Cabacas auziaren irakaspenak: «Hobe Tolosakoa epaileak ikertzen badu, ez Ertzaintzak»
Xuhar gaztea Tolosan larri zauritu duen pilotakadak Iñigo Cabacasen hilketa ekarri du gogora. Hamabi urte dira bata eta bestearen artean, baina Ertzaintzak erabilitako prozedurak ez dira itxuraz asko aldatu. Horretaz hitz egin du Jone Goirizelaiak, Cabacas Liceranzu familiaren abokatua izan denak.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Iñigo Cabacas Liceranzu gaztea hil zuen pilotakada jaurti zutenetik hamabi urte beteko dira laster. Eta duela astebete eskas beste gazte bat, Villabonako Xuhar, 16 urtekoa, begian larri zauritu du berriz Ertzaintzak, jaurtigailu baten bitartez. Cabacasen hilketak ez zuen apenas zigorrik izan arlo penalean baina epaiketak polizia protokoloak nola aplikatu behar ziren argi uzteko balio izan zuen. Orain era egokian bete al dira edo 2012ko akats guztiak berriro gertatu dira? Jone Goirizelaia abokatua da horretaz hitz egiteko pertsona egokienetakoa, Cabacas Liceranzu familiaren defentsan aritu zelako, eta horregatik ‘Haria’ saioan elkarrizketatu dute.
Senideei elkartasun osoa agertu nahi izan die, ezer baino lehenago, Goirizelaiak, «hasierako momentuan babesa eta elkartasuna sentitzea oso garrantzitsua delako». Eta horrekin batera kezka azaldu du: «Buruan izan dut Iñigo Cabacas eta bere familia; orain dela 12 urte gertatu dena berriro errepikatu da eta azalpenak berdin-berdinak dira, orduan esandakoa berdin ari dira esaten. Zelan hori? Zelan da posible horrenbeste urte eta gero? Berriro gerta ez zedin neurriak izango direla esaten dute baina bat-batean ematen du denbora ez dela pasatu».
Duela hamabi urteko kasu hartan nola jokatu behar zen egiaztatu zen ikerketan, eta hori zehatz-mehatz azaldu du abokatuak. «Lehenengo momentuak oso inportanteak dira, garrantzi handikoak», aipatu du: atestatua nola egin den, tokiaren inspekzioa egin al den eta nola, argazkiak atera ote diren, lekukotasunak hartzen diren ala ez, poliziakideen arteko elkarrizketen edukia jaso ote den, eta honekin guztiarekin batera, «jaurtigailuekin eta pilotekin zer egiten den». Gogoratuko denez, Cabacas hil osteko erregistroetan akats eta hutsune izugarriak zirela aipatu zuen epaiak.
«Protokolo guztietan argi dago nola bota behar diren pilota hauek, abisatu behar da aurretik». Tolosan horrela gertatu al zen?
«Bere momentuan protokolo bat zegoen, orokorra, eta hor esaten zen noiz eta zergatik erabili behar ziren pelotero horiek. Oso garbi geratzen zen erabiltzea azken aukera izan behar zela eta oso momentu konkretuetan bakarrik», ekarri du gogora Jone Goirizelaiak. Tolosako oldartzerako arrazoi gisa-edo, «jende ezberdinen arteko borroka egon dela eta horregatik sartu zirela» aipatu du, baina ihauterietako jai giroan eta kaleak gainezka zirela oroitarazi du eta ondorioz «proportzionaltasuna eta segurtasuna» neurtu ote ziren ezbaian jarri du.
Honezaz gain, «pilota horien erabilpena nola egiten den gauza inportantea da. Protokolo guztietan argi dago nola bota behar diren, abisatu behar da, hori egitera doazela esan behar dute jaurti aurretik», ekarri du gogora abokatu bizkaitarrak.
Nork ikertu beharko luke?
