Sara Zozaya: «Beste abesti bat sortuko den momentuaren zain bizi naiz, lasai»
Sara Zozaya izan dugu gaurkoan Bigarren Kafean, 'Nara' bere lehen lan luzearen inguruan aritu eta abesti pare bat eskaintzen. Ibilbide luzea du Sarak, beste proiektuetan aritu da eta dabil, eta bakarka ere ikusi izan dugu azken urteotan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Urteetan zehar pilatutako abesti sorta bildu du Sara Zozayak lehen lan luzean, eta nabari ibili denaren eskarmentua. Pasa den asteburu honetan aritu da diskoaren lehen aurkezpen kontzertuetan, eta ezer baino lehen galdetu nahi izan diogu ea zer nolako ajea utzi dioten. «Lehenengo kontzertu horiek eman eta gero pozik edo huts sentituko nintzen duda nuen, baina egia esan, gauzak ondo joan dira, erakutsi dugu egindako lan guztia eta lasai-lasai nago».
Hasierak ez dira errazak izaten, eta formatu berria aurkeztea beti da erronka, baina gogotsu adierazi du Sarak taldekide berriekin inoiz baino intimoagoa sentidu duela oholtza gainean eskeinitako eta pozik sentitu dela.
Estiloa ere hizpide izan da elkarrizketan, ‘Nara’ diskoan denetarik aurkitu dezakeelako entzuleak, Sararen ahots bereizgarriaz gain, hau janzten duten paisaia instrumental sakon, berehalakotasun akustiko, zati erritmiko eta mota guztietako aldagai sonikoak. «Zergatik postrock-a eta autotunea, zergatik Maitia eta Parece… hori guztia naizelako; nire ahotsak ematen dio koherentzia diskoari».
Disko luze bat ontzea ez da afera erraza izaten, are gutxiago, kasu honetan bezala, iraganeko zen orainaldiko doinuak uztartzen badira, duela urte batzuk sortutakoen berrinterpretazioak eta doinu berriagoak. Prozesu hori nola bizi izan duen galdetu diogu Sarari. «Ilusioa sorraratzen didaten kantak aukeratu ditut diskoan sartzeko, egia esan, bizitzan delay pixka batekin noa eta sorkuntza prozesuan ere». Eta non jarri ditu mugak? «Kanta bat entzuten dudanean, eta muga bat jartzen diodanean, gero muga hori ezin dut burutik kendu».
Aipatu digu zuzenekoetan forma berria hartu dutela akaso diskoan beste modu batean islatu nahi zituen horiek ere, baina hala dira kantuak, gureak bezain besteenak, unekoak bezain iragan eta etorkizunekoak.
Bestaldeaz aritu gara, entzuleaz, musikagintzak duen abiaduraz eta eskatzen duen energiaz. Nola bizi du Sarak bide hau? «Deskubritu dut abiadura motela gustatzen zaidala, eta komunikatzeko bide ezberdin horietan aurkitu dut nire gustukoena, dela gutuna edo newsletter-a; hilabetero bidaltzen dudan horretan komunitate bat sortzeko aukera bat aurkitu dut».
Eta komunikateak erantzun dio, bistan da beteta ikusi ditugun bi kontzertu horietan jasotako erantzunari erreparatuta. Etorkizunean asko proiektatzen ez duela aitortu digu, baina datozen hilabeteetan zer nolako bidea egin nahi ote duen galderari erantzun borobila eman dio. «Musikarekin bizi naiz, egunak duen garrantzitsuena da musika; ez da amets bat, errealitate bat da, baina amets batek duen ilusioarekin. «Beste abesti bat sortuko den momentuaren zain bizi naiz, lasai».