IRRATIA

Barnetegiak, euskalduntzearen ostatu

Uda garaian ugaritu ohi da euskara ikasteko barnetegien eskaintza ere. Hizkuntza ohiturak aldatzeko giltzarri dira, ikasketa prozesuan sakontzeko ere bai. 

Alba Ayucar eta Maialen R. Barcena, AEK-ko irakasleak (Andoni Canellada | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Ia mende erdi igaro da Irungo gau eskoletako ikasleak Zubietara (Nafarroa) barnetegira joan zirenetik. Garaiko egoera guztiz bestelakoa zen, bai, baina ikasleen helburu eta gogoak berbera izaten jarraitzen du: euskara ikasi eta euskaraz bizitzea. Hauen sorreratik, milaka ikasle eta irakaslek zapaldu izan dituzte aterpetxetako logela, jangela eta, nola ez, ikasgelak ere. Eta gaur egun ere, horretan dihardute.

Uda iritsi da, eta urteroko legez, AEKren barnetegi eskaintza eta izen emateko epea zabalik dago. Hamaika txanda, hamaika esperientzia eta beste horrenbeste bizipen, denen eskura. Antolaketa lanetan buru belarri dabil Alba Yucar (Donostia, 33 urte), AEK-ren barnetegien arduraduna da. Maialen R. Barcena (Habana, Kuba, 34 urte) AEK-ko irakaslea da eta urte askotan barnetegietan ere aritutakoa, ikasle gisa hasi zuen euskalduntzerako erakundearekin harremana, gainera. 

Alba Yucar eta Maialen R. Barcena
Alba Yucar eta Maialen R. Barcena AEK-ren Donostiako Amara Berriko euskaltegian (Andoni Canellada / FOKU)

Jatorri ezberdinetatik, Euskaltegira

Alba Ayucar Donostiarra da, eta txikitatik hitz egin izan du euskaraz etxean, eskolan, lagunekin, familiarekin… Magisteritza ikasketak egin zituen, eta gaur egun irakasle lanetan dabilen arren, ez da berak ikasi zuena. Izan ere, lan bila zebilela Maialenekin topo egin eta AEKn irakasle bila zebiltzala jakin zuen, eta ideia ona iruditu zitzaion glotodidaktika ikastaroa egitea. Titulua atera zuenetik Amara Berriko euskaltegian dabil lanean eta hasiera batean haurrekin lan egitea helburu zuen arren, deskubritu du asko gustatzen zaiola helduen irakaskuntza mundua ere.

Maialen R. Barcenaren kasua, ordea, guztiz bestelakoa da, bera Kuban sortu baitzen, Habanan. Bertan komunitate euskalduna zuten eta gurasoak euskaldunak ez izan arren, euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna txiki txikitatik transmititu izan diote.

Euskara jakin gabe hazi bazen ere, betidanik maitatu izan du hizkuntza, eta Euskal Herrira etorri bezain laster hasi zen euskara ikasten. «Euskaltegian izena eman eta prozesua poliki-poliki egiten hasi nintzen. Euskaltegian AEKn egon izan naiz Grosen eta Amaran, eta bi barnetegietan ikasle ere izan nintzen. Arantzako barnetegian hain zuzen ere. Oso prozesu polita, naturala eta zoragarria izan da nire euskalduntzearena».

Euskara ikasten hasi, eta euskaraz maitemindu. Autobusean bere garaiko irakasle batekin topo egin zuen, gaur egun lankidetzat duen garaiko irakasle batekin, eta galdetu zion ea noiz joango zen euskaltegira lanera. «Ordurarte sekula ez nion nire buruari planteatu ere egin aukera hori posible izango zenik. Irakasle izateko zer egin behar zen galdetu nionean esan zidan unibertsitateko gradua, EGA eta glotodidaktika titulua atera behar nituela. Hori entzutean nire baitan pentsatu nuen ‘Bikain, hiru horietatik zero, ez dut bat bera ere’. Lasai egoteko esan zidan, presarik ez nuela, eta egun horretatik aurrera horixe izan zen nire helburua, horrek markatu zuen nire bidea».

