IRRATIA
Entrevue

«Poetek beti izan dute barruan segidaren kezka»

'Erresiñulakantari' diskoa argitaratu du Jean Mixel Bedaxagarrek. Tradiziotik jasotako hitz eta doinuak moldatu ditu Joan Mari Beltran eta Errege Baldaren konplizitatez, gogoa belaunaldi berrietan jarrita.

Jean Mixel Bedaxagar (Gorka Rubio | Foku)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


40 urte bete dira Jean Mixel Bedaxagarrek ‘Xiberoa’ izeneko lehen diskoa argitaratu zuenetik. Lau hamarkada beranduago, eta bere beste ofiziotik (erremintaria izan da Bedaxagar) erretiroa hartuta ‘Erresiñula kantari’ diskoa argitaratu berri du Errege Balda eta Joan Mari Beltran lagun harturik. 14 abestiz osatutako lana, tradiziotik edan eta tradizioari segida eman nahi diona. Arbasoengandik jasotakoa belaunaldi gazteen eskura jartzeko bidean ahalegin bat.

‘Donostia’ izeneko kantuak zabaltzen du diskoa

Donostia ikusi dut lehen Etxahun Idurirekin, gu arrunt gazteak ginen, hark gintuen iniziatu bestaldera jiten. Ni baino askoz zaharragoa zen, bistan denez, eta denbora batez izigarriko garrantzia izan du frankismo garaian ‘Agur Xiberoa’ kantuarekin eta Bilbon gaindi Etxahun star bat zen, jendeak ‘Agur Xiberoa’ erresistentzia bezala abesten zuen, hemen Hegoaldean, gazteenek oso maite zuten, eta jin gara honarat berarekin.

14 abestiz osatutako disko mardula da ‘Errixiñula kantari’ zer jaso nahi izan duzu bertan?

Lehenik, hirurogehi hamar ditut, eta oraindik gai naiz abesteko, beraz bada nire buruari plazer emateko modu bat. Erretiratua naiz, beti egin ditut saltinbankia bat. Joan arazi ditut bi ofizio, lehenik errementari nintzen eta denbora berean musikari eta abeslaria. Bien joanaraztea ez da erraza izan. Orduan orain, laneko zamarik ez du gehiago. Eta ere, nire helburua da gazteei pasaraztea dakigun hori, pretentsiorik izan gabe, baina nahi nieke gazteenei irakatsi dakigun hori, segi dezaten. Uztarturik noski, gaurko bizimoduari eta kulturari. Uste dut osotasun bat dela.

Doinu eta hitzetatik haruntzago, kantu hauek iraganeko bizimodu eta bizipenen transmisioa ere badute berekin?

‘Ikazketako mandoa’ 19. mendean, izugarrizko arrakasta izan zuen kantua da esate batera. Abesti honek bai  Xiberoan, Nafarroaren bi aldeetan, eta ziurrenik baita Gipuzkoa eta Bizkaian ere sona handia izan zuen. Elizanbururen ‘Ikusten duzu goizean’ baino lehen, kantu  hau arrakastatsua zen, edo orain ‘Xalbadorren heriotzak’ euskal munduan duen sonaren antzekoa izango zukeen honek ere. Hizkuntzan ere atzematen da baxenabartarra, nafarroa goiko  euskara, Irati Oihanaren inguruak hartzen ditu. Bettirri entzun dezakegu, galdetuko diozue zuen buruari nor demontre zen Bettirri hori? Bettirri Sanz, zen gosetearen pertsonifikazioa. Mandazaina zen, ofizio gogorra, bai mando bai mandazainentzat. Indarra izango bazuten behar zuten jan, eta etxerat arrimatuta guti zuten eta andreak haurrei jaten eman behar zien... Sanz izen hori beti jateari lotua da ‘Sanzibiri- sanzibiri’ abestian esate batera, konfiteroa aipatzen da...badira beste kantu batzuk ere, ‘Sanz’ deitura horri aipamena egiten diotenak,beti janaria eta gosetearen inguruan .
Gosete ziklikoa, 1840an izan zen iparraldean azken gosete handia, ez da hain urrun. Idorte handiak, ez gari ez artorik egin, goseak jendea.

