«Herri ahaztu eta baztertua da, txikia eta aberatsa delako»
Urte berria abiatzeko Mendebaldeko Saharara jo du Mundu Bat Herrik, aita sahararra zuen eta Ormaiztegin hazi den Beñat Hach Embareken laguntzaz. Egungo egoerari azalpena ematen saiatzeko, gatazkaren jatorriari, okupazioaren ondorioei eta isiltasun mediatikoari begiratuko behar zaie ezinbestean.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Mendebaldeko Sahararena denboran izoztuta gelditu den gatazka bat dela esan ohi da, eta bi aldeak ez direla gai konpromiso batera heltzeko. Hori da nazioartean gehien zabaldu den narratiba, errealitatearekin zerikusirik ez duena.
Espainiar Estatua da kolonia ohiarekiko bere legezko ardurari izkin egin, eta inolako trantsizio prozesurik gabe sahararrak babesik gabe utzi zituena, Marokok eta Mauritaniak lurraldea inbaditu zezaten jarraian. Maroko da gaur egun nazioarteko legediak diona urratuz, lurraldearen zatirik handiena okupatzen duena eta bertako biztanleak berriz, euren eskubideak zapalduta okupaziopean bizi edo erbesteratuta daudenak. Eta nazioarteko hedabideak dira, bereziki Mendebaldeko agentziak, Rabati mesede egiten dion itzalaldi informatiboa bermatzen dutenak.
Beñat Hach Embarekek dionez, sahararra «herri ahaztu eta baztertua da, txikia eta aberatsa delako», ahaztu gabe, «Marokok posizio pribilegiatu bat» duela Europa eta bereziki Frantziarekiko. Komunikazioan jarduten du Beñat Hach Embarekek; Bertsolari aldizkarian eta Zuzeu agerkari digitalean ari da azkenaldian eta Ormaiztegin jaiotakoa den arren gaur egun Lizarraldeko Deierri bailaran bizi da.
Fronte Polisarioko enbaxadore izandako gizon baten semea ere bada, eta bere ama bera ere Mendebaldeko Saharan izan zen, bertakoek hasitako iraultzan laguntzeko. Okupazioa eta gatazka asko aipatzen diren bezala, ahanzturan gelditu delako kasu askotan sahararren altxamendu soziala 1975ean, euren bizimoduak aurretik zuen mehatxuaren aurrean. «Sahararrak nomadak ziren, basamortuan bizi ziren euren animali eta haimekin alde batetik bestera joaten hodeien arabera. 1975ean gerra hasi zenean saharar gehienak horrela bizi ziren», azaldu du Hach Embarekek, «eta orduan gerrak dena aldatu zuen. Batetik ezin dira euren lurretan bizi alde egin behar dute, eta horrez gain nomada izateari utzi eta bizitza sedentarioan ezarri behar dira. Sekulako bonba bat gizarte batentzako».
Traizio berri bat
Ia bi urte pasa dira Pedro Sanchezen Espainiar Gobernuak Marokok Mendebaldeko Sahararentzako duen autonomia proposamena onartu zuenetik, statu quoa are gehiago apurtuz. PSOEren gobernu batekin gertatu zen, Felipe Gonzalez harro egoteko moduko mugimendu batean.
Hach Embareken hitzetan, «Espainiak duen ardura historikoari dagokionez, sekulako aldaketa izan da PSOErena», baina komenigarria da ere gogora ekartzea, «bere gobernu bazkideek pasatzen utzi diotela». Alderdi ezkertiar eta independentistak tartean.
Zaila da ikuspegi estrategiko batetik Estatuak, Mendebaldeko Sahararekiko duen ardurari, tartean subiranotasunari uko egitea, Marokoren posizioei lehentasuna emateko, kaltegarria baitzaio segurtasun, ekonomia eta migrazio arloetan. Hori guztia, demokrazia irudia aitortzen zaion, baina praktikan monarkia absolutista den estatu batekin.
Autodeterminazioa, konponbidea
Hasierako kontakizun faltsura itzuliz, Mendebaldeko Saharakoak konponbide erraza du, eta bide-orri zehatz bat: lurraldearen deskolonizazioa erabat gauzatu eta sahararren autodeterminaziori bide ematea galdeketa batez bidez, NBEk ebatzi bezala. Hortik kanpoko proposamen orok, «ez luke gatazka konponduko» Beñat Hach Embarekek nabarmendu duenez, «kontua da autodeterminazio prozesu bat egin behar dela; herri sahararrak bere etorkizuna erabaki behar duela eta punto».