Euskaltegitik, Barnetegira

Euskalduntzea prozesu bat dela esan genezake eta prozesu hori garatzeko bide ezberdinak har daitezke. Ohikoena euskaltegira joan eta klasean euskara ikastea izaten da, baina ikasle gehienek klasea amaitu eta atetik ateratzeko momentuan haien ama hizkuntzara egiten dute itzulia. Hizkuntza ohitura eta ingurumen linguistikoak eragin nabarmena izaten du hizkuntza bat ikasterako orduan.

Horretarako balio dute barnetegiek. Ingurumen linguistikoz aldatu eta hizkuntza ohiturak birsortzeko. Euskaran murgildu eta euskara hurbiletik eta harrotasunez bizitzeko. «Denetarako astia izaten da bertan, eskolarako, txangoetarako, ekintzetarako, lagun berriak egiteko, eta azken batean egun osoan euskaraz bizitzeko. Aurrerapauso handia izaten da beraz euskalduntze prozesuan», dio Albak, AEKko Barnetegi arduradunak.

Maialen ere barnetegietan ibilitakoa da, lehenik ikasle eta gero irakasle. Bere ustetan, barnetegiak norberaren errealitatetik atera eta zerotik hasteko leku aproposa dira. Euskalduntze prozesua naturaltasunez, askatasunez eta lotsarik gabe aurrera eramateko «leku zoragarria». Bertan ez duzu inor ezagutzen, eta ez zaitu inork ezagutzen, beraz, inork ez du zugan espektatibarik. Akatsak egin, ikasi, euskaratik eta euskarazko harremanak sortu… eraldaketa prozesu bat, «oso eraldaketa handia izaten da ikasleen bizitzan. Handik ateratzen direnean esango nuke eraldatuta iristen direla».

Irakasle hasi zenean ere argi zuen barnetegietara irakasle moduan ere joan beharra zuela, eta hala egin zuen. Bere hitzetan «zoragarria» izan zen esperientzia. Bere burua ikasleen lekuan ikustean inbidia ere sentitu zuen. «Hain ongi pasatu nuen nik haien lekuan eserita» dio Maialenek, baina argi utzi du irakasle moduan ere «izugarri» disfrutatzen dela prozesu horren parte izaten.

Barnetegitik, euskaraz bizitzera

Barnetegiak, euskara mailari bultzada handi bat emateko aukera dira. Euskaraz bizitzen ikasteko lekua. Uda honetan ere, horretarako aukera izanen du bertara joan nahi duen orok. Arantzan (Nafarroa), Foruan (Bizkaia), Adunan (Gipuzkoa), Urepelen (Nafarroa Beherea) eta Mendikotan (Nafarroa). Euskalduntzea, egiaztagiriak lortzeko azterketak prestatzea, Zuberoako euskalkia ikastea, edo eta seme-alabekin euskaraz mintzatzeko ohitura sortzea.

Hala A2tik C1era arteko mailak eskainiko dira Arantzan eta Foruan, A1etik C1era artekoak Urepelen, eta B2 eta C1 mailak egiaztatzekoak Arantzan. Bestalde Xiberera ikasteko barnetegiak Mendikotan, eta Familia Barnetegiak B1, B2 eta C1 mailak Adunan. Bertara joan nahi izan ezkero, aek.eus/barnetegiak atarira jo, eta bertan izanen da izena emateko aukera.

Albaren hitzetan, bertarako baldintza garrantzitsuena «euskara ikasteko eta esperientzia bizitzeko gogoa» da. Hortik aurrera, helburuaren arabera edo mailaren arabera barnetegi bat edo beste eskainiko zaio ikasleari. «Etorri nahi duen orori lekutxoa egiten saiatuko gara».

«Lotsa uztera», hala dio Maialenek. Barnetegiko atea zeharkatu orduko lotsa uzten omen da hor nonbait, eta «konfiantza» eta «segurtasunez» beteta ateratzen omen dira ikasleak bertatik.

Beraz, duela mende erdi Zubietara joan ziren gau eskoletako ikasleen moduan, lotsa alde batera utzi nahi duenak badu aukera. Norberaren eraldaketatik, euskara ikasi, euskaraz gozatu, esperientzia berriak bizi, eta nola ez, euskaraz bizitzera.