Erreserbak igotzen ari dira odol-bankuetan, herritarren «erantzun bikainari» esker
Odol-bankuetako erreserbak hamar egunekoak izatetik bost egun artekoak izatera igaro dira, udarako odol-emateen jaitsiera tarteko. Azken egunotan alarmak piztu ostean, herritarren erantzunari esker stock-a gutxika hazten ari direla azaldu du Nuria Patinok. Odola ematearen garrantzia azpimarratu du.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Ohikoa izan ohi da udaran odol-emateak jaistea. Hala azaldu du Nuria Patino Gipuzkoako Odol Emaileak elkarteko sustapen arduradunak asteazken honetan NAIZ irratian. Hala ere, azken egunotako egoerak alarmak piztera behartu ditu. Hamar egunerako odol-erreserbak izan ohi dituzte normalean, baina azken egunotan 5 egunekoa besterik ez izatera iritsi da stock hori. Herritarren erantzuna, ordea, «bikaina» izan dela dio Patinok eta ondorioz «pixkana-pixkana erreserbak hobetzen» ari direla. Hala ere, odola-emateko hitzordua hartzeko deia egin dio herritar orori erizainak.
Beharrezkotasuna agerikoa da, noski. Odol-erreserba faltak ondorioak baititu ospitaleen jardunean. Patinok azaldu du gaixo asko daudela ospitaleetan, eta «zorionez» hala ez gertatu arren, ebakuntzetarako odol nahikorik ez izanez gero, kanpotik ekarri beharko litzateke.
Udan odol-emateak asko jaitsi arren, Patinoren ustez gizartea «oso kontzientziatua dago» eta horregatik urtean zehar ez da halako arazorik sortzen. Erizainak gogorarazi du «keinu txiki batekin jendeari bizitza salba diezaiokegula. Gaur ezezaguna izan daitezke odol beharra duena, baina bihar gu edo inporta zaigun norbait izan daiteke». Erreserba faltarik ez badago, ordea, arazorik ez. Egunero-egunero egiten dute horregatik sustapen lana elkartetik.
Gazteen beharra
Erizainak kontatu du lanean hasi zenetik izan duela harreman estua odol emaileekin, eta gehien «markatu» ohi duen kanpaina gazteekin egindakoa izaten dela adierazi du, Lanbide Heziketako edota unibertsitateko ikasleekin egindakoa.
Odola ematea «barneratuen» dutenak adineko herritarrak direla kontatu du, eta gazteengan sustatzea dela beraien helburua: «Gaztetatik hasten badira odola ematen, urte asko dauzkate odola emateko; horregatik, gazteekin harremanetan egotea oso garrantzitsua da». Hala ere, herritar orori odol-emaileengana hurbiltzeko deia luzatu dio, «odola eman, jendeari bizitza emateko».