IRRATIA

Maiatzak 7, egun seinalatua musika klasikoan

Artista edo musika estilo bat ardatz modura hartu beharrean, data baten bueltako efemerideetaz aritu da Maialen Tellabide Barquero Bigarren Kafean. Maiatzaren 7ak gertaera garrantzitsuak biltzen ditu musika klasikoaren alorrean eta horretaz jardun du.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


XIX. mendeko hamabost urtetan pilatzen dira hizpide izan ditugun efemerideak. Ludwig Van Beethovenen bederatzigarren sinfonia gaurko egunez estreinatu zuten Vienan 1824an. «Agian historian gehien abestu den melodia izango da sinfoniaren bukaerako melodia» Tellabidek aitortu duenez. Plagioaren eta autoplagioaren fruitua dela ere esaten da eta sinbolismo handia duen melodia ere bada, Europar Batasunaren ereserki bezala ere ezagutzen dena.

Antonio Salieriren izena ere maiatzaren 7arekin lotuta dago. 1825an hil zen konpositore italiarra gaurko egunez Vienan. «Mozarten etsai nagusia zela esaten zen baina egiari zor, elkarren arteko harremana izugarri ona izan ez arren, elkarri errespetu handia zieten». Liszt, Schubert eta Hummelen konposizio irakaslea izan zen, besteren artean eta 74 urterekin hil zen, guztiz itsututa.

Heriotza batetik jaiotza batera. 1833ko maiatzaren 7an Johannes Brahms jaio zen. «Musika klasikoaren 3 B nagusietako bat da Bachekin eta Beethovenekin batera. Azken honen eragina nabarmena izan zen Brahmsen lanean. Bere lehen sinfonia Beethovenen hamargarrena dela ere esan izan da». «Bera kontserbadoretzat jo izan da baina bere musikak gutxi du kontserbadoretik» Tellabidek erantsi duenez.

Entzun Maialen Tellabiderekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.