‘Basamortua’ kantuarekin eman dute ezagutzera Marte Lasarte proiektu berria
Pello Armendariz eta Borja Antón musikari donostiarrek sortu duten proiektu berriak argia ikusi du. Lehendabiziko abestia bideoklip indartsu batekin kaleratu dute eta guztia aurkeztuz izan dira NAIZ Irratiko uhinetan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Skakeitan taldea agurtzerako martxan zuten Marte Lasarte proiektua Pello Armendariz eta Borja Antón musikariek. «Taldearen ibilbidea agortu zela eta uztea erabaki genuen unean, modu naturalean, fase berri honi hasiera eman genion Borjak eta biok», kontatu digu Pello Armendariz abeslari donostiarrak.
Popa, rocka, elektronika… «eklektikoa den zerbait» sortu dute eta Marte Lasarte izenarekin hasi dira. Momentuz abesti bakarra etorri den arren, pixkanaka gehiago ere etorriko dira eta bilduma bat edo disko bat ere osatuko dutela aurreratu digu Armendarizek. Hori bai, ordura arte, zuzenekorik ez. «Pausoz pauso joango gara, eta behin proiektua aurkeztu dugunean, zuzenekoekin hasi, horretarako ere gogotsu gaudelako», kontatu digu donostiarrak.
Bideoklip bortitz batekin aurkeztu dute kantua, Mugan ekoiztetxekoekin landu dutena. «Guy Ritchieren fanak gara eta haren mundura sartu nahi izan dugu bideokliparekin. Gauza teorian ez bortitzekin zerbait oso bortitza egin nahi izan dugu eta, grabaketa oso gogorra izan bazen ere, emaitzarekin oso pozik geratu gara», azaldu du Pello Armendarizek MusikHaria saiora egin duen bisitan.
Lehenengo pausoa emanda, Marte Lasartekoen musika gehiagoren zain geratuko gara.