IRRATIA

«Miraria da oraindik basoilarrak egotea Nafarroan»

Desagertzeko arriskuan dagoen hegaztia da basoilarra eta, ale bat atzera-aurrera Larra inguruan. Miel Mari Elosegi basozain teknikariarekin jarri dugu hitzordua basoilaren kasua ezagutu eta, bide batez, arrisku egoeran dauden espezieen jarraipena nola egiten den eta duten garrantzia ezagutzeko. 

Basoilar arrunta arra (Juan Luis MUGERTZA UNANUE)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Nolatan agertu da basoilar bat Belaguan?

Ez da harritzekoa, bertan bizi dira azken milaka urteetan. Hotza maite duen hegazti bat da eta ipar Europan edozein alturatan aurki badaiteke ere, Europa hegoaldean alturan irabazi behar da basoilarrak topatzeko. Pirinioetan baso goieneko zatietan daude, 1.600, 1.800 eta 2.000 metrotara.
Hegazti izuak dira eta horregatik bizi dira aparte, jenderik ibiltzen ez den lekuetan. Baina, honek, izan du portaera erabat kontrakoa. Arrimatu da jendearengana. Nafarroako lehen kasua da baina, azken urtetan, mordoxka azaldu omen dira Pirinioetan, Aragoin,  Katalunian eta Frantziako Departamentuetan. Azaldu denak portaera arraro bat zuen. nahiz eta gero konturatu garen ez dela hain arraroa populazioa gaizki dagoenean eta estrespean dagoenean. Berri berezia izan da eta, aldi berean, berri txarra normalean ez duelako hori egin behar. Seguruenik, horren atzean dagoena zerbait kezkagarria da, populazioa goitik behera doala eta aldaketa batzuk daudela, alegia. Badirudi kasu hau hormonala dela, testosterona goia jota zuen eta.

Zorionez, honek ez zuen erasotzen, ez zitzaien  eskiatzaileei oldartu eta ez zuen jendea uxatzen. Buruhauste bat izan zen Belagua inguruan aktibitate ekonomiko garrantzitsua baita elurraren bueltakoa eta basoilarra babestea eta bestelako jarduerak ez oztopatzea erronka handia izan da.

Zerk eragin dezake jokaera ezohiko hori?

Gauza berezi bat da baina leku askotan agertu dira halako portaerak. Ménoni ikerlari jubilatua aditua da,  bizitza osoa pasa du Pirinioetako basoilarrak ikertzen. Europako populazioak ikertu dituenetan, Errusiako eremu batzuetan 1.000tik 1ek erakutsi du halako jokamoldea, Pirinioetan, berriz, 100tik 1ek. Erlazioren bat badago estresaren, jendearen eta portaera hau agertzen dutenen artean.

Espainiako Vuelta Belaguatik pasa zenean eragin zuen kezka natur kontserbatzaileengan. Hizketan ari bagara halako espezie batentzat ze arriskutsua den bizilekua aldatzea, kirol jardunaldi bateko jendetza eta zaratak, ez dio batere lagunduko…

Espainiako Vuelta oso ekitaldi handia da eta handien kontra egitea oso zaila da. Ahal izan zena egin zen. Ez dago ikerketa espezifikorik halako ekitaldi baten kalteen inguruan baina argi dago espezie izuentzat onik ez dakarrela. Hala ere, Espainiako Vuelta ekitaldi puntuala da, egun bateko zalaparta izugarri bat. Azken urtetan handitu egin da mendiko eremuen erabileraren joera. Auñamendi ingurua, adibidez: lehenbizi errepide bat ireki zen Santa Engrazi eta Izaba elkartuz, horrek bere alde onak eta txarrak ditu; gero, eski pistak ireki ziren bi aldetara… eskiak inguruaren transformazio handia ekarri du eta horri gehituta GRak, mendi karrerak, droneak eta bestelakoak, bada, jende asko gaude oso leku txikian eta hori ez da mesede espezie izuentzat.

Auñamendi inguruan askatu omen duzue. Jarrera arraroa izanik, ez al dago arriskuan?

