IRRATIA

Bihodi, txistua eta organua jolasean

Bihodi proiektua aurkeztu digute Peio Irigoien eta Ignacio Arakistainek. Bataren txistua eta organua uztartuz tradiziotik modernitatera jolas eginez, musikarekiko sentitzen duten grina helarazi nahi dute errepertorio zabal eta zaindua publikoari eskainiz.

Ignacio Arakistain eta Peio Irigoien (BIHODI)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Peio Irigoen (Irun, 1992) eta Ignacio Arakistain (Azpeitia, 1998) 2018ko udazkenean elkartu ziren Bihodi Proiektua abian jartzeko: koneksio humanoa berehalakoa izan, zen eta artistikoa ere bide beretik, erraza eta naturala. Irigoienek txistua eskutan, Arakistainek berriz organoa, bi instrumentu tradizional hauek batu eta  jolaserako esparrua arakatu dute, bi musika-tresnak bere ohiko lanetatik aterata.


Horrela, tradizioa eta abangoardia uztartuz bi musikariak errepertorio zabal eta askotarikoa osatuz joan dira, Bach, Hotteterre edota Vivaldiren lanak, txirula eta teklazko instrumentu batentzat idatziak jatorrian, edota , XX. Mendean Gorka Cuesta, Naji Hakim eta Tomas Garbizuk idatzitako piezak landu eta grabatu dituzte.Zuzenekoen indarra azpimarratzen dute Peio Irigoien eta Ignacio Arakistainek, izan ere, elizetan izaten dira emanaldi gehienak (bertan daudelako ohikoan organoak) eta organo bakoitzak bere soinua badu, eliza bakoitzak bere akustika ere bai, beraz errezital bakoitza bakarra da, testuingurura egokitutako errezitalarekin. Musika emanaldi soil bat eskaintzetik haruntzago doa musikarien asmoa, esperientzia sentsorial erabatekoa: doinua, bibrazio eta inguratutako artelanez gozatuz.Grinaz hitz egiten dute musikaz, bere proiektuaz, eta grina hori helarazi nahi dute entzulearengan ere.Euskal Herrian hainbat emanaldi eskaini ostean, gure mugetatik haratago doaz datozen zuzenekoetan: Andorra eta Madril bisitatuko dituzte.

Diskoa grabatzeko asmoaz galdetuta, ez dute baztertzen, baina, egitekotan, zerbait zaindua, mimoz egina egin nahi lukete, azalpenekin lagundutakoa, liburu-disko formatuan beharbada, baina hori oraingoz ez da lehentasuna. Emanaldiak ikus-entzunezko txukunetan jaso eta sare sozialetan zabalduz jarraituko dute oraingoz, helburu nagusia bere doinuak publikoari iritsaraztea baita.