«Maiz gertatzen dira zerbitzuen erorialdiak, baina hedapen honetako egoera bat ez da ohikoa»
Microsoften sistemen matxura global batek kudeaketa arazoak sortu ditu mundu osoan. Euskal Herrian ere nabaritu dugu erorialdia. Unai Aberasturi, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako zuzendaria, izan dugu NAIZ Irratian, horren inguruko nondik norakoak argitzeko.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Mundu mailako sistemak erortzearekin batera, gurean ere oztopoak topatu dituzte herritarrek eguneroko zerbitzu eta azpiegituretan. Besteak beste, AENAren menpeko aireportuei eragin die matxurak, baita Osakidetzari, Kutxabank zein Laboral Kutxa bankuei eta hainbat enpresari ere (Repsolen gasolindegiak edo Mercedesek Gasteizen duen lantegia, tartean).
Unai Aberasturi Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako zuzendariaren arabera, «maiz gertatzen dira horrelako egoerak, baina mundu mailako hainbesteko eragin eta hedapeneko egoera bat ez da hain ohikoa».
Arazo teknikoak izan daitezke sarritan, baita informazio sistemak erori ere, enpresa pribatu zein administrazio publikoetan, era puntualean, «nolabaiteko maiztasunez». Irismen hau, ordea, bestelakoa da.
Bestelako erorialdia
Matxura honen ondorioen artean, Osakidetzako zerbitzarien erorialdia izan da nabarmenetako bat, abiatu ezin izan diren hegaldiekin batera. Herritarron ikuspuntutik, «eragin zuzena nabaritu dugu bizitza aurrera eramateko».
Edonola ere, Agintaritzatik «lasaitasun mezua» igorri nahi izan dutela argi utzi du Aberasturik. Zerbitzu batzuk bertan behera gelditu diren arren, «ez da ziber eraso bat, hala egiaztatu dute matxura bideratu duten enpresek». Horrek esan nahi du «norberaren datu pertsonalak ez daudela konprometituta».
Microsoften kudeaketa kritikatu du, dena den, adituak; gardentasun falta eta komunikazio ofizialik eza, batik bat.
Arazo berri honen konponbidearen inguruan galdetuta, Aberasturik esan digu erabiltzaile mailan lasai egon gaitezkeela, «Windows eskuz berrabiaraziz» konpondu daitekeelako sarritan.
Hala ere, maila globalean, «ez da erraza konponbidea nondik etor daitekeen jakitea». Hori dela eta, aurreikusi du «egun batzuk» luzatuko dela konponbide hori eta zenbait lekutan kostako dela normaltasunera itzultzea.