«Argi dugu euskaldun eta katalanek nazio-auzia erdigunean jarri nahi dugula»
Oihana San Vicente Sortuko eledunak NAIZ irratiko estudioa bisitatu du asteazken honetan. Euskal Herria aukera historiko eta garrantzitsu baten aurrean dagoela azpimarratu du San Vicentek. Nazio-auzia erdigunean jarri eta herri gisa jokatzearen beharra azpimarratu ditu, besteak beste.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Gudari Egunaren bezperetan, irailaren 23an VI. Nazio Konferentzia eta nazio ekitaldia egingo du Sortuk, nazio askapen mugimenduaren helburuak berretsi eta ziklo politiko berriari indarrez ekiteko asmoz. Testuinguru berezian ospatuko dute: «Euskal Herriak dituen erronkei begiratuko diegu, baina noski, egun Madrilen dugun agertokiak ere baldintzatuko ditu hurrengo hilabete eta urteak».
Irailaren 27aren datak aurtengoan baina, bestelako arreta mota bat ere jasoko du, Espainiako Gobernurako inbestidura saioaren bigarren eguna izango da-eta. San Vicentek azpimarratu du Sorturentzat garrantzitsua dela lasaitasunerako eta diskreziorako unea dela ulertzea. «Aukera historiko baten aurrean gaudela koziente gara eta horren arabera jokatzen ari gara». Horretaz gain, ezkerreko independentismoak Euskal Herria eta euskal herritarrentzat onurak ekarriko dituen urratsak emateko duen borondatea argi utzi izan duela gehitu du Sortuko kideak, «plano sozialean bereziki».
Oraingo testuinguruan baina, elementu bat gehitu zaiola nabarmendu du. Autodeterminazioaren gaia eztabaida politikoaren erdigunean dagoela azaldu du, independentismo katalan eta euskalduna ezinbesteko bilakatu baitira Pedro Sanchezen inbestidurarako. Independentismoek nazio-auzia erdigunean jarri nahi dutela azaldu du San Vicentek, «Estatuari beste behin esaten diogu konpondu gabeko gatazka politikoak dituela eta badela momentua bide demokratikoetatik eta elkarrizketaren bidez eta judizializaziotik eta errepresiotik kanpo» aterabideak ematen hasteko. Honakoa «beti egin izan duten» aldarria dela gaineratu du, baina oraingoan, eskuinari eta ultraeskuinari hauteskundeetan ateak itxi ostean, independentismoaren erabakigarritasunak aukera bat zabaldu duela azaldu du; «jauzi berriak emateko moduan egon gaitezke» ikuspegi nazional zein sozialean.
Herri erronkei herri gisa erantzuteko unea
Lizarra-Garaziren akordioak 25 urte bete zituen atzo. San Vicenteren ustetan, irakaspenak irakaspen, gaurkotasun handia duen hausnarketa bat izan zuen muinean akordioak: une garrantzitsu baten aurrean gaude eta naizio-auzian nagusiki urratsak emateko unean egon gaitezke. Baina gure ustez, hori herri gisa egin beharko genuke, eta ez alderdi gisa». Euskal Herriak bizi duen une politikoak gehiengo handiak, aliantza zabalak eta herri gisa ekitea behar duela uste du. «Adostasunak hemen euskal herrian berriro lortzen saiatzeko unea da».
Sortuko kidearen aburuz, adostasun eta gehiengo horiek artikulatzea garrantzitsua da Madrili begira, baina baita Euskal Herrira begira ere. Erronka propioei erantzuteko tresna baliagarria baita aldi berean. Hezkuntza da horren adibide. Datorren ikasturte politikoa baldintztauko duen auzietako bat izango da EAEn.
Hezkuntza legeari dagokionez une erabakigarri batean gaudela deritzo. «Iruditzen zaigu adostasunerako eta legea aurrera ateratzeko aukera dagoela, borondate politikoa baldin badago». Hezkuntza publikoa indartzea gakoetako bat dela azaldu du San Vicentek, hezkuntza kalitatea hobetzea edota segregazioari aurre egitearekin batera. Eta legea onartuta ere, aurrera egiten jarraitu beharko dela nabarmendu du. «Herri gisa pentsatu, aritu eta egitea» nahitaezkoa da Sorturentzat.