Azkar atera da plazara Segurtasun Saila kasu honetan, barne ikerketa bat abiatu duela ziurtatzeko, nahiz bere lehenengo ondorioen berririk ez duen hitzik esan. Bide egokia al da hori? Ezetz ondorioztatzen da, berriro ere Cabacas auzian gertatutakoa oinarri hartuta. Goirizelaiaren hitzetan, «oso inportantea da salaketa egitea eta zure burua akusazio partikular modura agertzea. Honela epaitegiak eramaten ditu diligentzia guztiak. Bestela fiskalen eskuetan uzten dituzu eta batzuetan oso ondo egiten dituzte baina beste batzuetan ez horren ondo». Xuharren senideek bide hori jorratuko dutela iragarri dute. Fiskaltzari dagokionez, Cabacasen kasuan hasieran bai, baina gero jokaera aldatu zuela eta ez zuela ikerketa batere lagundu oroitarazi du abokatuak.
Europako Giza Eskubideen Entzutegiak ez du ontzat jotzen polizia batek bere burua ikertzea; Ertzaintzak egin nahi duena, alegia
Datu garrantzitsu bat nabarmendu du hemen Goirizelaiak: «Estrasburgoko epai askotan esaten da ez dela gauza ona, eta normalean ez dela ondo ateratzen, polizia batek bere burua ikertzea, eta hori da hemen berriz gertatzen dena». Zehaztapen bat: «Barne ikerketa hauek normalean bertan behera gelditzen dira salaketa penala dagoenean, legeak biak ez direla bateragarriak agintzen baitu. Normalean ikerketa epaitegiaren eskuetan gelditzen da eta hori amaitzean barruko ikerketa hasten da». Gauzak honela, Tolosako gaztearen kasua ere auzitegitik ikertzea espero du abokatua, ez Ertzaintzatik.
Honen ardura informazio guztiak auzitegiaren eskuetan jartzea litzateke. «Askoz hobeto epaileak esaten badu zer egin behar den eta nola egin behar den, akusazio partikularraren eta Fiskaltzaren laguntzarekin. Hau izango da gauzak argitzeko modu onena».
Ardurak zehazten
Dena ondo bidean, polizia-atestatuan oldartzean nortzuk hartu zuten parte agertu beharko litzateke, agente bakoitzak zer egin zuen zehazki. Honezaz gain, «lekukoak egotea nahiko inportantea da, ez soilik ertzainak. Eta tokian kamerak badaude, irudi horiek jasotzea, edo telefonoen bidez grabatutakoak... Hortik has daiteke instrukzioa egiten»
Ardura penal ezberdinak izan daitezkeela aurreratu du Jone Goirizelaiak. «Lehenengo ikusi behar da aginduak nork eman zituen, eta hor ikusi behar da [oldartzea] beharrezkoa izan zen ala ez eta nola hartu zen erabakia. Hori ez bada ondo egin, protokoloetan esaten den moduan, inprudentzia bat izan daiteke eta horren arduradun bat». Honekin batera, Xuhar zauritu zuen pilotakada nork jaurti duen zehazten saiatu behar da.
2012ra itzuliz, ardurak nolabait orokortzen saiatu zirela ekarri du gogora, Ertzaintzak bere gain hartzen baina inor seinalatu gabe, eta epaitegiek hori errefusatu zutela nabarmendu du: «Jurisprudentziak ez du hori onartzen, ardura zuzenak topatu behar dira».
Armen aferari erreparatu dio, azkenik, Goirizelaiak, horren inguruan eztabaidatzeko beharraz ohartaraziz. Izan ere, Erresuma Batuan esaterako honelako armarik ez zen erabiltzen, «borrak bakarrik», baina bat-batean arma berriak hasi dira zabaltzen, Taser pistolak adibidez, «eta ondorioz hor ditugu gero. Eztabaida sakon eta luze bat egin behar, lasaitasun osoarekin, eta nolako polizia nahi dugun zehaztu».