IRRATIA

«Pentsatzen duguna baino lotura handiagoa du ijito herriak Euskal Herriarekin»

Ijito herriak, bertako emakumeek eta gure gizarteak dituzten erronken inguruan hitz egitera etorri da gaurkoan Palmira Dual Jimenez, Kera elkarteko kidea. 

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Gizakia bizitzeko prestatzen den eraikina izan daiteke etxe bat, baita erosotasuna, hizkuntza bat edo pertsona bat ere. Kultura bat izan daiteke, bizitegi, bizileku edo familia. Erromitxelaz, Euskal Herriko ijito herriaren hizkuntzaz, etxea Kera da, horregatik hartu dute Kera elkarteak haien izentzat. Haien kultura eta herria biltzen dituen hitza baita. 

Palmira Dual Jimenez elkartekidea izan dugu gaur Bigarren Kafean. «Pentsatzen duguna baino lotura handiagoa du ijito herriak euskal herriarekin», azaldu du, eta gehitu du hori hala bada ere, oraindik diskriminazioa jasaten dutela. Kera elkartearen lana horri bira ematea da, eta emakume ijitoen inklusioa lortzea. 

«Historiako parte askotan gaude, eta hori inbisibilizatuta dago; ezezagunak gara, eta ondorioz, diskriminatuak», dio Dualek, eta horregatik hitzaldiak eta emakume taldeak lantzen dituzte. Haientzat garrantzitsua denez gizarteak beren errealitatea ezagutzea lanketa asko egiten dituzte, eta baita sentsibilizazio lanak ere. Beraz, gu ere sentsibilizatzera etorri da gaurkoan Palmira Dual Jimenez, Bigarren Kafera.