«Badakigu lana daukagula egiteko aurretik oraindik, baina aurrerapauso polita eman dugu»
Urtero legez, hilaren 8an alardea berdintasunean ospatzeko aldarria egingo du Jaizkibel konpainiak. Aurten gainera, konpainia izaerarekin eta ibilbidean egindako hainbat aldaketekin egingo dute. Honen inguruan hitz egin du Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kideak, NAIZ Irratian.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Dagoeneko «giro nahasia» sentitzen ahal da Hondarribiko kaleetan, Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kideak azaldu duenez. Aurten konpainia izaerarekin eta udalaren baimenarekin desfilatuko du Jaizkibel konpainiak alardean; eta azken eguneko alkatetzako dekretuak gora behera, ibilbideak aldaketa esanguratsu batzuk izango ditu: hala nola, Gernikako plazatik aterako dira, eta arratsaldean, zapateroa eginda, Murrua kaletik irtengo dira. Honen inguruko balorazio «positiboa» egiten du Larruskainek: «Badakigu lana daukagula egiteko aurretik oraindik, baina aurrerapauso polita eman dugu».
Gernikako Arbola beste konpainia guztiak elkartzen diren gunea da, eta bertatik abiatzen da alardea. Jaizkibel Konpainia orain arte beste puntu batetik atera da, ez dietelako inoiz bertatik ateratzen utzi. Eta, hor nabari dute aldaketa: «Joan den urtean aurretik pasa ginen, aurrera pausoa izan zena, baina aurten bertan egongo gara beste konpainiekin batera. Banatuta egongo gara, ez gara elkarrekin egongo, baina eremu berean egongo gara. Sinbolikoki toki beretik aterako gara».
Aurten, lehen aldiz, arratsaldean, Kale Nagusitik jaitsiko da Jaizkibel konpainia, orain arte ez baitie utzi. «Urte asko pasa ditugu hori eskatzen» adierazi du Larruskainek. «Aurten lortu dugu».
Herria mugitzen ari da
Hamar urte daramatza Jenny Pearce bakearen antropologoak Hondarribian lanean. Urte horietan zehar gai honen inguruko «garapen nabarmena» eman dela sumatzen du Larruskainek: «Herria mugitzen ari da». Hala ere, gehitu du ez direla mugitu mugitu behar zirenak: «Elkarrizketa da behar duguna, eta hori ez dugu inoiz lortu. Urte mordo bat daramagu hori eskatzen, eta ezinezkoa da, beste aldeak ez duelako nahi. Herria konponbidea eskatzen ari da, eta bide horretatik joan behar dugu».
Jaizkibel konpainiako kideek sare sozialetan nabarmendu dute gatazkaren muina berdintasuna dela. Alardearen inguruan eztabaidatzean, jarrera baztertzailea dutenek aukeren arteko askatasuna aldarrikatzen dute. Larruskainek, argudio horren aurrean, esandakoa «demostratu» egin behar dela adierazi du: «Errespetu hitzaren bueltan ibili dira urteetan zehar. Diote alarde bat baino gehiago egotea ez zaiela inporta. Hemen nabaria da hori ez dela egia. Errespetatu behar den beste aukera bat bagara, non dago arazoa denok elkarrekin egoteko Gernikako Arbolan?». Larruskainek argi du: «Alarde bakarra nahi dugu, parekidea eta publikoa. Hondarribiko jai egun garrantzitsuena da. Duela 28 urte arte herritarrak batzen zituen eguna izan da. Horra itzuli behar gara, horrek izan behar du bidea».