Halako kasuetan esperientziadunari galdetu behar zaio. Guk ere hala egin genuen eta bertatik aldentzea gomendatu ziguten. Lehenbizi uxatzen saiatu ginen baina bueltan etortzen zen, zalapartak edo auskalo zerk erakarrita. Beraz, arrapatu egin genuen. Estresatzen den animali bat da eta oso kontuz egin beharreko lana da. Lehenbailehen markatu, VHF seinalea ematen duen lepokoa jarri eta lehenbailehen askatu. Jendeak esango du: «zergatik ez duzue bakean uzten piztia hori?» Horixe bera da nahi duguna, baina, horretarako jakin behar dugu non dagoen. Eski pistarik eta errepiderik ez dagoen eremu bateraino eraman genuen eta zintzo mantendu da han, duela astebete inguru pixka bat arrimatzen hasi den arte.

Oraingoz, ez da asko hurbildu eta, izatez, aski du pistatik 200 metro harago mantentzea baina, ea zer egiten duen. Momentuz, bizi da, eta zertan ari den jakiten dugu. egun batean lasai bisitatuko dira erabili dituen eremuak, ezer gutxi dakigun espezieaz ikasteko modu egokia delako.

Arrisku egoeran dagoen espeziea da basoilarra, egoera kritikoan, gainera. Nafarroan 3-4 ar eta 3-5 eme omen daude. Babesak, beraz, berebiziko garrantzia izango du, ezta?

Eta datu hori azken urteetako onena da! Duela 20 urte hobeto zegoen, 8-9 har zenbatu diren. Desagertzeko arrisku larrian dago, bai, baina miraria da iraun dutela, miraria da basoilarrak daudela oraindik Nafarroan. Zergatik? Pirinioen hegoaldean gaudelako. Pirinioetako iparraldean, kalkulatzen dute 4.000 izan daitezkeela. Hori bai, guretik ekialdera egiten badugu, ez dago alerik, eta badaude oso babestutako eremuak. Beraz, mirari bat da Nafarroakoan iraun izana. Arrazoia ibiltzeko oso leku txarra izatea da eta babes maila handiko eremua delako. Bertan egiten diren gauzak ordenatzeko eta bideratzeko tresna dira eremu babestu horiek.

Ze etorkizun hain populazio txikiak?

Konplikatua da eta eguraldi eta klima larrialdi honekin larriagoa are. Guk ahal duguna egingo dugu eta ingurukoekin elkarlanean segituko dugu.

Baten batek pentsa lezake ez dagoela zertan tematu galtzear den espezie batekin, 3 egon edo batere ez, antzeko dela. Zergatik da garrantzitsua espezie hauen kontserbazioa?

Nik ulertuko nuke argudio hori, baina aplikatu diezaiokezu gauza askori: Hartzak Pirinioetan 80 daude. Zer inporta du? badakizu zenbat dauden Errusian edo munduan? Berdina esango dugu izokinekin? amuarrainekin? Hizkuntzarekin? Zenbat euskaldun daude, 600.000? ingelesez milioika lagun moldatzen dira, zer inporta du hizkuntza bat gutxiago izateak? Argudio horiek indarra izan dezakete baina guk bestela ikusten dugu: aniztasuna eta  dibertsitatea. Basoilarra egoteak balio izan du eremu bat bakean uzteko eta, bide batez, beste espezie batzuk babesteko: eper grisa, erbinude zuria, ipar moxoloa eta eper zuria, adibidez. Hotzari lotutako espezieak larri ditugu, kolokan eta etorkizun konplikatuarekin.
Basoilarrak balorea du, baita kultura aldetik ere. Baina, azken finean, tresna bat da eremuak babesteko. Basoilar bat badakigu zer den, ez dugu nahasiko beste espezie batekin, 2.000-2.400 metrotara baditugu landare batzuk ongi xamar identifikatuta ditugunak, baina, xomorroak, auskalo. Seguruenik, ezagutzen ez diren espezieak daude, lurpeko mundua oso anitza eta aberatsa da eta ez dugu horren gaineko erabateko jakintzarik. Zaila da biodibertsitatea “saltzea” eta, kasu horretan, basoilarra bada ikur bat, enblema bat eta aldeko indar bat sortzen du beste espezie batzuk babesteko balio dezakeena.