IRRATIA

Ahozko tradizioa gazteen neurrira

Mendeetan ahoz aho transmititu izan diren kontakizun, balada,  kantu, esaera eta igarkizunak jaso ditu Juan Kruz Igerabidek gazteei zuzendutako ahozko euskal literaturari buruzko antologian.

'Ahozko euskal literatura: antologia bat' liburuaren azala (Alai argitaletxea)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Ahozko euskal literatura: antologia bat (Alai) liburua argitaratu du Juan Kruz Igerabidek. Ahozko tradizioa gazteentzat tentagarri izateko helburuarekin ehundutako lana da. Itxura batera, aspaldiko kontuak, eta gazteentzat urrunekoak iduri balezakete ere, ez da halakorik. Nahikoa da Igerabidek jaso dituen hitzetan pixka bat arakatzea, ohartzeko, duela bi mende eta orain, grina, pasio, kezka, min, borroka eta itxaropen bertsuak mugitzen dutela mundua.


Lertxundi, Laboa, edota Imanolek besteak beste musikatu dituzten piezak dira beharbada ezagunenak (Berreteretxeren kanthoria,Atharratze jauregian, Xori erresiñula),  baina hauekin batera horren ezagunak ez ditugun altxorrak jasotzen ditu liburuak.Liburuaren egiturari dagokionez, tarte zabala eskaini nahi izan die idazleak baladei, irakurle gazteak gogoan,  durduzagarriak diren gatazka eta sentipenak jasotzen dituztelako hauek.

Atal berezia dute maite-baladek, emozioz eta zirraraz borborka dauden kontakizunak.Koplak ere jaso ditu, hauen bizitasuna nabarmenduz, eta galbahea estu pasa du atsotitzak jasotzerakoan. Nekazaritza mundutik datozenak izaki asko, egungo hizkeratik ulergaitzak gerta daitezkeelako, eta horretaz, bere esentzian irakurlearen baitan zerbait mugiarazi dezaketenen aldeko hautua egin du idazleak. Igarkizunek ere badute bere atala, eta ahozko tradizioko elezaharrek ixten dute lana.

Altxor bat, adinak adin, bihotz-gazte guztientzat opari.