IRRATIA
Entrevue
Jokin Unamuno eta Adur Ramírez de Alda
Altsasu Auzian zigortutako gazteak

«Interesgarria da lawfareaz hitz egitea, baina zeinen berandu datorren»

Ahanzturari iskin egin asmoz 'Altsasu memoria gunea' ondu dute altsasuarrek. Unamuno eta Ramirez de Aldak zigorra amaitu berri dute eta hau aprobetxatuz atzera begira egiten dute, «etorkizunerako testigantza» osatuz. Estatuaren izaera antidemokratikoa azpimarratu dute atzera zein orainari begira.

Maiatzaren 7an eta 10ean bete zuten zigorra, hurrenez hurren, Jokin Unamunok eta Adur Ramírez de Aldak (NAIZ)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno bildu zituen NAIZ Irratiak Altsasun. Berriki berreskuratu dute askatasuna biek, kalean bai baina hirugarren graduan baitzeuden. Zigorra maiatzaren 7an amaitu zuen Jokinek eta 10ean Adurrek. Maila pertsonalean auziak izandako inpaktua azaldu dute, baina haien kasuak sortutako elkartasun olatua eta eragin soziala azpimarratzea nahiago izan dute.

'Altsasu memoria gunea' proiektua aurkeztu zuten herritarren eta prentsaren aurrean pasa den ostiralean. Memoria ariketa kolektibo handia egin dute, ia urtebeteko prozesua izan dena. Asmoa, sinplea eta aldi berean konplexua: bildutako jakinduria eta material guztia ez galtzea eta etorkizunera begira baliagarria izatea.

Zazpi urte eta erdiko prozesua bildu dute memorian. Denbora horretan «aldaketa sakonak» bizi izan dituzte, Unamunok nabarmentzen duen moduan «bai maila pertsonalean bai sozialki». Eta zentzu horretan kokatzen du lan hau. «Hurrengo belaunaldiei uzteko asmoarekin sortu da» eta, memoria historikoarekin gertatu ohi denaren aldean, «fresko» dagoenean egin nahi izan dute.

Atzera begirada horretan Ramirez de Aldak kasuaren inguruan «artikulatu zen masa» dauka gogoan. «Hori gabe ez ginateke gaur egun gauden puntuan egonen. Nola jendea emozionatu egin zen, batasuna egon zen eta zer nolako indarra daukan horrelako adostasuna lortzeak».

Memoria, hausnarketa egiteko giltza

Hasieran «justizia» edo «desproporzioa» bezalako hitzak gailendu ziren eta auziaren inguruko aldarrikapenek nondik jo behar zutenaren inguruan eztabaidak ere izan ziren herrian. «Hasieran amorrua ere badago eta agian hitz horiek ez dute mundu guztia asetzen. Baina kontzeptu horien inguruan batu zen jendetzak izan zuen balio eraldatzaile bat eta jende askok Altsasun eta baita Estatuan begiak ireki zituen», hausnartzen du Ramirez de Aldak.

Memoria ariketa horrek lanketa pertsonalean ere lagundu die. Unamunoren kasuan espetxe sistema eta, bereziki, horren barneko osasun sistemaren inguruan mintzatu da. Izan ere, kartzelan zela gaixotasun bat izan eta lehen pertsonan bizi izan zituen honen gabeziak. «Gizarteak errealitatea islatzen ez duen espetxearen inguruko irudi bat dauka eta espetxearen benetako erroa zein den plazaratu nahi nituen. Espetxearen benetako helburua pertsonak suntsitzea da».

Nola gertatu zen Altsasuko auzia?

2016ko urrian hasi zen Altsasuko auzia. Eta data nabarmentzea garrantzitsua da Ramirez de Aldarentzat. «Testuingurua hartu behar da. Altsasuko Alde Hemendik! dinamikak, Nafarroako aldaketa politikoa torpedeatzeko saiakerak, ETAren jardun armatuaren amaiera eta biktimen berkokapen bat agente politiko bezala, agenda markatuz». Gogoratu beharra dago Covite ezinbesteko agente bihurtu zela prozesu guztian.

Katalunia ere ekuazio horren barnean sartzen du altsasuarrak: «Kasualitatea edo ez, Carmen Lamela, gure kasuko instruktorea, Proces-eko instruktorea izan zen. Sinkronizazio asko eman ziren». Unamunoren hitzetan, Estatuak «ez zuen inongo proiekturik» Euskal Herria eta Kataluniarentzat eta «errepresioarekin soilik» erantzuten zien gatazkei. «Garai horretan, aldaketak ematen ari ziren eta estoldak oso urduri jarri ziren eta haien dinamika errepresiboak mantentzen saiatu ziren».

Honek guztiak Altsasun «arrasto sakona» utzi duela dio Unamunok. «Osparen kontra jo nahi izan zuten, gu zortzion kontra jo nahi izan zuten, baina herri guztiaren kontra egin zuten eta eskerrak eman behar diegu epailei. Herri guztia erasotu zuten eta herri guztia borrokara batzea ekarri zuten». Indar polizialen eta hedabideen papera zalantzan jartzen hasi ziren herritar asko. «Herriarentzat gure auzia oso positiboa izan zen».

Lawfare

Hedabideetan bolo-bolo dabilen «Lawfare» hitza entzunda barrea ateratzen zaie bi elkarrizketatuei. «Interesgarria da horrelako gauzetaz hitz egitea. Kontua da zer berandu datorren honen hausnarketa», dio Ramirez de Aldak. Pedro Sanchezen hausnarketa egunak hizpide hartuta, gogora ekartzen du «PSOEk zein paper aktibo» izan duen «lawfare horretan edo Euskal Herriko gatazkan».

«Estatua delako egiten ditu horrelako gauzak. Prozesu independentistek edo prozesu eraldatzaileek daukaten lawfare jasapen hori da Estatuaren izaera autoritario horrengatik. Estatuaren arma da eta mahai gainera aterako ditu Estatuak berak behar duen guztietan», gehitzen du Adurrek. «Gure azaletan bizi izan dugunean terroristen aurkako justizia zen», kritikatzen du Unamunok. Horregatik «zinismorik gabe» hitz egiteko eskatzen du Ramirez de Aldak.

Zazpi urte eta erdi igaro dira eta uda berri bat dute aurretik. Lehen aldiz pasaportea eskuan dute eta ortzimuga irekitzen zaie, bidaiatzeko gogoarekin. Hala ere, Estatutik aterako diren lehen aldian, ia 30 urterekin espetxera joan ziren 22 urteko «gazte borrokalari» horiek izaten jarraitzen dutela erakutsiko dute. Izan ere, Berlinen, topaketa batzuetan, auzi politiko ezberdinak aurkeztuko dira eta haien testigantza emanen dute, memoria gure mugetatik haratago eraikitzen jarraitu asmoz.