IRRATIA

«Garai hartan balleta oso elitista zen»

Txikitako gaixotasun arraro batek eraman zuen Katixa Perea ballet-a ezagutzera, eta ordutik bere pasioa transmititzen dihardu. Hiru urterekin hasi zen Tolosako ballet eskola batean, eta orain bera da irakaslea. 

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Katixa Agirrek balleta du zainetan. Hiru urterekin hasi zen eskolak hartzen eta Madrilera Carmen Rocheren eskolara 14 urterekin joan zen: «ilusioz beteriko erabakia izan zen, hasieran ez zara konturatzen zein zaila dan etxetik urruti egotea baina gero konziente izaten hasi nintzen eta gogorra izan zen; baina berriro egingo nuke»

Gurasoen aldetik beti jaso du babes handia, «garai hartan ballet-a ikusten zen oso elitista bezala; izugarrizko zortea izan dut, gurasoek beti babestu didatelako. Kanpora joan nintzenean badakit askok komentario krudelak egin zizkietela»

Dantzan ari zela, kasualitatez dantza eskola batzuk emateko aukera izan zuen Flamenko dantza eskola batean, eta ordutik irakaskuntzan murgilduta dabil; «asko ikasi nuen flamenkoko ikasleekin, batzuk ni baino zaharragoak ziren, baina elkarlana egin genuen eta hasi nintzen konturatzen oso esperientzia aberasgarria zela»

Ikasketak amaituta atzerrira dantzatzera joateko aukera izan zuen, baina irakaskuntzan sakondu nahi zuela konturatu zen. Carmen Rochek ere bere eskolan lan egiteko aukera eman zion, baina «iritsi zen momentu bat erabaki bat hartu behar nuena, eta etxera bueltatu nintzen; itzulera oso polita izan zen». Harrezkero, hainbat eskolatan dabil eta ballet-ak guztioi eskain diezagukeena aipatu ditu; «enpatia lantzen dugu, burua eta gorputzaren ezagutza, musikarekiko sentsibilitatea…»

Ballet-aren historiari buruz ere kontu interesgarriak aipatu dizkigu, eta baita ballet-aren eta euskal dantzaren arteko harremanaz ere: «Erromantizismo garaian drama handiko ballet-ak sortu ziren, eta folklore dantza txertatu zuten; Luis XIV.ren ezkontzan sei dantzari euskaldun joan omen ziren dantzara eta horrela bi pausu berri sortu zituzten ballet-aren metologian euskal izenekin». Garai hartan, gainera «gizonezkoek zuten pisu nagusia, gerora hartu zuten emakumeek indarra eta gaur egun bien papera oso berdina da koreografia neoklasikoetan, adibidez». Hala ere, oraindik proportzioan oso gutxi dira ballet-a ikasten duten mutilak eta askotan hitz itsusiak ere entzun behar izaten dituzte. «oraindik asko daukagu lantzeko, nere semeak ballet-a egiten du eta oraindik entzuten ditugu komentario batzuk…»

Iaz Tolosako dantza tailerrak bere 25. urteurrena ospatu zuen, eta oso berezia izan zen: «Ibilbidea errepasatzerakoan negarra egiten nuen; borroka handia izan da, erakundeen aldetik ez delako egiten dantzarekiko apostu sendo bat. Hala ere, eskola polita sortu dugu»