‘Galdera guztiak’ kantua aurkeztu du Ernaik ‘Gazteon Eskutik’ ekimenaren baitan
Ganibet Sakanako taldea eta Irune Ziztada rap-abeslari bilbotarra elkartu dira Lezon egingo den topagunerako soinu-banda sortzeko.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Gazte Topagunea zena Gazteon Eskutik izango da hemendik aurrera, udaberriarekin batera loratuko den hiru eguneko ekimena izen aldaketarekin dator-eta aurtengoan. Martxoaren 29tik 31ra izango dira Lezon gazteen arteko jardunaldiak Ernairen eskutik eta, musika protagonista nabarmena den horretarako, Ganibet taldeak eta Irune Ziztada bilbotarrak kantua sortu dute, ‘Galdera guztiak’.
NAIZ Irratian primizian entzuteko aukera izan dugu eta dagoeneko guztien eskura ere jarri dute bideoklipa. Dena dela, kantuaren aurkezpena baliatuz, bestelako kontuez ere aritu gara Ane Alava Ernaiko ordezkariarekin eta Ekain Alegre Ganibet taldeko musikariarekin. Bigarren honek, «arduraz eta bertigo puntu batekin» jaso zutela albistea kontatu digu. Alavak, berriz, «gazte belaunaldiaren freskotasuna» nabarmendu nahi izan du, «oholtzan eta hitzaldietan erakutsi nahi dugun horrekin bat eginaz, kantuaren sortzaileak lerro berekoak behar zutela ulertzen» zutela esan digu Ernaiko ordezkariak.
Bonoak eskuratzeko salmenta puntuak badiren arren, sarean ere eskura daitezke, baita furgonetarako tokia gorde ere. Eta, datozen egunetan, egunez eguneko sarrerak ere jarriko dira salgai, «nahiz eta egun bakarra aukeratzea ezinezkoa izango zaion askori egongo den aukera ikusten dutenean».
’Gazteon eskutik loratuko da udaberria’ dio aurtengo leloak eta bertan, Lezon, saiatuko dira erantzuten ‘Galdera guztiak’.