IRRATIA

«Kalean ikusten ditugun gehiengoak ez dira ikusten gobernuetan»

Inkestek Sumar Eusko Legebiltzarrean kokatzen dutela azalduz, euren lehentasunak partekatzen dituzten «alderdi aurrerakoiekin elkar-ulertzeak zentzua dauka», Sumarrekin batera aurkeztuko den Ezker Anitzako antolakuntza idazkari Iñigo Martinezen arabera.

Aurrekanpaina giro betean, Naiz Irratirako bidea egin du Ezker Anitzako Iñigo Martinezek (Naiz Irratia)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Bi legealditan parlamentari izan ostean, Ezker Anitzako antolakuntza idazkari bezala, ekingo dio apirilaren 21eko hauteskunde kanpainari Iñigo Martinez Zatonek. Hauteskundeotan, Sumar koalizioaren parte gisa aurkeztuko da IU-Ezker Anitza Sumar Mugimendua bera eta Equorekin batera. Pasa den asteburuan EAEn izandako kutsu ezberdineko mobilizazio ugariei erreparatuz, arlo sozialean dagoen batasun hori erakunde publikoetan islatzearen beharra aipatu du Martinezek: «Kalean ikusten ditugun gehiengoak ez dira ikusten gobernuetan. Momentua da gobernu ezberdinak martxan jartzeko, politika aurrerakoiak martxan jartzeko».

Euren helburuak arlo sozialean kokatuz, lehentasunak lana, osasun sistema, hezkuntza eta etxebizitza direla zehaztu du Martinezek, guztiak «gurutzatzen» dituen trantsizio ekosozialarekin batera. Etxebizitza legearen defentsa eginez, EAJk «xisteratik atera» duen azken hauteskunde promesa kritikatu du Ezker Anitzako ordezkariak; etxe bat okupatu duten pertsonak 48 ordutan kaleratzekoa hain zuzen. «Okupazioak 100 izan ziren aurreko urtean eta aldi berean 18.000 lagun ditugu izena emanda Etxebiden», adierazi du Martinezek; «EAJ jada bide legalak dituen fenomeno oso txiki marjinalean zentratzen da, eta ez die erantzunik ematen Etxebiden dauden 18.000 pertsona horiei edo Euskaldin ditugun 60.000 pertsonei etxebizitza baten bila».

Etxebizitza Legeak emandako aukera baliatzera deitu du Martinezek, baita hezkuntza publikoa lehenestera ere, edota Osakidetza indartzera, sektore pribatuaren gorakadaren aurrean. Helburuak hauek izanda eta hauteskunde osteko balizko akordioez galdetuta, zuzen hitz egin du, «alderdi aurrerakoiekin elkar-ulertzeak zentzua dauka».

Koalizio sendo bat

Alba Garcia buru izango duen Sumarren hautagaitza azken unera arte luzatu baina kale egiten duten Podemosekiko negoziazioek baldintzatu dute. Sarritan «helburuak partekatzen» dituzten arren, «kasu honetan Podemosek erabaki zuen bere kabuz aurkeztea», Martinezen esanetan. Akordioa hel zedin lan egin duten arren, nahiago du atzera ez begiratu, eta bere espazio politikoaren hazkunderako lanean jarri, «guk etorkizuneko koalizio sendo bat osatu dugu Sumar, Equo eta Ezker Anitzaren artean».