IRRATIA

«Euskal dantzak diziplina asko eman dit, eta fisikoki indarra eta erresistentzia»

Hiru urte zituenik dabil dantzan Amaiur Luluaga. Hastapenak Anoetako dantza eskolan eman zituen eta ondoren Ibarrako Alurr dantza taldean. Bertan Aiert Beobide irakasleari esker, euskal dantzaz haratago dantza garaikidea ezagutu zuen, eta baita Haatik taldera saltoa eman ere. 

Amaiur Luluaga (Bigarren Kafea)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


19 urterekin eman zuen salto hori, artean fisikako ikasketak egiten ari zela. 18 urte ingururekin dantza ikastea pentsatu zuen, baina fisika ikastea erabaki zuen, garai hartan dantzaren hautua zail ikusten zuen,«mundu hori hain gogorra dela ikusten duzunean, hutsegiteari beldur asko hartzen diozu». 

Fisikako ikasketak bigarren mailan utzi eta psikologian izen eman zuen. Karrera honen bigarren urtean gaixo zegoen senide batek honakoa esan zion: «egin gauzak, hemen bizitza motza dela. Hil zenean, berari esker, askotan esaten det, lortu nuen Bartzelonara joatea».  Bertan amaitu zituen psikologia ikasketak dantza garaikidekoak egiten zituen bitartean. Berak dioen bezala, «Bartzelonara joatea hartu dudan erabaki handiena eta onena izan zen»

Ordutik Haatik konpainian lanean jarraitzen du, bere eskola nagusian, eta batez ere familian. «Azken 12 urteetan pasatako momentu txar eta onetan mantendu gera konpainia sendo bezala taldekideengatik, eta Aiertek ere bultzatzen duelako ekipo egitea». 

Gainera, Haatik konpainiarekin hezkuntza arloan sentsibilizazio kanpainak ere burutzen ditu. Haur eta gazteekin oraindik lan handia egin behar dela uste du, «Gazte asko gorputzarekin oso deskonektatu daude eta horrek pena handia ematen dit».

Bere lan asko gai sozial eta sakonei lotuta daude, eta bere sorkuntza hortik pizten dela dio, nahiz batzuetan nekagarria ere baden, «batzuetan pentsatzen dut arrazoi sakonik gabe ikuskizun bat egingo dudala; baina nire sortzeko bidea kritika soziala da». J!aho! eta Amaraun lanetan ere halako gaiei  heldu die; osasun mentalari lehenengoan eta amatasunari bigarrenean. Bietan galdera asko planteatu dituzte, eta horien inguruan ikuslegoa hausnartarazi.