Yellowjackets, jazz fusioaren erakusle
40 urtetik gorako ibilbide luze bezain oparoa duen Yellowjackets taldea ekarri digu Maialen Tellabide Barquerok Txuribeltzeko Teklak tartera. Izen aldaketa, urte gehien elkarrekin aritu den formazioaren ingurukoak eta gauza gehiago aztertu ditugu berarekin.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
1977an AEBetako Calfornian The Robben Ford izenarekin sortu zen taldea izan zen lehen hazia. Robben Ford gitarran, Russell Ferrante teklatuan, Jimmy Haslip baxuan eta Ricky Lawson baterian ziren hasierako taldekideak. 1981ean taldeari izena aldatu zioten eta Yellowjackets izenarekin lehen diskoa atera zuten.
27 disko atera dituzte jazz fusioaren erreferenterik handienetakoak dira. Euren estiloa beti izan da elektro-akustikoa, nahiz eta azken disketan akustikora hurbiltzen ari diren gehiago. Bi Grammy sari jaso dituzte eta aurrez aipatutako taldekideen aldaketez gain, musika arloan ere izan dira aldaketak, saxoa instrumentu nagusia bihurtuz gitarra elektrikoaren kaltetan.
Ferranterekin eta Haslipekin batera, Bob Mintzer eta William Kennedy izan dira taldearen formaziorik iraunkorrena osatu dutenak. Ferrante izan da taldeko konpositore nagusia eta taldeari izaera eta nortasuna eman diona. Jimmy Haslip baxuan birtuoso bat izan da eta soinu eta teknika oso bereziak izan ditu. Jaco Pastoriusen ikaslea izan zen eta honen semeak ordezkatu zuen taldea utzi zuenean.
Bob Mintzerrek taldea jazzera hurbildu zuen rock eta funk estiloetatik. Konposizio aldetik asko eman zion taldeari eta EWIa gehitu zuenean saxo tenor eta klarinetearekin batera. Azkenik, Kennedy oso txikitatik hasi zen bateria jotzen eta oso barneratua zuen instrumentua 1988an taldean sartu zenerako.
Entzun Maialen Tellabide Baquerok Bigarren Kafean Yellowjackets taldearen inguruan kontatu diguna.