«Bertako proiektuak bultzatu eta Netanyahu epaitegieetara eramateko dirua biltzea da helburua»
Gernika-Palestina ekimena, elkartasun ekintzez gain diru bilketa ari da egiten, asmoa Palestina bertako herritarrengandik sortutako proiektuak bultzatzea da eta baita Netanyahu epaitegietara eramatea ere. Agus Hernan eta Urko Ayertza izan ditugu solaslagun.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
El Cairoko elkarrizketek su eten berri bat iragartzeko zain, Gazan honezkero 30.000 palestinar hildakoen zifra gainditu da. Horrekin batera, Israelek erasoek eragindako egarria, gosetea eta gaixotasunak gazatarrak heriotzara kondenatzen ari dira.
Urriaren 7az geroztik bizi den genozidioaren aurrean, Gernika-Palestina herri ekimenak elkartasun aktiboaren bandera altxatu nahi izan du geurean. Urriaren 21ean manifestazio nazional batekin hasi zena, dinamika iraunkor bihurtu da honezkero. Iraunkorra, egoera honek bere horretan dirauen bitartean Agus Hernan-en esanetan, baina helburua dinamika hauek ere egoera honen amaierarekin bat amaitzea da noski. Egoera dena da baina, eta lanean jarraitzea eta elkartasuna biderkatzen jarraitzea ezinbesteko da oraindik ere.
Hori dela eta, igandean Bilboko Guggenheimen elkarretaratze jendetsua eta ikusgarria egin zuten, Elkartasun Aktiborako astearen baitan, eta balorazio oso on egiten dute.
Elkartasuna erakusteaz gain, diru bilketa bat ere jarri dute martxan. Alde batetik, Mundubat GKEren bitartez proiektuak bultzatzeko Gazan. 6 proiektu identifikatu dituzte, tokiko biztanleek bultzatzen dituzten 6 proiektu, nekazaritza, emakumeak eta oro har proiektu sozialak helburu dituztenak.
Bigarrenik, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaitegien aurrera eramateko bildu nahi da dirua. Urko Aiartza abokatuak azaldu digu zein den estatuburu bat nazioartean epaitzeko jarraitzen den bidea. Izan ere, 2023ko abenduaren 29an, Hegoafrikak Israelen aurkako salaketa aurkeztu zuen Nazioarteko Justizia Gortean, genozidioa leporatuta. Justizia egitura horiek baina, epaitu bai, baina ez dute harago joateko eskumenik. Horretan ulertu behar da nazioarteko zuzenbidean jurisdikzio ezberdinak daudela, batzuek estatuak epaitzen dituzte besteek aldiz norbanakoak. NazioartekoGorte Penala, Erromako Estatutuari lotua dago, eta honek bai gizateriaren aurka egindako krimenak egotzita norbanakoak epaitu eta zigorrak betearazteko eskumena du. AEB-ak eta Israel ez daude Erromako estatuari atxikita, bai ordea Palestina 2015az geroztik, beraz epaitegi honek izango luke eskumena Palestinan gertatuko krimenak ikertu epaitu eta arduradunak epaitzeko. Horrek behar luke beraz Netanyahu epaitzeko bidea Urko Ayertzaren esanetan.
Duela lau urte abiatu zuen Nazioarteko Fiskaltzak ikerketa Palestinako krimenen arira, lau urte pasa dira, ikerketa motel doa, ez baitira errazak gisa honetako ikerketak, baina hortik etorri beharko luke Netanyahu auziperatzeko aukerak.