2015ean grabatu zenuen aurreko diskoa,  denbora bat eraman dizu lan honek...


Angel Valdes Elkarreko ekoizle izandakoaren oso laguna naiz. Elkar ikusten genuen guztietan esaten zidan, egin behar nuela zerbait Joan Marirekin (Joan Mari Beltran). Joan Marik erran zautan nahi nuke Errege Balda ere han izan dadin eta, horrela lagun honez inguratuta egin dut lan hau.

‘Esperantza gabeko amodioa? Bai pieza ederra...


Bai, Xalbadorren bertsoak dira. Doi-doi nahi nuke esan enetako dela Xalbadorrek egindako pieza ederrena. Behar da gauza bat jakin, urrunxka behar da joan. Gure arroaz aurreti behar da joan Erromara, bazen lukrez bat, eta lukrez hark Epikuroren dizipulu bat zen eta idatzi zuen obra zoragarri bat ‘Natura’ izenekoa. Latinaren ezabatzearekin eta, obra hori desagertu zen nehork ez zekien obra hori bazenik ere. Baina italiar batek, ez dakit nondik nora, bat topatu zuen Alemaniako fraidetegi batean 14 menderen buruan. Eta berriz plazaratu eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen, Frantzian Montaigne eta halako poeta handiek irakurri zuten ‘Natura’ hori. ‘Natura’ da, bistan dena naturari omenaldi bat, amodioari omenaldi bat eta baita Venus jainkosari omenaldi bat ere. Orduan bazen Joanes Ezponda, Ingalaterran, Suitzan, oso ezaguna, beranduago Victor Hugok ere, irakurri zuen ‘Nature’. Gauza harrigarria da, ez dut uste Xalbadorrek irakurri zuenik obra hau, baina pieza hauek egin zituen,  eta  Victor Hugoren obrak bezain onak ene ustez.  Hori da artistaren genea, nahi baduzu, hori da izugarrikeria bat. Eta gainera, bertsolari bezala hori plaza batean botatzea.... Amurizak zioen gisan, bat-bateko mirakulua...

Errege Balda eta Juan Mari Beltran izan dituzu lagun diskoan, zer eman dio bakoitzak lan honi?

Joan Mari aspalditik ezagutzen zuen, eta sarri egin izan dut berekin lan.  Famaz ezagutzen nuen Errege, baina ez bestela, eta orain ezagutzeko aukera izan dut eta lagun onak bilakatu gara. Nik ez dut musika ezagutzen eta pazientzia izugarria izan du Erregek, baita Joan Marik ere ene segitzeko. Grabaketa hemen bertan egin dugu elkarreko estudioan, Donostian, azkenetakoak izan ginen grabatzen estudioa Adunara joan aitzin. 14 pieza dira, badira batzuk, baina estudioko lagunak harrituta geratu ziren, bukatu genuen lanik astunena arin, joan da iturriko ura bezala, erraz... aurrez lan asko eginda ginelako noski.


‘Erronkari’ izeneko kantuak jota ikutuekin, Nafarroa aldera garamatza...

2000. urtean egin genuen ‘Ama’ izeneko pieza bat eta han ospatzen genituen bi artista handi Julian Gaiarre eta Etxahun Iruri. Eta hor irudikatu nuen artzain bat Erronkaritik, Belagoatik Berdeetarako bidea egiten, bakarrik, bere maitea herrian utzirik. Eta honi esaten dio itzuliko dela dantzatzera eta Don Julianen musika entzutera, zeren Gaiarre star bat zen garaian Europa guztian. Eta badut holako kantu honen amaitzean bihotz ximiko bat, zeren beldur naiz azken  artzainak direla erronkaritik berdeetarako bide hori egiten, gazteek ez dakit segitzen ote duten...hori ere ofizio oso gogorra da. ‘Ama’ izeneko ikusgarri horretan sortu zen ‘Amaren alabak’ proiektua ere, Mixel Etxekopare ere taretan zela.

Transmisioa da lan honen hitz gakoetako bat...

