«Miranderen arazoa gugan, modernitatearen arazoa da»
Mikel Sotok irabazi du 2024 Tene Mujika beka. Jon Miranderi buruzko ikerketa lana burutuko du idazlea eta editore ohiak. Miranderen argazki orokor bat marrazten ahaleginduko da modu dibulgatibo batean.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Debako Udalak eta Elkar Argitaletxeak elkarlanean, Euskal Herriko hurbileko historia ikertzeko proiektuei zuzendutako Tene Mujika Bekak badu 2024ko irabazlea: Mikel Sotorentzat da, ‘Herriminez, ezin-minez’ Jon Miranderi buruzko ikerketa lana burutu dezan.
Idazle eta editore ohiaren esanetan, Mirande da Euskal Herriak okerren tratatu duen pertsona , oso modu bidegabe eta inhumanoan berdintzen baititugu bere obra eta bere bizipenak . Adibidez, Miranderen gutunak ditugu argitaratuta, baina , hauek idazlea eta obra hobeto ezagutzeko erabili beharrean, bera epaitzeko erabiltzen ditugu, eta epaitu oso modu bidegabean gainera. Sexuari erreferentzia egiten badio, asko jotzen dugu bere bizipenetara, baina hori ez dugu beste inorekin egiten. Adibidez, ez dugu hori egiten prostituzioaren gaiarekin.. Zergatik Pako Aristi, Bernardo Atxaga edota Gabriel Aresti ez ditugu putazaletzat jotzen, euren obretan putetxeak agertzen badira? Ez dugu egiten eta normala da Mikel Sotoren esanetan, bestela ezingo genukeen literaturaz idatzi eta idazleek ere ezingo lukete lortu beharrezko askatasun artistikoa.
Miranderen arazoa gugan, Modernitatearen arazoa da Mikel Sotoren hitzetan. Izan ere, euskaldunak nahikoa antimodernoak izan gara, eta Miranderen modernitatearen konkistak deskolokatu egiten gaitu. Mirande bere garaikoak baino modernoagoa baitzen, baina baita gu baino ere modernoagoa, eta oraindik ez dakigu zer egin bere askatasun horrekin. Berari zuzendutako galderak, gure buruari zuzendutakoak dira finean idazlearen ustetan. Miranderen obrari argia dario Mikel Sotoren begietara, nahiz eta oro har bere itzalez hitz egiteko joera gehiago daukagun. Azken batean baina, Miranderi zuzentzen dizkiogun galderak, gure buruari zuzendutakoak dira.
Miranderen argazki orokor bat egiten ahaleginduko da Mikel Soto, dibulgazio lan bat, eskuragarri eta ulerkorra edonorentzat, saiakera formatua izan arren akademikoegia izan gabe. Bretainiara joko du horretarako. Izan ere, Jon Miranderengana seriotasunez gerturatu den edonorentzat oso eremu garrantzitsua da Bretainia, bretoiera eta bretainiar abertzaletasunarekin idazleak izan zuen harremana. Oso gutxi ikertu izan da idazlearen eremu hartako lagunartea, eta Sotoren iritziz idazlea ulertzeko funtsezko gakoetako bat da: lagunarte hark alde afektibo bat izateaz gain alde politiko bat ere izan zuen susmoa baitu. Ikerketaren baitan hortaz, Bretainiara bidaiatuko du Mikel Sotik, Miranderen argitaratu gabeko testuak ere topatuko dituen esperantzaz.
Urtebeteko epea du proiektua liburu egiteko.