Txapeldunen Ligako baloiak dituen adina izar ariko dira larunbatean San Mamesen
Larunbat honetan jokatuko dute Bartzelonak eta Olympique Lyonek Txapeldunen Ligako finala Bilbon, San Mamesen. Bi euskal herritar izango dira aurrez aurre: Irene Paredes eta Damaris Egurrola. Amaia Ugarte GARAko kazetariarekin aztertu dugu final handia, eta Sebas Martija izan da gonbidatu berezia.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
San Mameseko berdegunea izarrez beteko da larunbat honetan, Txapeldunen Ligako logoaz harago doazen izarrak dira, futbolariak, alegia. Goi-mailako bi talde arituko dira elkarren aurka, punta puntako futbolariez osatutako bi talde: Bartzelona eta Olympique Lyonnais.
Katalanek bi aldiz irabazi dute nazioarteko txapelketa entzutetsuena, azkena iaz; frantsesek, aldiz, zortzi aldiz altxatu dute garaikurra, azkena duela bi urte, Bartzelonaren aurka, gainera. Talde bakoitzean euskaldun bana arituko da –Irene Paredes Bartzelona eta Damaris Egurrola Lyoneko taldean– eta beraz, ziurtatuta dago euskaldun bat aterako dela garaile San Mameseko dematik.
Harmailak guztiz beteko diren partida izango da, sarrera guztiak agortuta baitaude, eta emozio asko eta lehia estua aurreikusten da. Amaia Ugarte Lasagabaster GARAko kazetariarekin eta Sebas Martija entrenatzaile ohiarekin aztertu du NAIZ Irratiak final handia.