«Inpaktu soziala sortu ahal duten artikuluak izango dira aldizkariaren berezitasuna»
Sortu berria den ‘InpAkta’ aldizkari zientifikoa «0 kilometrokoa» izango da. Ugo Mayor erredakzio kontseiluko kidearen esanetan, gizartean eragina izan dezaketen gaiak jasoko ditu, euskaraz eta ingelesez. Durangoko Azokan aurkeztu zuten zero alea, eta martxoan irekiko dute artikuluak jasotzeko epea.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
‘InpAkta’ jakintza arlo guztietako eta sarbide irekiko diziplina anitzeko aldizkaria da, jendartean eragina duten kalitate handiko ikerlanak argitaratuko dituena. Euskal Herri osora iritsi nahi du. Bertako ikertzaileek sortu dute, Nouvelle-Akitania, EAE eta Nafarroako Euroeskualdeko erakunde akademiko eta zientifiko nagusietako babesarekin.
Ugo Mayor EHUko Ikerbasque ikertzailea da aldizkariko erredakzio-buruetako bat, eta proiektuaren inguruko xehetasunak eman ditu NAIZ Irratian. «Lehenengo ezberdintasuna da gure lurraldean sortua dela, kilometro zerokoa dela», nabarmendu du biokimikariak.
Oroitu duenez, zituzten aurreiritzi batzuk hankaz gora jarri zituen pandemiak. «Pentsatzen genuen zientziak ez zuela interesik pizten gizartean, baina inpaktua duenean jakinmina sortzen duela ikusi dugu. Hortaz, inpaktu soziala izan dezaketen gaiak jendeari hurbiltzea da gure asmoa».
Natur eta osasun zientziak, teknologia, lurralde antolaketa... Jakintza arlo ugari jorratuko dituzte, eta ikerketa lanek jasotzen dituzten ebidentziak erabili ahalko dira gure jendarteak dituen erronkei aurre egiteko, eremu publikoan zein pribatuan, kolektiboki edo norbanako gisa, Mayorrek adierazi duenez.
Durangoko Azokan aurkeztu zuten zero alea, eredua erakusteko, eta lehenengo alea 2025erako aurreikusten dute. Urtean bi ale plazaratu nahi dituzte. 500 kopia atera dituzte zero alean, eta orain hitzarmenak lotzen ari dira ikastetxeetara eta udalerrietara ailegatzeko.
Ingelesez eta euskaraz
Hizkuntzarekin lotutako erronka bat dutela esplikatu du Ikerbasque ikertzaileak: «Argi dugu zientziaren komunikazio tresna ingelesa dela; nazioartean indexatuak izan nahi badugu, nahitaezkoa dugu ingelesa. Baina hurbilekoak izanda, gure inguruan eragiteko, euskaraz ere aurkeztea nahi dugu. Oso aukera gutxi daude gure hizkuntzan zientzia argitaratzeko, eta guk ingelesez eta euskaraz, bietan jarri nahi ditugu eskuragarri artikuluak, itzulpenen bidez, eta bi hizkuntzetan egiten ahalko dira ekarpenak».
Artikulu teknikoez gain, beste sekzio bat du aldizkariak, hizkuntza errazagoan emana, dibulgazio gisa. Artikuluen laburpena izango da, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
‘InpAkta’ aldizkarian idatzi ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira: batetik, kalitate altuko ikerketa lanak izan beharko dute, metodo zientifikoa oinarri dutenak; bestetik, inpaktu soziala sortu beharko dute. «Horrek esan nahi du zenbait erabakigunetan, administrazioan eta egoitza baten zuzendaritzan kasurako, ekarpena egingo dutela gizarte gisa ditugun erronkei aurre egiteko eta egoera hobetzen laguntzeko».
Baldintza horiek betetzen direla ziurtatzeko, artikuluak biren artean gainbegiratuko dituzte. Testua editore batek jaso, eta bi adituri birbidaliko die, esaten diren gauzak ontzat emateko. Zuzenketa eta proposamenekin bueltan bidaltzen dutenean, egileak begiratuko du eta berriro pasatuko da zuzentzaileen eskuetara. Ongi ikusten badute, aurrera egingo du artikuluak.
Interesa
Aldizkarirako erredakzio talde bat sortu da. «Orain arte gure rola ezohikoa izan da, erakundeen babesa lortu behar izan baitugu. Nahiko saretze polita egin dugu lurralde osoan, Ipar eta Hego. Zer aldizkari mota nahi dugun definitzeko lanaren ondoren, hemendik aurrerako lana ohikoagoa izango da: lanak jaso ahala errebisatu eta egileei bideratu», kontatu du Ugo Mayorrek.
Interesa jasotzen ari dira eragile ezberdinen partetik, harrera ona izan dute. Aurkezpenak egiteko antolatzen ari dira, eta interakzioan jarraitzen dute proiektua hedatzeko. Martxoaren 1etik aurrera irekiko da deialdia lanak jasotzeko.
Otsailaren lehen hamabostaldian Iruñea, Baiona eta Bilbon eremu bakoitzeko arduradun akademiko nagusiekin, unibertsitateetako errektoreekin, egingo dituzte aurkezpenak, komunitate akademikoari begira.
Bi bide aurreikusten dituzte aldizkaria banatzeko: inpakta.eus webgunearen bidez eduki guztiak eskuragarri jarriko dituzte, eta paperean eman ahal izateko, daukan kostuagatik, harpidetza irekiko dute. Hori 2024an joango dira zehazten.