Nerea Martinez, Memoria Osoa: «Bazterketarik gabeko elkarbizitza eraiki behar dugu»
Gasteizko urrezko domina jasoko du Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak. Entitate honek biktimen arteko diskriminazioa sustatzen duela salatu du Memoria Osoa plataformak, Nerea Martinez bertako kidea da.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Gasteizko urrezko domina Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari emateko erabakiak haserrea eragin du hainbat sektoretan, zer esanik ez Memoria Osoa plataforman. Gasteizko Udalaren erabakia «iraingarria eta umiliagarria» irizten dio Nerea Martinez Memoria Osoa plataformako kideak. «Bizikidetzaren ereduaren aurkako eraso bat» da Martinezen ustez.
Memoria historikoa eta Estatu indarkeriaren biktimen elkarteen zein herri mugimenduei esker, «memoriaren atal garrantzitsu bat bizirik» mantendu dela kontatzen du Martinezek; eta gehitu du, erakunde eta alderdi instituzionalengandik balitz, ez ginatekeela «gauden tokian» egongo.
Domina hau zentroari ematearen aurkako protesta ekitaldia abuztuaren 2an egin zuten, ez zen ausazkoa izan. Meliton Manzanasen exekuzioaren eguna hautatu zuten horretarako, esanguratsua. Kexa publikoki plazaratu ostean, Gasteizko udal agintariekin hitz egiteko aukera izan duten galdetuta berriz erantzuna ezezkoa da, ez dute inolako berririk jaso instituziaren aldetik.
«Indarkeria eragin zuen pertsona bat horrela omentzeak, agerian uzten du 2024ean oraindik ez gaudela demokratikoa den gizarte batean. Non milaka biktima oraindik aitortza publiko eta ofizialik gabe gauden, hori guretzat izugarrizko anomalia demokratikoa da, nola izan daiteke saritzea edo jasotzea gure herriko dominarik garrantzitsuena horrelako zentro batek», hausnartu du.
Memoria osoa eraikitzeko bideak
Gasteizen eraikitako memoria zentrian «beraiek kontatu nahi dutena» soilik dago Memoria Osoa plataformako kidearen ustez, «eta beraien kontakizunak indarra izan eta eraginkorra izateko, gaur egun sufritzen ari garen zigorgabetasun eredua babesteko bere horretan jarraitzea da; hori da arazoa, beraiek zentro hori tresna gisa erabiltzea da biktimen kategorizazio eta diskriminaziorako».
Bestalde, Maria Jesus San Jose Justizia sailburuak berriki pareko jarri zituen Gogora Institutua eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa. Honek, kezka eragin du zenbait sektoretan, Nerea Martinezek azpimarratu nahi izan du eruren ustez ahalegina, memoria oso hori eraikitzen jarri behar dela, eta ez horrenbeste batak edo besteak historiaren bere zatia eraikitzean: «Bazterketarik gabeko elkarbizitza eraikitzean jarri behar da ahalegina».
Airean geratzen den galdera potoloa da, zer egin beharko litzatekeen zentroarekin. Gure herriaren memoria modu diskriminatzailean lantzen duten gune horiek guztiak bertan behera utziko lituzke Martinezek eta gizarte demokratikoan aurrera egiten lagunduko diguten ahaleginetan indarra jartzea proposatzen du.
«Milaka biktimen aitortza ofiziala eta ikusgarritasuna» lortu behar da Martinez arabera, eta horretarako, «ezin ditugu mila kaxoi ezberdin egin» gaineratu du. «Giza eskubideen urraketa guztiak barne hartzen dituen memoria integrala, eta horretan oinarritutako dinamikak egin behar dira», argitu du.