IRRATIA
Entrevue
MIkel Izagirre
Lantziegoko Erroiz Olioa

«Olibadia izango da errentagarria bada»

Oliba olioa goia jota dabil, prezioak sekulako gorakada izan dute eta ardura handia eragin du ekoizle eta kontsumitzaileengan.

Erroizeko olioa (Erroizeko olioa)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Gaia lantzeko parada egokia iruditu zaigu honakoa baina ez diogu merkatuari eta prezioari bakarrik erreparatu nahi, sektorea ezagutu nahi dugu eta funtzionamendua ulertu. Izan ere, Euskal Herrian bertan badaude zenbait olio ekoizle. Nafarroa hegoaldean bezala, Arabar Errioxan ere baditugu olibaren eratorriak lantzen dituzten etxaldeak Lantziegoko Erroiz Olioa, esaterako. Mikel Izagirre arduradunarekin izan gara.

Azken boladan ari zarete zer esana ematen.

Tira, gu baino gehiago, merkatua dabil zeresana ematen. Guk nahiko genukeena da ditugun aukerak aprobetxatu Arabar Errioxako olioa ezagutaraztera emateko.

Klima mediterranearrean kokatzen ditugu olibondoak baina Euskal Herrian ibilbide luzea dute. Lurralde egokia da?

Pentsa arabar Errioxako olibadiak 2.000 urte dituela. Urte horietan gure barietate propioa sortu da Nafarroa erdialdeko eremuarekin, Lizarraldearekin. Arroniz barietatea da hemen lantzen dena, beraz, badugu historia, kultura eta tradizio nahikoa. Barietate honen berezitasun handienetako bat da loralditik fruitua eman arte pasatzen den denbora oso motza dela. Normalean, apirilean edo maiatzean loratzen da olibondoa; gure barietateak, berriz, ekainaren erdialdera arte -beroa, lehorra eta eguzki orduak izan arte- ez ditu loreak ateratzen. Hala ere, uzta jasotzeko unea ez da atzeratzen, urri amaieran prest dago jasotzeko. Beraz, hilabete t’erdi, bi hilabete t’erdi gutxiago behar ditu fruituak eta hori bertako klimara egokituta dagoenaren seinale da.  

APRORA elkarteak 2023 hasieran, iazko ekoizpena, historikoki baxua izan zela adierazi zuen. Iaz lehortea bezala, aurten eguraldi aldakorra izan da eta ekainean harri dezente izan zen. Ze egoera bizi du sektoreak Araban? Gertakari puntualak dira edo joera bati erantzuten diote?

Bi egoera desberdin elkartu dira eta biak gure kontra. Bi urtetan jasan dugu lehortea eta, azken asteetan euria bota izana aurtengo ekoizpenari begira berandu bada ere, zuhaitzari eta aurrera begirako ekoizpenari lagunduko dio. Iazkoa historikoki eskasa izan zen eta aurtengo aurreikuspenak zoragarriak ez badira ere, pixka bat hobeak dira.  

Lehorteak halako eragina badu, baliteke olibadiak ureztatze-beharrak dituen landaketan bilakatzea?

Zabaldutako ustearen kontra, olibadiak ur premia du eta dezentekoa gainera. Baina eguzkia ere behar du eta ureztatzea positiboki ikusten dugu. Arabar Errioxan badaude zenbait sistema martxan eta  beste batzuetan orain ari dira lanketa horietan. Urteroko uzta mantentzeari begira interesgarria da.

Lehen sektorean erreleboa emateko zailtasunak aipatzen dira. Olibadiak ez dira salbuespen.

Olibadia izango da errentagarria bada eta, bestela, ez da izango. Nekazariak eskubide batzuk ditu, bizitzeko egiten du lan eta bizitza duin bat besterik ez du bilatzen. Orduan, prezio duinak ezarri behar dira, oreka bilatu eta segurtasuna nekazariarentzat. Hori lortzean egiten du sektoreak aurrera.

Uztaren gora-beherek, ordea, eragina dute nekazariaren lan-baldintzetan eta baina produktuaren salneurrian ere. Iazkoa urte txarragoa izan bazen, zergatik ari dira prezioak hainbeste igotzen?

Ez dago zergati bakarra. Pasa den urtean hemengo uzta oso kaskarra izan zen eta aurten Espainiakoa. Ekoizpen txarra espero zuten eta are txarragoa izango dela dirudi udako bero handiegiak loreak erre dituelako. Kontuan hartuta Espainiar estatuan ekoizten dela mundu osoko ia % 50, beraz, Espainian gertatzen denak mundu osoan duela eragina. Gu oso txikiak gara eta gure txikitasunak merkatu horretatik kanpo bizitzea ahalbidetzen digu, prezioak erregularizatzen badizkigu ere.

Alabaina, prezioaren igoeran bi zergati bereizi daitezke: lehena, uzta jaitsierak nekazariengan eragina izango duela eta, beraz, hobeto ordaindu beharko zaiela oliba kiloa; bigarrena, eta nagusiena, stock-a zenbatekoa den, alegia, merkatuan salgai geratzen den olio kantitatea oso txikia dela. Prezio igoera salmenta hori erregulatzeko modua da. Horrek espekulazioa sortzen duela eta jende bati diru asko eman diola iaz oliba hori salu zuen nekazariak zentimorik ikusi ez duen bitartean? guztiz egia da.

Hala ere, badago beste mundu bat linealetatik eta hainbeste entzuten den prezio igoeretatik kanpo non bagauden ekoizle txiki mordoa eta prezioak ez diren hainbeste mugitu.  

Linealetatik kanpo egonagatik, Euskal Herrian behintzat erakutsi da beste merkatu bat posible dela, are gehiago, horrek merkatuaren kontrola izatea ahalbidetzen duela.

Bai. Zuzeneko salmentak bide ematen du. Gainera, gure merkatua nahiko leiala da, hau da, oliba beti ekoizle berdinei erosten diegu eta olio erosleak ere nahiko finkoak dira. Bestalde, balore batzuk ditugu: saiatzen gara ahalik eta kalitate onena ahalik eta prezio onenean saltzen, beti ere, nekazarien duintasuna, bizitza kalitatea eta eroslearen eskubideak bermatuz.