‘Kosta ala Kosta’, uda giroko saioa NAIZ Irratiaren olatuen aparretan
Uztailarekin saio berria abiatuko du NAIZ Irratiak, ‘Kosta ala Kosta’; itsaso baztarrera joango dira irratiko mikrofonoak, olatu aparretan udatiar artean galdu asmoz.
Ba al dakizue sonbrilari itzalkin edo eguzkitako ere esaten zaiola? Ba adi uztailetik aurrera NAIZ Irratiko bi eguzkitako laranja erraldoi kostan ikusten badituzue, ‘Kosta ala Kosta’ saioaren kokalekua emango dizue eta azpian gordeta Iker Gurrutxaga, Oihana Azkue, Ion Garate edo Malen Frantsesena topatuko dituzue.
Uztailaren 1etik aurrera euskal kostalde guztia zeharkatuko du saio berriak, beno, eta kosta ez dena ere bai, datorren ostiralean Aiegiko Iratxe kanpinera ere joatekoa baita, adibidez.
Herriz herri jardungo du saioak protagonista bila, udaleko aginte makila daramaten alkateak eta kale bazterretan agintzen dutenak, hondartzen etengabeko begirale diren sorosleak, udako lanetan buru belarri ari direnak... zer ez ote duten kontatzeko!
Ondarroan abiatuko du bidea ‘Kosta ala Kosta’ saioak astelehen honetan, Zumaian izango da ondoren, Sopelan asteazkenean, Ziburun ostegunean eta Aiegin ostiralean.
Udaz gozatzeko sariak, lehiaketan
Saioa bera da udaz gozatzeko bide eman asmo duena, baina saioak udaz are gehiago gozatzeko bidea ere irekiko du. Banoa Bidaiak eskutik hartuta, bi lagunentzako Senegalera bidaia bat irabazteko aukera izango da, egunero izango diren proba eta galdera erraz bati soluzio zuzena ematen diotenen artean zozkatuko da. Iratxeko kanpinaren eskutik asteburu pasa bat bungalowan ere izando da zozketagai. Sari horiek bertatik bertara parte hartzen dutenen artean banatuko dira, baina bertaratu ezin dutenentzat ere badaude sariak, Foto Samar bilbotarren eskutik lau argazki kamera dotore zozkatuko baitira.
Eguraldi onarekin bilatu NAIZ Irratiaren eguzkitako laranjak zuen herriko hondartzan, goibeltzen bada herriko aterperen batean izango gara, kosta ala kosta.