«Eskumen guztiak jorratu nahi ditugu, legeak uzten dizkigun eskumen guztiak»
Igeldo Tokiko Erakunde Txiki gisa eratzea erabaki dute herritarrek, Igeldoko Herri Kontseiluak eta Donostiako Udalak adostutako galdeketan. Erabakitakoaren oinarrien eta aurrera begira dituzten asmoen berri eman du kontseiluko Eneko Dorronsorok.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
% 46ko parte-hartzearekin, Donostiako Udalak eta Igeldoko Herri Kontseiluak tokiko erakunde txiki gisa eratzeari buruz antolatutako kontsultak % 85eko babesa jaso du. Eneko Dorronsoro Igeldoko Herri Kontseiluko kideak parte-hartze datua jarri du balioan, baina ez soilik zifrari dagokionean. Izan ere, azaldu duenez aurrez egin diren galdeketen ondorioz herritar askok haien iritzia plazaratua zuten, bozka bidez baina baita bileretan parte hartuz ere. Oraingoan, batzar horietan parte hartu ez duen jendeak ere bozka eman duela nabarmendu du Dorronsorok eta horrek galdeketari «indarra» eman diola gaineratu du.
Aldaketak, pixkanaka, baina handiak
Igeldotarren gehiengoak hartutako erabakiak agertoki berri bat zabalduko du. Aldaketak handiak izatea espero dute, nahiz eta bidea hasi besterik ez den egin. Dorronsorok azaldu duenez «Herri kontseiluak lan handia egin du azken urteotan», baina zailtasunak izan dituzte lan hori egikaritzerako orduan: «ez genuen aurrekonturik eta Donostiatik gure eskaerei entzungor ziren». Orain, hori aldatzea espero dute.
Eneko Dorronsoro Herri Kontseiluko kideak NAIZ Irratian azaldu duenez, «eskumen guztiak jorratu nahi ditugu, legeak uzten dizkigun eskumen guztiak». Eta gogora ekarri du Donostiako Udalarekin adostutakoaren arabera, Igeldo tokiko erakunde txiki eratzeko proiektuak fase desberdinak izango dituela. Udalarekin lehen kolpean «trasferitzeko errazak ziren eskumenak» eskualdatuko zituztela adostu zuten; baina Dorronsorok aipatu du bigarren faserako gelditu direla kontseiluarentzat «oso garrantzitsuak» direnak: hirigintza, etxebizitza edota hilerriaren kudeaketa, esaterako. «azterketa sakonagoa behar dute eta horregatik geratu dira bigarren faserako».
Etorkizuneko udalerrirantz
Hurrengo urratsa, baina, Foru Aldundiak eman beharko du. Galdeketa egin ostean, Aldundiak dekretu bidez onartu beharko du Igeldo tokiko erakunde txiki bihurtzea eta gestoria bat sortu. Bitartean, kontseiluak bere hausnarketa propioak emango dituela aurreratu du Dorronsorok: kontseiluaren jardun propioari dagozkionak alde batetik, eta entitatearen organo-osaerari eta lan-ildoei buruzkoak bestetik.
Tokiko erakundearen alde egin dute oraingoan igeldotarren, baina «gauza guztien inguruan hitz egiteko prest gaudela» gogora ekarri du Dorronsorok. Azken urteetan herritarrek aukera izan dutenean haien borondatea zein den argi erakutsi dutela azpimarratu du. Zentzu horretan, tokiko erakunde txikiak «egunerokotasuna hobetzeko» baliagarria dela iritzita, aurrera egitea erabaki dute. Horregatik, eta «egunen batean herri izateko pausuan lagunduko» dielakoan.