IRRATIA
Entrevue
Markel Olano
EAJ-ko Gipuzkoako zerrendakidea

«Gu babestea PPren erabakia litzateke; Legebiltzarra matematika hutsa da»

Ahaldun Nagusi izanda pilatutako esperientzia Legebiltzarrera eraman nahi du Markel Olanok eta aitortu du, atsedena hartu ostean, beste bizi-ikuspegi batetik ekingo diola jardun berriari. Igandearen ostean PPk EAJ babestuko balu, alderdi popularraren erabaki propioa izango litzatekeela azaldu du.

Gipuzkoako ahaldun nagusi izan ostean, Legebiltzarrerako saltoa ematea espero du Markel Olanok (Jon Urbe | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Ibilbide luzea du politikan. Gaztetan EGIn militatu zuen eta EBBko kidea izan zen 2000. hamarraldiaren hasieran. Bide esanguratsuena, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundian egin du. 2007an hartu zuen lurralde horretako Ahaldun Nagusiaren kargua, eta EH Bilduko Martin Garitanok (2011-2015) makila heldu zuen urteetan salbu, zeregin horretan izan zen iaz arte.

Salto bat eman duzu, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izatetik EAEko hauteskundeetako zerrendara. Esanguratsua da, baita ere, Joseba Egibar zerrendatik kanpo utzi duela EAJk. Aldaketa hauek presioa eragiten dizute?

Kontrakoa, presioa kendu egin didate. Gogoan dut 2007an hasi nintzela erakunde publiko batean; kanpaina egin eta Ahaldun Nagusi izatea tokatu zitzaidan. Hurrengo legealdian oposizioko burua izan nintzen, eta hurrengo zortzi urteak berriz ere Foru Aldundian eman nituen. Ardura instituzional batek izugarrizko presioa eragiten du, eguneroko lana oso gogorra da eta bizimodua asko konplikatzen da. Orain, impasse moduko bat izan dut, lasaiago ibili naiz, eta berriro sartu naiz kanpainan. Baina exekutibotik legegilera pasatu naiz. Legebiltzarkidea izatea egokituko zait ziur aski eta horrek bizimodua beste modu batera bideratzeko aukera emango dit. Horrek ez du esan nahi lanik egingo ez dudanik, baizik bizkar gainean neraman zama arindu egingo zaidala.

Aldundian ikasitakoek balioko dizute Legebiltzarrean?

Bistan da. Baserri batetik gatoz olanotarrak, eta han kontzeptu bat erabiltzen genuen: «Larre motxekoa izatea». Belar gutxirekin hazten den ganadua da larre motzekoa, zaildutakoa. Eta nik diziplina eta exijentzia handiko lan bat izan dut, halakoa da Ahaldun Nagusia izatea. Eta horrelako lan batek ematen du aukera zure lurraldea oso ondo ezagutzeko, ezagutzeko zer erronka dituen eta nola aurre egin horiei. Gure lurraldea, gainera, ezaugarri oso bereziak ditu; bi aipatzearren: bere enpresen lehiakortasuna eta euskararen ezagutza eta erabilera. Horiek biak osatzen dute Euskal Herriaren etorkizuna, nire ustez.

Gipuzkoari dagokionez, zer lehentasun ditu EAJk?

Euskal herritarren %70 ordezkatzen duen Legebiltzarra eta legebiltzarkideak aukeratzeko kanpaina da, eta esango nuke Gipuzkoak ekartzen dizkiola herrialde osoari, eta baita erkidegoari ere, funtsezko elementu batzuk. Gure lurraldeak apustu handia egin du ezagutzaren alde. 80ko hamarkadan hasi zen zentro teknologikoak eta ikerketa zentroak abian jartzen. Horrek ezagutzaren inguruko ekosistema bat sortu du eta, momentu honetan, Europan puntan dago hainbat arlotan. Halaber, lehiakortasuna ekarri dio gure enpresen sareari, zeren industrialak gara, Erdi Arotik izan gara industrialak eta etorkizunean halakoak izateko bokazioa daukagu. Guretzat funtsezkoa da Euskal Herri mailan lehiakortasun ekonomikoa lantzea. Zergatik? Bada, horrek aberastasuna sortzea dakarrelako. Sortzen ez den aberastasuna ezin da banatu. Gipuzkoan beti defendatu dugu gizarte solidario bat, justua, aberastasuna banatzen dakiena. Orain dela gutxi argitaratu dira desberdintasuna neurtzen duen Gini indizearen datuak eta, 23 punturekin, Gipuzkoa kokatzen du munduko maila goreneko postuetan. Horrek adierazten du zein den gure eredua.

