IRRATIA

Ekainaren 1ean ospatuko ditu 30 urteak Usurbilgo Aitzaga elkarteak

Oihan Errekondo Aitzaga elkarteko kidea izan da NAIZ Irratiko uhinetan elkartearen berri eman eta azken sei hilabete hauetan izandako ekimenen inguruan hitz egiteko.

Olaia Inziarte izango da Aitzagaren urteurren festan kontzertua emango duenetako bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Herri batean eragileak izatea garrantzitsua bada, Aitzaga bezalako elkarteak ezinbesteko bihurtzen dira Usurbil bezalako herri koxkorretan. Elkarte bezala 30 urte baino gehiago daramatzate herrian ekiten eta eragiten, baina aurten 30 urte beteko dira elkartearen egoitzak ateak zabaldu zituenetik.

«Bost urtez itxita ere eduki genuen taberna. Guk artean 11 urte genituela Guardia Zibila etorri eta bost urterako pertsiana bota zuen Aitzaga tabernak. Urte horiek pasata, elkarteko bazkide egiteko abagunea zabaldu zitzaigun, 16 urterekin, eta ordutik gazte belaunaldi berri bat elkarteko kide bihurtu gara gaur egun dinamizatzera iristeraino», aipatu digu Oihan Errekondo usurbildar gazteak.

«Elkarteak egiten duen lanaren parte da bazkide garenon eta ezker abertzalearen komunitatearen parte sentitze garenontzat gauzak antolatzea, baina harago doaz gure helburuak. Herri guztiari zabaltzen saiatzen gara gure ekimenak eta azken sei hilabete hauetan ere horretan ibili gara, izan hitzaldi bat, erakusketa bat edota barriko bat antolatuz», jarraitu du Errekondok.

Ekainaren 1ean urteurren festa izango da, goizetik hasi eta goizaldera arte luzatuko den festa eta horren inguruan ere hitz egin digun arren, dagoeneko etorkizunera begira daudela nabarmendu du Errekondok. Ekitaldi politikoaren ostean, egunerako propio sortu den Fanfarrikant Brass band ibiliko kalez-kale, herri-bazkaria izango da atzetik eta, iluntzean, DJ Jotatxo, Olaia Inziarte, Delirium Tremens eta Zea Mays taldeak arituko dira frontoian. NAIZen harpidedunek sarrerak merkeago eskuratu ditzakete harpidedunen txokoan. 

Ea etorkizun luzea duen bada Aitzaga elkarteak!