«Industria garatzeko legea behar badugu, adostu dezagun lan baldintzak ere hemen erabakitzea»
Industria Lege Berrirako lehen ondorioen txostena ostiral honetan argitaratuko da eta ostean hasiko da zirriborratzen legea. Nafarroako Gobernua enpresarien interesak hobesten ari dela salatu du LABek eta legearen erdigunean lan baldintzak jartzeko galdegin dio Maria Chiviteren taldeari.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
2023ko azaroan Nafarroako Gobernuak sektorean dauden erronkei eta eraldaketei aurre egiteko Industria Lege berria onartuko zuela iragarri zuen, aurten abiaraziz legea erdiesteko prozesua. Azken hilabetetan, hainbat lan-talde eta bilkura antolatu dira. Horietako zenbaitetan parte hartu du LABek. Maiatzaren 17an aurreikusten da gobernuak ondorioen txostena argitaratzea. Dena ongi bidean, irailaren 2an aurkeztuko du lege-zirriborroa Gobernuak.
Sindikatuak Nafarroako Industriaren Lege berria lan-baldintzetan ardaztea eskatu du. Gobernuak “lobby enpresariala” lehenestea gaitzetsi du sindikatuak, gainera. Izan ere, zazpi enpresa elkartek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan moldaketak eskatu berri dituzte, publikoki, lege berriaren zirriborratzea baldintzatu asmoz.
Asier Calderon LABeko kidea antzerkiaz mintzo da. Baina obra honetan arreta edo kezka, ez dio enpresarien jokamoldeak piztu; Nafar Gobernua jokoan sartu izanak baizik. Enpresarien interesak lehenestea leporatu dio Maria Chiviteren gobernuari. Patroalaren agerraldian parte hartu izanak «argi adierazten du gobernuak zein pisu ematen dien industria foro horretan parte hartu duten eragile eta kolektiboei». Enpresarien eta gobernuaren arteko ezkutuko adostasunik atzean izan ote daitekeenarekin kezka adierazi du Calderonek. Desoreka azpimarratu du: «ez da horrelako eztabaida bat emateko modua».
Sozietateen Zergan arreta jarri beharrean, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergan jarri du arreta lobbyak. Enpresen eskaerak Nafarroako industriak dituen erronka eta beharrei ez diela erantzuten gaineratu du Calderonek. Tartean, makroproiektuen alde egin dutela azaldu du. Zentzurik ez du haren ustez eta adibide argia jarri du: AHT-a. Frantziako estatuarekin ez du konexiorik izango. Horrez gain, kontuan izanda Nafarroako industraren lurraldea «desoreka handia» AHTak ez duela herrialdea egituratzeko balio izango deritzo Calderonek, ezta eremu industrialen kasuan ere.
Desoreka eta apustu falta
Nafarroako industriak erronka eta hutsuneak ez ditu faltan. Lurralde desoreka handia dago Iruñerriaren mesedetan, gainontzeko eskualdeen kalterako. Apustu zehatz baten ondorio dela dio Calderonek. Baztan Bidasoako adibidea argigarria da: «Altos Hornos eta inguruko lantegien artean garaian 3-00-4.000 langile artean izango ziren. Egun Arcelor ingurko langileak batuta ez da 600era iritsiko. Ez da kaleratze traumatikorik izan, hau apustu bat izan da. Pazientza izan dute, borrokak eta hobekuntzak izan diren Nafarroako hainbat eskualde industrial hustu dute eta hustutze hori interesatua izan da».
Eta beraz, zer egin eremu horiek biziberritzeko? Zonalde horiek, iragan industrialekoak direla nabarmendu du Calderonek eta beraz, azpiegitura sortua dela. Horiek aztertu, berreskuratu, beharrezko moldaketak egin eta enpresen inplementazioa bilatzea litzateke aterabidea LAB sindikatuaren ustez.
Lurralde desorekaz gain, lan baldintzengan ere jarri du arreta LABek lege berriari dagokionez. Lege berriari dagokionez, lan baldintzak Nafarroan bertan erabakitzeko tresnak garatzea galdegin du LABek; ete bereizki hitzarmen kolektiboetan jarri du indarra. Herrialde mailako negoziazio kolektiboak lotzen dituzte horrekin zuzen-zuenean, berme gisa, hitzarmen kolektibo sektorialak sustatzeko. Hori ez lortzea, «aukera galdua litzake».
Volkswagen, itxurakeriaren trantsizioa
Azkenaldian bigarren plano batean gelditu den arren, kezka iturri izan da Volkswagenen etorkizuna. UGT eta CCOOek hitzarmen berria lortzeko adostasuna sinatu zuten; LABek kontra bozkatu zuen. Adostutakoaren kalteez ohartarazi du Calderonek. Lehenik eta behin, enpresako gehiengo sindikalak 400 lanposturen suntsiketa zekarren hitzarmena onartu zuelako. Baina ez hori bakarrik:
Calderonek azaldutako moduan, automozio enpresa auto elektrikoak ekoizteko birmoldaketa ematen hasi da. Horretarako, Nafar Gobernuak 40 milioi euroko inbertsioa egin zuen, autoentzako bateriak sortzeko lantegia Landabenen kokatzeko eta, hartara, ekoizpena eta ensanblaje lanak errazteko. Ehunka postu sortzea aurreikusten zen. Azkenean, beste enpresa baten «lanpostu prekariodun» lantegi berri batean produzituko dira bateria horiek, enpleguekin eta «kutsakorrak diren» kamioien bitartez garraiatuz ekoizpena. Zuzena izan da Calderon: «Volkswagenen une honetan itxurazko birmoldaketa bate dago, baina sakonean inondik inora ez dena automozioak egin beharreko salto edo trantsizio ekologikora begirakoa».
Arcelor Mittalen «zaharrak berri»
Arcelor Mittaleko langileen egoera ere ez da erraza. Urte hasieran jakinarazi zuen enpresak aldi baterako lan-erregulazioa urtebete luzatuko zuela Etxebarri, Agurain eta Lesakako lantegietan. Legea enpresen mesedetara bihurritzea zein erraza den agerian uzten du 2009az geroztik luzatu den egoerak. Calderonek azaldu du Arcelorrek publikoki aitortzen duela lan-erregulaziorako espedienteak «malgutasun neurriak» direla. Errekorreko irabaziak arren, tresna hori erabiltzen jarraitzen du enpresak orain, jubilaziotik gertu diren langileak alboratu eta lanpostuak sunstsitu asmoz, LABeko kidearen esanetan. Espainiako Gobernuak enpresari hala jokatzea onartu diola kritikatu du: «Arcelorrek mafia bat bezala funtzonatzen du, nahi moduan egin eta desegiten du eta inork ez dio konturik eskatzen».