«Ezaugarri oso bereziak ditu; bi aipatzearren: bere enpresen lehiakortasuna eta euskararen ezagutza eta erabilera. Horiek osatzen dute Euskal Herriaren etorkizuna»

EAJk egonkortasuna aldarrikatu ohi du, baina Gipuzkoak 2024rako ez du aurrekonturik. Hau jakinda, hobeto baloratu behar dira hauteskunde osteko aliantzak?

Gehiengo osoa izateak, orain arte Urkullu lehendakariak Legebiltzarrean izan duen bezala, egonkortasuna ematen dizu. Baina norberak egokitu behar du bere errealitatera. Eta zein da errealitatea? Bada, herritarrek erabakitzen dutena. Demokrazian sinesten dugunok garbi dugu herritarrek emandako emaitzak eszenatoki bat sortzen duela eta horretara egokitu behar dugula. Laster jakingo dugu zein izango den. Orain Gipuzkoako Ahaldun Nagusi den Eider Mendozak beste egoera bat dauka, nik bizi nuenaren aldean desberdina, eta egokitzen ari da. Kasu horretan, elkarrizketek eta negoziazioek eramaten zaituzte zure helburuak bete ahal izatera. Egia da zailagoa dela, baina egia da, baita ere, demokraziaren ikuspegitik zorrotza dela: aurre egin behar diozu testuinguru berri horri eta egitasmo guztiak landu. Hauteskunde giro batean zailagoa da. Baina biharamun hori pasatzen denean, urak bere bidera itzultzen dira eta benetako politika hasten da.

Jon URBE/FOKU
Jon URBE/FOKU

«La Razón» egunkariak aipatu du PPk EAJri bere babesa emango diola inolako eskaerarik egin gabe, baldin eta gehiengoa ez baduzue lortzen. Halakorik gertatuz gero, zer irudiko litzaizuke?

Hori Alderdi Popularraren erabakia izango litzateke. Gipuzkoako Foru Aldundiaren osaketan ere izan zen polemika, baina garbi geratu zen ez zela negoziaziorik izan PPrekin. Espainiara begira egiten ditu bere politikak eta hartzen ditu bere erabakiak. Legebiltzar bat osatzen denean, garbi dago legebiltzarkideen gehiengoak behar dituzula, eta horrek matematika hutsera eramaten zaitu, oso sinplea da. Ikusiko dugu datorren igandetik aurrera zer ematen duten matematika horiek.

Politikagintza espainiarrari begira, Alberto Nuñez Feijook (PP) asteburuan esan zuen EAJk PPren hauteskunde programa kopiatu duela.

Horrek barregura ematen dit. EAJren programak esperientzia sendoa dauka oinarrian, eta uste dut Alderdi Popularrak, umiltasunez diot, ez duela arrimatzerik ere EAJk beste askorekin batera eraiki duen gizarte honetara. PP urrun dago euskal gizartetik.

«Funtsezkoa da Euskal Herri mailan lehiakortasun ekonomikoa lantzea. Zergatik? Bada, horrek aberastasuna sortzea dakarrelako. Sortzen ez den aberastasuna ezin da banatu»

Euskal Herriko mugimendu feministak euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu zuen azaroaren 30eko greba orokorrean. Horren ondoren, hausnarketarako tarterik izan duzue?

