IRRATIA

«Sindikatuei haien eskakizunen zehaztapenak eskatu genizkien, baina ez dugu ezer jaso»

Maria Eugenia Iparragirre, Kristau Eskolako zuzendari nagusia, NAIZ irratian izan da urtarrileko eta otsaileko greba deialdiak direla-eta. Azken bileran adostasunik lortu ez dutenez, hamar egunetarako greba deitu dute ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk. Iparragirrek sindikatuen jarrera kritikatu du.

Kristau Eskolaren DNAn zaurgarriak artatzea dagoela azaldu du Iparragirrek (NAIZ)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kristau Eskolako zuzendari nagusiak, Maria Eugenia Iparragirrek, NAIZ irratiari adierazi dio, zoritxarrez, aukera bat galdu zutela asteartean sindikatuekin izan zuten bileran. «Ezinbestekoa dugun akordioa lortu gabe atera ginen. Aitortzen dut ardura partekatu bat dela. Bileretan behin eta berriro eskatzen ari ginen mobilizazioak eteteko, baina sindikatuek ez diete inoiz protestei uko egin eta ikastetxeetan greba deialdia gauzatzen ari da».

Ez zuten datarik itxi hurrengo bilerarako, baina, Iparragirrek baieztatu duenez, bi aldeek agertu zuten prestutasuna elkartzen jarraitzeko.

Erosahalmena aldarrikatu dute sindikatuek. Kristau Eskolako zuzendariaren arabera, aurreko asteazkenean mahai gainean jarri zuten proposamena oso ezberdina da hasierakoarekin alderatuz. «Ikastetxe publikoen parean egoteko aukera ematen digu, ondorioz, eduki dezakegun aukera bikain hau galtzeko arriskuan gaude, horrek suposatzen duen diru kopuruarekin. Proposamen hori hobetu genuen ostiralean eta, are gehiago, asteartean».

Diru kopuru zehatzez galdetuta, DBHn eta LHn kasik %20 eta %19 suposatuko lukeela erantzun du. «Milioi askoz ari gara, eta horrek hobekuntza nabaria bermatuko luke».

«Muga bat daukagu»

Ikastolen mahaian lortu dute aurreakordio bat, ikastolako kategoria guztietako langileek sistema publikoan dabiltzanen soldata bera izatea helburu duena. Bideragarria al da gauza bera gizarte ekimenean? Iparragirrek esplikatu duenez, asteartean mahai gainean jarri zuten proposamenean pareko soldata agertzen zen. «Itunpeko langileon soldatek ezin dute funtzio publikoko langileenen gainetik egon; hor daukagu muga. Gure planteamenduan, zenbakiak berdinak dira, eta ehunekoetan alde txikiak daude abiapuntuak ezberdinak direlako».

Hobekuntzak eskatu dituzte sindikatuek lanorduetan ere. Iparragirrek nabarmendu duenez, enpleguari eustearekin erabat arduratuta daude Kristau Eskolan, eta erakundeekin bilera asko egin dituzte.

«Zoritxarrez, gaur egungo eskola mapa ezingo da etorkizun hurbilean mantendu. Gure asmoa da gure sarean enplegua mantentzea, nahiz eta jaiotze tasaren ondorioz matrikulazioak jaitsi. Beraz, goazen epe luzera begiratzera, horretan daramatzagu hilabeteak».

«Ostiralean, zehaztapenak idatziz pasatzeko eskatu genien sindikatuei, eta ez genuen ezer jaso. Guk, aldiz, lehen egunetik ekarri genituen zehaztapenak, diferentzia non dagoen ikusteko», defendatu du.

2012tik 20.000 matrikulazio gutxiago dituzte EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan, eta hemendik 2034 arteko zenbakien aurreikuspenak oso txarrak dira. «Haur Hezkuntzan hasi gara sufritzen, eta mailaz maila igotzen joango da. Errealitate horri erantzun arduratsu eta serio bat eman behar diogu. Gure ikastetxeen presentzia mantentzeko eta, ondorioz, gure langileena».

Ikastetxez ikastetxe mobilizatzen

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte ekimeneko hezkuntzako langileek pikete informatibo eta kalejira artean eman dituzte lehen greba orduak, sindikatuek Europa Press agentziari jakinarazi diotenez.

Asteazken honetakoa ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilasek urtarrilerako eta otsailerako deitu dituzten hamar greba egunetako lehendabizikoa da. Asteartean bilera egin zuten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin, baina ez zuten lortu ados jartzerik.

Denera, 9.000 langile daude lana utzi eta protesta egitera deituak, ostegun honetan eta urtarrilaren 23, 24 eta 25ean, baita otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20an ere. 130.000 ikasleri eragiten diete mobilizazio hauek. Itunpeko ikastetxeeetakoak dira, ikastoletakoak salbu.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan barna zabaltzen hasi dira mobilizazioak goizean goizetik. Araban eta Donostian pikete informatiboak egin dituzte; Bizkaian, ostera, kalejirak. Zehazki, Bilbon, hainbat zutabe Eskolapioen eskolan batu, eta manifestazioan joan dira Gran Vian dagoen Hezkuntza Ordezkaritzaraino.

Sindikatuek azaldu dutenez, partaidetza aurreko deialdietan izandakoaren antzekoa da, %65 ingurukoa alegia. Kristau Eskoletatik, aldiz, %16,31ra murriztu dute, 108 ikastetxek emandako datuetan oinarrituta.

Ezarritako «abusuzko» zerbitzu minimoak kritikatu dituzte sindikatuek, hezkuntzan laguntzeko adituen kasuan bereziki. «Zentro batzuek adituak kontratatu beharko lituzkete agindua betetzeko», esan dute.