Poetek beti ukan dute euren barrenean segidaren kezka. Bai Elizanburuk, edo Xalbadorrek berak ere  noizbait artzain etxolari egin zion kantu bat, eta erraten zuen  eta igorriko dizut ordaina, beti segidaren kezka. Etxahun Barkoxek ere erraiten du ezagutu dituela pistan XIX. mende erditsutan artzain gazte batzuk, mutiko gazteak ziren eta Etxahun ongi artatu zuten, ahal bezala. Han ere gosea ez zen urrun, zazpi lagun eta zazpi zakur, denek jan behar eta Etxahun han zen iheslari bezala, zeren bazuen zerbait egina, jendarmeak atzetik zituen. Artzain mutiko horiek, gerizatu zuten, eta trukean  Etxahunek, hauek gustuko zituzten neskatilei esaten die mutiko haiek zintzoak eta garbiak direla eta konfiantza izan dezaketela eruengan. Beti hori segidaren, etxearen segida gogoan.

Txoriek ere presentzia handia dute zure lanean, ‘Erresiñula kantari’ disko honen izaneburua, aurreko lanean ere ‘Belatxa’...

Bai garrantzi handia dute, eta pena da, zeren Zuberoan egun, ez ditugu txoriak abesten entzuten. Ez dakit ze pasatu den, beste norabait joan diren, goseak hil edo pozoituak izan diren...Duela hogei bat urte, ene etxe ondoan, bada oihan handi bat eta han ekainaren hasieratik San  Joanetara, eguzkia atera aurretik txorien kantu ederrak iratzartzen ninduen... orain ordea ez. Txoriak desagertzen badira haien harrapakariak ere bai, kate bat da dena.
Iaz ez nuen kukurik entzun, aurten entzun dut bat urrutian.  Txoririk eta erlerik ezean... Einsteinek esan zuen erleak desagertzen badira gizakian ez duela zazpi egun baino gehiago iraungo.

40 urte dira lehen diskoa plazaratu zenuenetik, atzera begiratuta, zer ikusten duzu?

Lehenik poz handi bat, 40 horien ospatzeko. Lehen kantu a cappellak leku gehiago zuen. Ni ibili naiz Erramun Martikorenarekin asko. Eta lehen gertatzen zitzaigun hemen Hegoaldean, Erramun hasten zen abesten eta kopla bakoitzaren ostean jendea hasten zen esku-zartaka bertsolaria bailitzan, eta hark argitu  behar izaten zuen bera ez zela bertsolaria abeslaria baizik eta bertso haiek ez zirela berak jarriak. Jendea joan zen pixkanaka ikasiz.  Ni Erramun baino gaztetxeago naiz, eta ez dut ukan behar izan horren oroitarazterik. Eta Benitok ere Xiberoko kantuak plazaratu ditu bestaldian eta horrek ere lagundu digu gu errazago sartzen hemen Hegoaldean.

‘Europari’ diskoko azken kantua.

Gaurko gaia da sekulan baino gehiago. Kantu hau pastoral baterako egin nuen eta hilabete batzuk lehenago Jean Haritxelar hil zen, eta hark esaten zuen euskalduna naiz jaiotzez, frantsesa legez eta europarra ametsez. Ikusi dugu Putinen basakeriekin Europa berriz nola iratzarri den, baina nik ez dut Europa horretan sinisten. Hori da berriz ere gas-fabrika bat, eta 27 horiek ez dute benetako Europa eginen. Milaka urteren buruan hemen gara, eta beharbada guk ez dugu ikusiko, baina nik amesten dut gure ondorengoek ikusiko dutela funtzionatzen herrialdeen Europa bat, Suitzaren modura duena funtzionatzen, edota estatu batuetan bezala. Ez dute gauza on askorik baina hori bai, lehendakari bakar bat eta herrialde bizkorrak eta elkarri atxikiak. Nik sinesten dut Europa horretan.

Diskoa kalean zuzenekoak badatoz?


Bai, Urdiñarben, Iruñean, Baionan, eta Donostian ere baditugu datozen asteetan emanaldiak.