizialean jada kontraesanak ikusten dira», ohartarazi du historialariak. Hondartzako eremua polizikidez beteta zegoen, nahiz gero bi ajentek baino ez zuten ustezko tiroketaren berri eman. Gorpuzkinak aztertuta, bestalde, argi azaltzen da Mendezek tiroa duela buruan, bertatik bertara egindakoa, «a bocajarro», laburbildu du Bucesek. Oro har, idatzi ofizial horietan «zerbait izkutatzen ari dela» erraz antzematen da.
Itziar Mondragon Asturiagan hildako Jose Luisen arreba da. Oraindik gogoan du nola heldu zitzaien albistea, duela 50 urte: «Udaltzainak etorri ziren etxera, ‘istripua izan du’ esanez». Berari eta amari pasaportea kendua zieten aurretik, eta horregatik ezin zuen anaia mugaz bestaldean bisitatu.
Itziar Mondragon, Jose Luisen arreba: «Urte askotan ez dut hitz egin honetaz, beldurrez nintzelako. Honekin justizia pixka bat egin zaie behintzat»
Ikerketarik ez zela izan berretsi du. Eta maila pertsonalean, honetaz urte askotan ez duela hitz egin aitortu du, «beldurrez nintzelako». Negar zotinka aipatu du, azkenik, «gertatutakoa kontatu didate orain eta hobeto horrela, justizia pixka bat egin zaie behintzat».
Datu mingarriak ageri dira ikerketan, Itziar Mondragonek onartu duenez. Jose Luis Arrondo ‘Cocoliso’ polizikide infiltratuaren eskutik etorri ziren hilketak. «Baina horretaz gutxi gehiago deskubritu dugu –argitu du Bucesek–. Modu arraro batean hil zen».
Frankismoak eragindako biktimen horien eta bere familien eskubideak aldarrikatu ditu Javi Bucesek, 1977ko amnistiaren gainetik. Baina oraindik ere udaletxeetan honek tentsioa eragiten duela ziurtatu du, zenbait taldek urrats hauen aurka egiten dutelako.
Biktima gisa onartua, hirugarrenean
Lakuak abiatutako prozesuan Estatuak eragindako indarkeriaren biktima gisa onartua izan da Mendez, aurten bertan. Mondragon oraindik ez, baina txosten honen bidez lortu ahal izango duela espero du Bucesek.
Ainhoa Mendez ere egon da Naiz Irratiko mikrofonoetan, Roke zenaren alaba. Aitortza prozesu honetan mintzo da: «Hiru aldiz eskatu dugu, bata Madrilen eta beste biak hemen, eta orain lortu dugu aitortza Eusko Jaurlaritzaren partetik. Bidean eskatzaileak lortu behar du dokumentazio guztia, erahilketaren zilegitasun eza-edo erakutsi, azterketa... garaian begibistakoa zena frogatu beharko bagenu bezala», salatu du.
Eginiko lan eskergak datu erabakiorrak ekarri dituela txalotu du, marearen orduarena esaterako. Bereziki Asturiaga 1974 taldearen ekarpena eta Javi Bucesena nabarmendu ditu Ainhoa Mendezek, baita biziki eskertu ere.