Grand Theft Auto VIk Vice City hirira eramango gaitu 2025ean
Rockstar Games-en hurrengo bideojokoak lehen trailerra estreinatu du. The Game Awards sariek ere iragarpen ugari utzi dituzte, eta guztiak aipatu ditugu aste honetako Game Erauntsia saioan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Rockstar Games taldeak Grand Theft Auto VIren trailerra agindu zigun. Aurreratutakoa beteta —tartean filtrazioekin, hori bai— marka guztiak hautsi eta zale guztiak aho zabalik utzi dituen lehen bideoa jaso dugu: Vice City bisitatuko dugu berriz 2025ean.
Bi protagonista kontrolatuko ditugu oraingoan: Lucia eta Jason bikotea. Miamin oinarritutako hiria osorik eraberrituta ikusteko aukera eduki dugu, gainera; leku ezagunetatik ariko gara, baina Leonida eskualdea esploratuko dugu oraingoan, ziurrenik GTA jokoetako maparik handiena jasota. Grafikoak dira, baina, ikusgarrienak: trailerra ikustea merezi du, benetan.
Abenduan nabarmentzeko beste ekimen bat izan dugu, gainera: The Game Awards sarien ekimen handia.
Baldur’s Gate 3, Marvel’s Spider-Man 2, The Legends of Zelda: Tears of the Kingdom, Resident Evil 4. Alan Wake 2 eta Super Mario Bros. Wonder izan dira aurtengo jokorik onenaren sarirako hautagaiak, baina Larian Studios taldearen RPG bikainak eraman du garaikur nagusia, beste hainbat sarirekin batera.
Nola ez, saioan kategoria bakoitzeko irabazleak errepasatu ditugu. Polemiketan ere sartu gara; urtero bezala Geoff Keighley aurkezleak antolatutako ekimenak arazoak eta hanka sartzeak eduki ditu.
Garaikurrak baino, jokoen iragarpenak eta bideoak izaten dira TGA sarien ardatz —asko honen aurka badaude ere—. 2023koa oparotsuena izan da arlo honetan, denetariko iragarpen handiak ikusi baititugu.
Hideo Kojima sortzailearen OD izeneko titulu berria, Monster Hunter Wilds, Marvel’s Blade, Light No Fire, Black Myth: Wukong eta askoz gehiago ezagutu ditugu.