Esatea sistema «publikoa» batetik, eta «komunitarioa» bestetik, oximorona da. Bi kontzeptuak aldi berean ez dira posible. Zaintza guztia esku publikoetan uzten baduzu, gizarteari ez diozu aukerarik ematen boluntariotzatik edo ikuspegi komunitariotik parte hartzeko. Ez naiz ari harrokeriaz lortu duguna aipatzen, zeren asko dago egiteko, baina azpimarratu behar dut Gipuzkoako zaintza sistema dela Europako aurreratuenetako bat. Ez bakarrik adinekoen zaintzari begira, baizik desgaitasuna duten pertsonena, buruko gaixotasunak dituztenena, haurrena… Sistema sozial hori eredu propio batekin garatu dugu Gipuzkoan, eta oinarrian dagoena gizarte antolaketa da. Trantsiziotik edo frankismoaren garaitik irabazi asmorik gabeko hirugarren sektoreko elkarteak osatu dira, eta Gipuzkoan horiek kudeatzen dute gizarte politiken zati inportante bat, administrazio publikoaren kontzertazioarekin eta finantzazioarekin, hezkuntza sistemak ikastolak dituen bezala edo helduen alfabetatzearen arloan AEKk duen bezala. Herri ekimenak hartu du zaintzaren ardura erakunde publikoekin kontzertazioan. Eredu misto bat da, eta adituek esaten dute eredugarria dela. Zergatik? Bada, batik bat pertsona zaharrek eta behar gehien dituztenek daukatelako sektore bat, boluntario sare bat eta komunitate bat beren zaintzaz arduratzen direnak profesionalekin eta administrazio publikoaren babesarekin. Hor dago komunitatearen giltza. Defendatzen baduzu horrek guztiak publikoa izan behar duela, orduan ari zara eredu hori iraultzen eta hankaz gora jartzen. Gure ereduan sakondu behar dugu, hori da EAJk hauteskundeei begira defendatzen duena.

Iraunkortasuna bermatzeko desazkundea bultzatzea ohiko aldarrikapena da. Zer iruditzen zaizu?

Derrigorrez etorriko da desazkundea. Klima aldaketari aurre egiteko eredu aldaketa garrantzitsuak behar dira, adibidez, mugikortasunaren ikuspegitik. Gogoan dut Gipuzkoan Mubil proiektu estrategikoa martxan jarri genuenekoa. Mubilek mugikortasun aurreratua, inteligentea eta iraunkorra bermatzeko helburua du, eta horrek ekarriko du gure industriaren goitik beherako eraldatze bat. Horren erakusle izango da auto elektrikoen haziera. Orain gure autoen parkearen %5 badira, urte gutxian %50etik gora izango dira. Industria aldatuko du horrek, gure barne produktu industrialaren %40tik gora automozioari lotuta baitago. Autoa partekatzeko kultura bat etorriko da, auto autonomoak etorriko dira, eta etxe bakoitzean bi-hiru auto izateko kultura pixkanaka aldatzen joango da. Kultura aldaketa sakon bat izango da. Baina gu bezalako gizarte industrial batek lortu behar du trantsizio horretan gure indar industriala eta kalitatezko enpleguak mantentzea.

«Indar berria» da EAJren kanpainaren leloa. Zertan da berria, zer da mantendu nahiko zenuketena, eta zer zahar geratu dena?

Esango nuke hautagaia dela berria. Berak duen harreman sarearengatik eta ezagutzarengatik etorriko da belaunaldi berri bat. Zahar gelditu dira orain arte kudeaketan izan diren belaunaldi batzuk, ni neu barne; 60 urtera gerturatzen ari garen eran, beste belaunaldi batzuei bide eman behar diegu. Belaunaldi berri batek kultura berri bat dakar, gauzak egiteko modu berri bat, eta hori gizartearentzat oso ona da. Aldundiak mugimendu garrantzitsu bat egin zuen Gipuzkoan Etorkizuna Erakiz planarekin: Gipuzkoako erakunde publiko nagusiaren gobernantza aldatu zuen eta lurraldearen erronka nagusiak gizartearekin elkarlanean bultzatu zituen. Ehunka proiektu jarri ziren martxan, ia 50.000 pertsonak parte hartu zuten, eta hori da bidea: kultura politiko berri bat martxan jartzea jende gaztearekin.